Urte hasierako aurreikuspenak ez ziren onak. Adegi patronalak 3.000 lanposturen galera aurreikusten zuen Gipuzkoan 2013an, eta urrian plazaratutako datuek “atzeraldiaren putzuan” mantentzen zuten lurraldea: barne produktu gordina orain sei urteko mailan, eta 48.000 langaberekin.
Hartzekodunen konkurtsoak eta itxierak ohi baino gehiagotan aipatu dira aurten, eta ehunka langilek lanpostua galtzea ekarri du horrek. Beharginek hilobien bitartez irudikatu dute euren etorkizuna “hil” nahi dutela. Kasuren batean, baina, langileen presioak balio izan du multinazionalen erabakiak aldarazteko; “heriotzara” zeramatzaten arren, bizirik eusteko ahaleginetan jarraitzen du hainbatek. Honako hauek 2013ak utzitako adibide batzuk dira, kronologikoki ordenatuta:
1. Corrugados
Sei hilabete eta erdiko greba utzi egingo zutela iragarriz hasi zuten urtea Azpeitiko Corrugadoseko hirurehun langileek. “Negoziazioaren mesedetan” hartutako erabakia izan zen; hala, amaitutzat eman zuten “hirurogei langile kaleratzeko, urtean 49 lanordu gehitzeko eta soldatak %35 jaisteko asmoa” salatzeko hasitako greba. Baina, lanera itzuli orduko, kanpoan ziren: Gallardo Taldeko zuzendaritzak oporrak eman zizkien urtarrilaren 15era arte, egoeraren aurrean denbora irabazteko. Oporraldia hainbat egunez luzatu eta gero, lanera itzuli ziren.
Martxoan heldu zen langile batzordearen hurrengo abisua. Gallardoren ordezkariak enpresa batzordeko ELA eta LABeko ordezkariekin bildu ziren, eta enpresak Azpeitiko planta ixteko asmoa zuela azaldu zien. Halaxe izan zen: apirilean aurkeztu zuen erregulazio espedientea, txosten bakarrean lau enpresa sartuz, —horietako bi Gipuzkoakoak—: Azpeitiko plantan hirurehun langileak kaleratzeko asmoa zuen; eta Lasaoko Corrugadosen, 68 lagunetatik 38 botatzekoa. Taldeak Madrilera jo zuen beharginak kaleratzeko azken dosierra aurkezteko, jakinda langileen balizko salaketa bat Espainiako Auzitegi Nazionalak aztertuko zuela.
Maiatzaren 23an amaitu zen negoziazio epea. “Fartsa hutsa” izan zen langileen ordezkarientzat; akordioa, hortaz, ez zen iritsi, eta Espainiako Auzitegi Nazionalera jotzea erabaki zuten.
Bitartean, pixkanaka beharginak kaleratzen hasi ziren: uztail erdirako berrehundik gora bota zituzten Azpeitiko lantegitik, eta azken berrogeiak abuztuaren 6an. Itxierak, Azpeitiari ez ezik, Urola eskualde osoari “ondorio sozial eta ekonomiko larriak” ekarriko zizkiola ohartarazi zuen Azpeitiko Udalak. Hurrengo egunean kanporatu zituzten Lasaon 38 langile.
Erregulazio txostenaren gaineko epaiketa urriaren 29an egitekoa zen, Madrilen, baina urtarrilaren 27-28ra atzeratu dute.
2. TS Fundiciones
Zortzi hilabete baino gehiagoko gatazkaren ostean, akordioa lortuta hasi zuten urtea Zestoako lantegian. Zuzendaritzak 50 lagun kaleratzeko dosierra proposatu zuen, baina, itunari esker, lanpostu guztiak bi urtez mantentzea hitzartu zuten. Ordainetan, %33 murriztu zieten lanaldia. Horrela, greba utzi eta urtarrilaren 14an lanera bueltatu ziren 145 beharginak.
Baina azaroak bestelako kontuak ekarri zizkien. Enpresak bideragarritasun plan bat aurkeztu zion langileen ordezkaritzari; 50 kaleratze, %25eko soldata jaitsierak eta lanordu gehiago biltzen zituen plan bat. Hori baino lehen, enpresak esana zuen “premiazko neurriak” hartu beharrean zegoela, enpresa ixtea nahi ez bazuten —28 milioiko zorra argudiatu zuen—. Langileek “negargarritzat” jo zuten plana: “Ezin dugu onartu”.
Urriko eta azaroko soldatak jaso gabe daude, eta enpresak hartzekodunen konkurtsora joateko eskaera egina du Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegian. Balizko kaleratzeen aurrean, beharginek protestekin jarraitzen dute —abenduaren 12an Kutxabanken Zestoako egoitzan egon ziren, “zordun nagusia” delakoan—.
