Mandoa eta idia kanpora

Aurtengo Gabonetan arbolatxoa jarriko dugu betiko moduan. Esan nezake Gabonak pitokeria bat iruditzen zaizkidala, kontsumismo hutsa besterik ez dela eta ez dudala ospakizun erlijioso horretan sinesten. Esan nezake, eta esaten dut, benetan hala sinesten dudalako, baina batzuetan moralak irrist egiten dit arrazionaltasunaren esku artean ilusio zirrikitu bat aurkitu orduko. Ba bai, gogoko dut Gabonetako arbola bat etxeko egongelan, koloretako argitxoekin. Piztu-itzali horrek egiten duen soinu xumeak haurtzaroko oroitzapenak ekartzen dizkit.

Jesusen jaiotzarik ez dugu jarriko, hori ez, ilusioaren eta hipokresiaren arteko marra gehiegi lausotzea izango litzateke. Baina jarri behar dutenentzat datu bitxi bat eman du aurtengoan Aita Santuak. Ebanjelioaren interpretazio berri bat egin ondoren, mandoa eta idia ez omen zeuden Belengo portalean. “Izorrai!”, zer egin orain idia eta mandoa aipatzen zituzten gabon kantekin? Eta etxeetan soberan geratu diren bi figuratxo horiekin? Niri eman. Elizak baztertutako mando eta idiak adoptatzea erabaki dut. Gabonetako plastikozko arbolaren azpian ederki emango dute; kolore, neurri eta material ezberdinetako kuadrilla dotorea osatuko dut, eta ondo zainduko ditut. Ez diet galdetuko Jesus haurtxoa jaio zen gauean non krixto zeuden, berdin zait. Gainera, horiek Aita Santuaren lanak dira, nik diren bezala maitatuko ditut.

Bitxia da, hala ere: behin hasiko ebanjelioaren interpretazio berri bat ematen, eta bi animalia horiek kentzea bakarrik okurritu zaio? Beste guztia bere horretan mantenduko duela dio; eta, noski, Mariaren birjintasuna azpimarratu du behin eta berriz. Barkaidazue, baina gustura ikusiko nuke Jose gizajoak jarri zuen aurpegia Mariak haurdunaldiarena kontatu zionean: “Laztana, Espiritu Santuak haurdun utzi nau”. Erraz esaten da! Ez dut hasi nahi jendearen erlijio sinesmenak astintzen, baina birjintasunaren kontu hori agian sinesgarriagoa da meza batean abesteko etxeko sukaldean zeure andreari entzuteko baino.

Leave a Reply

Your email address will not be published.