Mundua argazki txikiz osatutako irudi erraldoia da. Bakoitzak aurrean duenari ateratzen dio argazkia, eta horrela nork bere errealitatearen albuma egiten du, ikusten duen mundu zati ñimiñoarekin. Jokin Izagirrek eta Txomin Barandiaranek euren albuma aberastu nahi zuten, ezagutzen zuten errealitatetik aldendu, eta bestelako argazkiak atera; asmo horrekin abiatu ziren 1995ean Ruandara. 1998an berriro joan ziren, eta itzultzean, eurek ateratako argazki hori lazkaotarrei erakustea erabaki zuten. Orduz geroztik, Ruanda lazkaotarrengandik hurbilago dago; aurten ere, hainbat ekintza antolatu dituzte herrialdearen alde.
Halaxe jaio zen Izagirreren eta Barandiaranen eskutik Rwanda Elkartea; mundua ezagutzeko irrikak eta laguntzeko gogoak bultzatu zituen biak genozidioa pasatu berri zuen herrialde afrikar hartara joatera. Lehen bidaia haietan, lazkaotar bat izan zuten lagun: Leonardo Esnaola misiolaria. “Ez genuen ezagutzen, baina harremanetan jarri ginen, eta oso ondo hartu gintuen”, dio Izagirrek. Bidaiak hiru astekoak izan ziren, eta, bi goierritarrak lanean aritu baziren ere, “egun gutxi izan ziren”, eta egindakoa ez zela nahikoa sentitu zuten. Han bizi izandakoak hausnarketa eragin zien bi lagunei. “Geure buruari galdetu genion zer egin genezakeen gehiago laguntzeko”, eta galdera horren erantzuna da, hain zuzen ere, Rwanda Elkartea.
Elkarteak hezkuntzaren inguruko proiektuetan egiten du lan, batik bat. Esaterako, Ume txokoa deitzen dioten proiektu bat dute abian 2000. urtetik. “Zenbait arazo direla medio, Ruandako gaztetxo asko ezin dira joan eskola ofizialera”; horregatik, elkarteak proiektu horren bidez, gaztetxo horiek alfabetatzen dihardu. “Goizez zenbait ordu ematen dituzte eskolan. Gainera, bazkaria ere ematen zaie; alde batetik, eskolara joatera animatzeko, eta, bestetik, ondo elikatuta egoteko”, azaldu du Izagirrek. Horrez gain, eskola ofizialerako ere hainbat proiektu garatu ditu azken urteetan Lazkaoko elkarteak Gihara herrian.
Proiektu horiek gauzatzeko, ezinbestekoa da Ruandako jendearekin harremana izatea. Hango informazioaren berri izan behar dute, zein behar dauden ikusi, eta horien arabera proiektu bat prestatu eta aurkeztu behar da. Behin hori eginda, dirua biltzen hasten dira, eta asko dira horretan laguntzen dutenak. “Alde batetik, San Benito ikastolak antolatutako ekintzetatik biltzen da dirua. Bestetik, Lazkaoko eta Olaberriko udalek diru laguntzak ematen dizkigute hainbat proiektutarako, eta, gainera, bada hilabetero dirua ematen duenik ere”, azaldu du Izagirrek.
Elkartasun ekitaldi ugari
Bistan da elkarteak Ruandako errealitatera hurbildu dituela lazkaotarrak. Alabaina, izenak bestelakorik pentsarazi balezake ere, elkarteak munduko beste zenbait errealitate ere gogoan ditu. Urtero, munduko auzi bati buruzko erakusketa antolatzen dute. “Besteak beste, Fiare proiektuaren eta Brasilgo lur gabeen mugimenduaren berri eman dugu urte hauetan”. Erakusketa horrekin hausnarketa eragin nahi izaten dute: “Pentsa dezala jendeak zer dagoen arazo horien atzean eta zer konponbide izan dezaketen”.
Aurtengo Gabonetarako ere antolatu dute argazki erakusketa; gaurtik hilaren 20ra arte ikusi ahalko da kultur etxean. “Malaire izeneko erakusketa izango da. Medicus Mundik osasunaren eta malariaren inguruko kanpaina bat egin zuen Txelu Angoitiak ateratako argazki bilduma hau baliatuz, eta erakusketarako utzi digute”. Bestalde, han bertan, bidezko merkataritza bultzatzeko, Beasaingo Herriak Elkarlanean erakundeak utzitako produktuak izango dituzte salgai. “Bidezko merkataritza hemen bultza dezakegun zerbait da, eta, beraz, horri ere garrantzia eman nahi diogu”.
Erakusketa ez da ekitaldi bakarra izango; San Benito ikastolakoek elkartasun jaialdia eta jostailu salmenta antolatu dituzte. Jaialdiak musika eta antzerkia izango ditu ardatz, eta Arerian izango da, gaur, 18:00etan. Jostailu salmenta, berriz, gaurtik igandera egingo dute, plazan, eta bigarren eskuko jostailuak nahiz liburuak salduko dituzte. Azkenik, ekitaldiekin bukatzeko, asteazkenean, abenduaren 18an, 21:30ean, Hotel Rwanda filma ikusteko aukera izango da Arerian.
Ruandara bidaia
Izagirrek dioenez, Rwanda Elkartea “oso proiektu txikia da, eta gertuko erakunde eta jendeari esker irauten du, ezagutzen dutenek ematen dioten babesari esker”. Eta, nola ez, elkarteko kideen ahaleginagatik. Elkarteari laguntzeko, erakusketak dirauen bitartean hara joateko dio Izagirrek. Badira “erakusketa ikusi eta laguntzeko borondatea” izan dutenak. Bestalde, ekitaldiak boluntarioen lanari esker egiten direnez, “norbait laguntzeko prest balego, erakusketan txandak egiteko, kasu”, gustura hartuko lukete. Edonola ere, batez ere, ekitaldietan parte hartzera animatu nahi du jendea.
Izagirre apal mintzo da euren lanaz: “Azkenean, ahal duguna egiten dugu, baina ez dakigu zenbateraino balio duen; gure aletxoa jartzen dugu, baina ez da asko”. Gainera, ez da erraza horrelako proiektu bateko kide izatea: “Egunero mila gauza daude egiteko, eta zaila da guztiak egitea”. Nolanahi ere, azkenean, “denbora zertan eman erabakitzean dago gakoa”, eta zailtasunak zailtasun, oraingoz behintzat, jarraitzeko asmoa dute. “Kezkak baditugu, eta batzuetan nekea nabari ohi dugu, baina atzera begiratzen dugunean, konturatzen gara zenbat gauza lortu ditugun”.
Datorren urtean, aurreko urteetan beste zenbait kidek egin duen moduan, Izagirre Ruandara joatekoa da; hamabost urte pasatu dira azkenekoz joan zenetik, eta badu gogoa egindako lana ikusteko. Ruandakoa, zinez, ez da oraindik ere album ederregia; bada zer hobetua. Alabaina, Izagirreri eta elkarteko gainontzeko kideei esker, egun duela hamabost urte baino argazki itxaropentsu gehiago dago bertan.
Leave a Reply