3. Huyck Wangner
Urola eskualdea ez ezik, Tolosaldea ere gogor jo du krisiak. Horren adibideetako bat da Zizurkilgo Huyck Wangner enpresako gatazka. Urtarrilean, lantegiko 81 langileetatik 75 kalean uzteko asmoa agertu zuen zuzendaritzak, eta horri greba mugagabearekin erantzun zioten beharginek. Perot zenaren zuzendaritzak argudiatu zuen jarduerari eustea ez zela bideragarria; langileen ordezkariek, aldiz, salatu zuten lantegia husteko erabakia soilik “estrategikoa” zela.
Espedientea negoziatzeko epea akordiorik gabe amaitu zen, baina, ustekabean, martxoaren 6ko goizean enpresak atzera bota zuen txostena. Goizeko iragarpenaren ondotik, ordea, beste bat iritsi zen arratsaldean: beste dosier bat. Arrazoia? Kaleratzeen baldintzak negoziatzea. Dosierrari helegitea jartzeko, auzitara jo zuten beharginek, baina bi aldeek akordiorako oinarri bat eskuratuta, bertan behera geratu zen auzitegietako bidea. Zuzendaritzak proposatutako kalte-ordainen igoera onartu zuten langileek; guztira, 6,4 milioi euro.
4. Fagor Etxetresnak
“Ekitaldi konplikatua izango da”. Hala aurreikusten zuen 2013a Mondragon Taldeak, eta ez da ez samurra izan. “Urteko ekonomia albisterik txarrena” heldu zaie, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan bezala. Euskal Herrian, ia 1.700 langilerekin eta finantzaketa ezin lortuta, konkurtso legera jo behar izan du Fagor Etxetresnak kooperatibak; harekin batera, haren gainontzeko konpainia guztiak ere hartzekodunen konkurtsoan daude dagoeneko —azkenak Grumal eta Proiek izan ziren—. Baina, Fagor Etxetresnek eta haien filialek ez ezik, zeharkako hainbat lantegik ere jasan dituzte erabaki horren ondorioak, haien hornitzaileek, adibidez.
Mondragon taldearen elkartasun mekanismoak Arrasateko kooperatibak eragindako enplegu galeraren zati handiena xurgatzea du xede; 1.000-1.200 bazkideri lanpostu edo erretiroa eskaintzeko helburua jarri zuen, eta aurreikuspena betetzeko “buru-belarri” ari da. 350 bazkideri, gutxi gorabehera, erretiro aurreratua eskainiko die 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera. Bazkide askori beste lan bat ematea, ordea, behin-behineko langileen kalterako izango da.
Datorren urteko lehen hilabeteetan ezagutuko da Fagor Etxetresnen barruan bideragarria den filial edo lerrorik ote dagoen.
5. Marie Brizard / Antalis
Urteko azken txanpan iritsi zaizkie berririk txarrenak Tolosaldeko bi enpresa horietako langileei. Zizurkilgo Marie Brizardekoentzat, hala ere, esperotakoa baino hobea izan da amaiera: lau egunean goitik behera aldatu du eskaintza enpresak, eta hasieran 48 langileak kaleratuko zituela jakinarazi arren, martxan da berriro lantegia. 55 urtetik gorakoek erretiro aurreratua hartuko dute soldataren %80 jasota, eta gainerakoek lanean jarraituko dute, egungo baldintzekin. Langileen arabera, enpresaren erabakiaren aurrean batu eta mobilizatu izana —mugagabeko greba tarteko— baliagarria izan da Marie Brizardi zabalik eusteko.
Albizturko Antalisen, berriz, zabalik jarraitzen du auziak. Enpresa ixteko dosierra aurkeztua zutela jakinarazi zuen abendu hasieran ELAk. Horrela, 39 langile lanik gabe leudeke. Negoziazio fasean langileen ordezkariekin egin dituen azken bileretan, lan egindako urte bakoitzeko 45 egun eskaini ditu zuzendaritzak, 18 hilabeteko mugarekin. Langileek greba mugagabean segitzen dute.
6. IAT
Luze doa Urnietako eta Irungo IAT ibilgailuen azterketa teknikoko lantegietako gatazka. Ez da aurten hasi, baina urte osoan presente egon da. Eta urtarrilaren 15era arte “gutxienez” hala egongo da, ituna berritzeko negoziaziorik ez bada behintzat —2011ko abenduan utzi zion itunak indarrean egoteari—. Beharginek iraungitako lan hitzarmenak biltzen zituen klausulak mantendu nahi dituzte. Asteazkenean gogorarazi zuten 65 egunetan egin dituztela lanuzteak, eta 183 egun daramatzatela greban. IATak kudeatzen dituen TUV Rheinland Iberica SA konpainiako zuzendaritzaren arabera, “arduragabea” da langile batzordearen jarrera.
Leave a Reply