Horra, horra, gure Olentzero, pipa hortzetan duela eserita dago…”. Egun gutxi barru entzungo dira inguruko kale eta plazetan gabon kanta ezagun horren doinuak. Herriko kale bazterrak hainbat koloretako argiz osatutako irudiez beteta daude jada, eta astebete baino gutxiago falta da Olentzero menditik jaitsi, eta umeen ametsak betetzeko: “Haurrek ilusio handiz itxaroten diote Olentzerori; batzuek baita urduri ere”, azaldu du Erramun Amundarainek (Ordizia, 1951), herrian Olentzeroren ordezko moduan aritzen denak.
Baserritar arroparekin eta txapel handia jantzita iritsiko da Olentzero Euskal Herriko umeengana, opariz beteta: “Garai batean, aurpegia asko zikintzen nuen, baina konturatu nintzen haurrak asko beldurtzen zirela, eta, orain, zikindu gabe ateratzen naiz. Gainera, betaurrekoak ditut, eta oso bitxia da; Olentzero betaurrekodun bakarra izango naiz”, azaldu du Amundarainek.
Ordiziako ikastola eta haurtzaindegietan ibiltzen da Olentzeroren laguntzaile moduan; herriko kaleetan, 1987. urtean hasi zen Olentzero lanetan: “Udaleko Kultura Batzordeko kide batek proposatuta hasi nintzen Olentzerorena egiten. Bizarra eta tripa handia zeuzkan norbaiten bila zebiltzan, eta nire izena atera zen”.
Duela pare bat urte, Mari Domingi ere hasi zen Olentzerorekin batera Ordizian: “Nire ustez, oso garrantzitsua izan da Mari Domingi sartzea. Leku gehienetan, gizonezkoak soilik izan dira beti, eta emakumeak ere badu zeresana eta zeregina leku horietan. Arrakasta handia izan du Mari Domingik”.
Gabon gaua
Ordizia eta Euskal Herriko txoko guztietako haurrek opariak eskatzen dizkiote Olentzerori, abenduaren 24an. Lau egun barru helduko da ikazkin ospetsua urteroko bisita egitera, eta dagoeneko umeren bat edo beste hasi da etxeko zapata guztiak garbitzen.
Ordizian, ibilbide txiki bat egiten du Olentzerok, idi parea lagun duela. Ibilbidearen ondoren, plazan elkartzen dira herritarrak: “Umeek dantza eta abestu egiten dute plazan, baita Ordiziako abesbatzakoek ere”. Denek batera abesten dute: “Olentzero oso garrantzitsua bihurtu da azken urteotan. Errege egunari ez diot garrantzia kentzen, baina Olentzerorena oso festa polita izaten da; haurrak eta helduak ateratzen dira abestera”.
Abestu ondoren, umeek eskutitzak ematen dizkiote Olentzerori, eta Olentzerok azaldu du normalean denen aurrean irakurtzen duela eskutitz horietako bat: “Ume askok beren txupeteak oparitzen dizkidate, eskutitza botatzera etortzen direnean”.
Urduritasuna eta ilusioa, biak nahastuta izaten dituzte umeek egun berezi horretan: “Umeak oso pozik etortzen dira, eta oso polita da haurrek begietan daukaten ilusio hori ikustea”. Amundarainek gaineratu duenez, umeek zer gustatzen zaion galdetzen diote, eta hark esaten die zopa asko gustatzen zaiola. Orduan, ume horiek gurasoei esaten diete gau horretan zopa prestatuta utzi behar zaiola Olentzerori, eta Olentzerok, barre txikia eginez, aitortu du hainbat gurasoren errietak entzun behar izaten dituela hurrengo egunean.
Esan ohi da Olentzerok Euskal Herri guztiko haurrak ezagutzen dituela; hori horrela, Amundarainek baditu hainbat bitxikeria kontatzeko: “Duela urtebete aitona bat etorri zitzaidan, ijitoa, euskaraz hitz eginez, eta haren bilobekin argazki bat ateratzeko eskatuz. Bost edo sei bilobekin atera nuen argazkia. Sekulako poza sentitu nuen euskaraz bazekitelako, eta baita integrazio hori nahiko natural eman delako ere”, esan du.
Ordiziako haurrek badakite nor den herriko Olentzero, eta, batzuetan, haurrek “agur Olentzero!” esanez agurtzen dute Amundarain. “Askotan gertatu izan zait haurrek nor naizen ezagutzea. Behin, kuadrillako baten 2 urteko semeak ezagutu ninduen”, azaldu du. “Hala ere, beti esaten dugu Olentzero magikoa dela baina ezin dela leku guztietara iritsi; horregatik laguntzaileak dituela leku guztietan. Hori naturaltasun osoz hartzen dute umeek”.
Leave a Reply