Deskargako mendatean, G-632eko lanetan ari zen kamioilari bat hil zen irailean. Orduan piztu zitzaien “argi gorria” sindikatuetako kideei, LABeko kide Alberto Cristobalen arabera. Lanerako baldintza hobeak egon arren, enpresek ez ikusiarena egiten dutela salatu du: “Administrazioa urrun gelditzen zaielako edo”. Aldundiak apiril amaieran aurkeztu zuen obra publikoetan langileen lan baldintzak betetzea ahalbidetzeko foru arau aurreproiektua, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin elkarlanean landuta.
Uztailean onartu zen araua batzar nagusietan, eta ardatza “Gipuzkoako hitzarmen kolektiboei, negoziazio bidez lortutako hitzarmenei, garrantzi handia ematea da”, Larraitz Ugarte foru aldundiko bozeramailearen arabera. Ondorioz, uztailetik hitzarmen horiek betetzera behartuta daude aldundiak kontratatutako enpresak, baita azpikontratatutakoak ere. Deskargakoak sortutako zalaparta medio, urraketak salatzeko bideak ere jarri dituzte martxan: helbide elektronikoa eta telefonoa, hain justu.
“Salaketa ipintzen denetik, obra bisitatu eta administrazioak neurriak hartu arte hilabeteak pasa daitezke, eta zerbait azkarragoaren beharra zegoen”, azaldu du Cristobalek, foru arauaren beharra arrazoituz. Hitzarmen kolektiboetan jasotzen diren neurriak betetzen diren aztertzeko eta ebaluatzeko, Ebaluaziorako Batzorde Teknikoa osatu zuten, ohartu zirelako “aldundiak sustatutako eraikuntzetan eta, oro har, Gipuzkoan egiten ziren eraikuntzetan enpresek ez zietela kasurik egiten herrialdeko hitzarmen kolektiboei”, UGTko Angel Ramosen arabera.
Aldundiak eta sindikatuek osatzen dute batzorde hori. Sindikatuen artean ELA falta da; foru araua egiteko prozesuan parte hartu bazuen ere, batzordean parte hartzeko garaian oharra bidali zion aldundiari, hainbat baldintza jarriz, eta hark ez zituen onartu. “Sindikatu baten nahiek ezin dutelako besteenen gainetik jarri”, CCOOko Txema Herreroren arabera. LABeko Cristobalen hitzetan, berriz, “ELAren jarrerak ez dio mesederik egiten langileen eskubideen aldeko borrokari”. Arau-hausteak honela kalifikatuko dituzte: arinak, larriak eta oso larriak. Arinak direnean, isunaren zenbatekoak ez du gaindituko kontratuaren aurrekontuaren %4; larriak direnean, aurrekontuaren %4tik %7ra bitartekoa izango da isuna; eta oso larrien kasuan, aurrekontuaren %7tik %10era bitartekoa.
Salaketarako bideak martxan daudenetik bi hilabete igaro ez direnez, ez dute abisu askorik jaso, baina orain arteko emaitzak baloratu egin dituzte foru arauaren egileek. Jaso direnen nolakotasunaz interesatuta dago Herrero: “Zein motatako kasuak salatzen diren jakin behar dugu. Edonola ere, jarraipen batzordeak abendurako bi data ezarri ditu bi obratara bisitak egiteko”. Ramosek ere garaiz dela uste du, “baina, luzera, positiboak izango dira neurriak, eta langileek lanaldi luzeei eta soldata baxuei aurre egingo diete”.
Zenbaitetan, salaketak jasotzen dituztenean, aholkularitza zerbitzua eskaintzea ere badagokie aldundikoei, Ugartek azaldu duenez: “Telefonoz eta posta elektronikoz hainbat mezu jaso ditugu, baina asko ez dira izan aldundiko obrei buruzkoak, eta, ondorioz, horien inguruan ezin izan dugu neurririk hartu. Kasu horietan, zalantzak argitzeko edo kezkak bideratzeko nora jo dezaketen esan diegu”. Neurriak har ditzaketen kasuetarako, berriz, foru arauak berak zehazten ditu mekanismoak, eta horretan ari direla dio Ugartek: “Horren adierazle izan ziren Deskargan izandako istripuaren ostean hartutako kautelazko neurriak; azpikontratatuko enpresa bat, lan horietatik kanporatu genuen”.
Ebaluaziorako batzordeak egiaztatzen du enpresek kontratuzko klausulak betetzen dituzten edo ez. Betetzen ez diren kasuetan, zigor proposamena ere egingo dio kontratazio organoari, aldundiari, alegia. Ugarteren hitzetan, “horrela, administrazioak bere buruari boterea ematen dio isunak jartzeko. Azken batean, kontratatzailea aldundia da, eta hark ziurtatu behar du gauzak ongi egiten direla”. Araua Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako departamentuan landu den arren, Ugartek nabarmendu du foru sektore publiko osoarengan izango duela eragina, aldundiak egiten dituen kontratazioetan, baita foru sozietate publikoek egiten dituztenetan ere: “Aldundiak ez du eskumenik kontratazio arloan eta lan arloan, eta, horren ondorioz, urteotan erakunde publikoak ez du arretarik jarri sektore horretako lan egiteko moduan”.
