Oso ohikoak omen dira Bizkaiko golkoan. Portuetatik haratago, hogei miliak gaindituta, urtero sortu ohi dira. Eragin handia dute ekosisteman, eta horregatik dira, hain zuzen, ikertzaileen interesekoak. Ozeano zurrunbiloen barnealdea ikertu ahal izan dute Pasaian Azti-Tecnaliako ikertzaileek lehenbizikoz.
Ainhoa Caballero Azti-Tecnaliako ikertzailea da proiektuaren ikerketa burua. Zehaztu duenez, “ixten doan ur korrontea da zurrunbiloa, zirkulazio biribilekoa”. Diametro handiko zurrunbiloak dira aztertu dituztenak, portuetatik ikusi ahal direnetatik oso bestelakoak, handiagoak: “Ehun kilometroko diametrokoak dira ur azalean, eta milaka metroko sakonerakoak”. Caballerok azaldu duenez, baina, ur korronte geldoak dira Bizkaiko golkokoak, “oso makal” irauli egiten diren zurrunbiloak, “ia-ia oharkabean”.
Ozeano zurrunbiloak airetik baino ezin dira ikusi. Horregatik, orain arte sateliteen, eredu ozeanografikoen eta buien bidez aztertu izan dituzte. Ikerketaren berritasun nagusia, ordea, lehenbizikoz barnealdetik ikertu izana da. Izan ere, sateliteko irudien bidez jasotzen duten informazioa ez da nahikoa Azti-Tecnaliako ikertzaileek osatu nahi duten informaziorako. “Guk nahi genuen gehiago ikertu, oso fenomeno ohikoa delako gure kostaldean”, zehaztu du Caballerok. “Urtero-urtero sortzen dira ozeano zurrunbiloak gurean, mendebaldetik etortzen den korronte baten ondorioz”. Urtarrilean edo otsailean gertatu ohi da fenomenoa.
Tokiko zurrunbiloa aztergai
Horrez gain, bada zurrunbilo zehatz bat ikertzaileek sakonago ikertu nahi dutena. “Normalean, zurrunbiloak hemen sortu eta gero mendebalderantz joaten dira”, azaldu du Caballerok, “baina bada zurrunbilo bat hemen hilabeteetan geldirik geratzen dena, eta jakin nahi dugu zer dela eta”.
Fenomeno zehatz hori aztertzeko, beharrezkoa da zurrunbiloaren sakonera ezagutzea, eta satelite bidezko irudietan azalera baino ez da ikusten. Horregatik, oso garrantzitsua izan da in situ eta hiru dimentsiotan irudiak bildu ahal izatea. Horretarako, Glider izeneko itsaspeko hegazkin motorgabearen laguntza izan dute ikertzaileek. Lehen aldiz erabili dute halakorik Gipuzkoan. Kanaria uharteetan flota bat dago, eta beste bat Mallorcan (Herrialde Katalanak). “Guk eskatu genuen zurrunbiloak ikertzeko, eta Frantziako Glider bat erabiltzeko baimena lortu dugu”, kontatu du Caballerok. Hamar Glider-eko flota dute Frantziako institutuan, eta bertakoek aparatua eta pilotua, biak utzi dizkiete. Hegazkin motorgabea urrutitik gidatzen dute, ordenagailu bidez: posizioak aldatu, bateriak, sensoreak… guztiaren jarraipena lehorretik egiten dute.
Hainbat ondorio
Uztailaren 22tik irailaren 24ra bitartean aritu dira datuak biltzen, eta oraindik ere asko dute ikertzeko, baina Caballero bada zerbait aurreratzeko moduan: “Badakigu zurrunbilo bat baino gehiago zeharkatu ditugula, hiru zehazki, eta argi ikusten da uraren propietateak nola aldatzen diren; tenperatura, gazitasuna, klorofila…”.
Edonola ere, oraindik asko dute ikertzeko. Izan ere, bertako ekosisteman nola eragiten duten hobeto ezagutzea da asmoa, eta horretarako lana dute aurretik.
Leave a Reply