Foru arauaren helburua “langileen lan baldintzak errespetatzea” da, Ugarteren hitzetan. Baina polemika sortu du; izan ere, aldundiak urri amaieran jakin zuen Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijo gaia aztertzen ari zela eta estatuko abokatuak foru arauaren aurkako errekurtsoa aurkeztuko zuela. Horrez gain, foru arauaren aurkako helegitea jarri dute Eusko Jaurlaritzaren menpeko Konpetentziaren Epaitegiak.
Ugarteren ustez, “erakundeei dagokie herritarren ongizatea bermatzea”, eta aldundiak dituen ahalmenen arabera eskubide horiek berma daitezen lan egingo duela azaldu du. Gaineratu duenez, “argi dago herri honetan batzuei bost axola zaizkiela langileen lan baldintzak, eta, aitzakia bat edo beste hartuta, langileei geratzen zaizkien eskubide urrien aurka jotzea erabaki dute”. “Horren aurrean, aldundiak berak, batzar nagusiek eta sindikatuek foru arauaren defentsa sutsuan jarraitu dute, eta jarraituko dute. Bestelako eredu bat posible dela erakutsi dugu, eta horren alde egingo dugu; lan baldintzek enpresei eskatzen zaizkien bestelako baldintzen pare egon behar dute”, adierazi du Ugartek. Cristobalen iritziz, gaia auzitara eramatea “oso kaltegarria” da, baina argi du ekiten jarraitu behar dutela gehiengo sindikalak eta politikoak.
Arriskuei aurre hartu
Proiektua “aurrerapauso handia” dela uste du aldundiak; hala baieztatu du Ugartek: “Eraikuntzako sektorea oso egoera txarrean egon da, baldintza txarretako azpikontratatze asko izan direlako. Obra publikoetan ari diren langileen eskubideak ez betetzea oso larria dela uste dugu, ez dela onargarria. Eta egoera hori erregularizatu nahi izan dugu”. Bat datoz horretan sindikatuetako kideak ere; CCOOko Herreroren ustez, prebentziorako aukera ematen du: “Administrazioak lan arloko salaketak tramitatzen dituenean, esku artean izaten ditu Gizarte Segurantzakoak, soldatekin lotutakoak eta halakoak, baina ofiziokorik ez. Horretarako, lan ikuskaritza dago, eta han jartzen dira salaketak. Baina ohartu ginen beti ez zegoela zigortzeko lan egin beharrik, dagoen arriskuaz ohartzea ere beharrezkoa dela, eta positiboa iruditzen zitzaigun jendeak zigortzeko asmorik gabe arriskuaren berri ematea bera”.
Aldundiak urriaren 16an jarri zituen martxan laneko, segurtasun eta osasun arloko baldintzak betetzen ez diren kasuak modu anonimoan eta zuzenean salatzeko telefonoa (943-11 33 55) eta helbide elektronikoa (lanbaldintzak @gipuzkoa.net). Behin foru araua onartuta eta jarraipenerako batzordea osatuta, partaideei iruditu zitzaien egokia zela salaketarako bidea jartzea, “gehienetan langilea delako arriskuan egoten dena”, LABeko Cristobalen hitzetan. Ugarteren ustez, bide horiek “aipatutako batzordearen osagarriak dira, urraketak daudenean jendeak nora jo jakin dezan”. “Beldurrik ez izateko”, salaketa modu anonimoan egin dezakete langileek zein edozein herritarrek, “enpresek sarri baliatzen dituztelako mehatxuak langileei presioa egiteko”, Cristobalek azaldu duenez.
Gakoa araudia betetzean
Foru araua egiten parte hartu duten guztiek uste dute lan baldintzen urraketak saihesteko egokiena araudia betetzea dela. Hala azaldu du Cristobalek: “Herrialdeko hitzarmena beteta soilik, asko gutxituko lirateke istripuak, eta langileek lan baldintza hobeak izango lituzkete”. Herrerok ere antzeko ustea du: “Arautegia betetzea da oinarrizkoena. Eraikuntzako exekuzio planei erreparatuta, ohartu gara enpresek prebentzio planetan aurrezten dutela gehien. Gainerako zenbait gastu derrigorrezkoak dira, eta ez dituzte ukitzen, baina prebentzio planetan eskua sartzen dute”. Bide beretik jo du Ramosek ere: “Uste dut oinarrizkoa dela probintzia mailako hitzarmena betetzea, lehiakortasunaren izenean ezin delako kolokan jarri langileen segurtasuna”.
Leave a Reply