Xedeak axola du, ez bideak

Urtarrilaren 6an Astigarragan Zero Zabor Eguna ospatuz ekin zion Gipuzkoak urteari, hondakinen gaiari dagokionez, baina 2013a amaitu artean hainbat zeresan eta zalaparta eragin ditu zaborraren kudeaketak. Hasierako asmoetatik urrundu dira zenbait; beste zenbaitek jarritako helburuak bete dituzte, eta herritarren nahiari bide emateko aldarriarekin denetariko iritziak eragin dituzten galdeketak egin dira hainbat txokotan.

Urtea hasi orduko adierazi zuen Euskal Herria Bildu koalizioak zaborren gaian adostasuna lortu nahi zuela gainerako alderdiekin. Gipuzkoan hondakinen %30 eta %35 baino ez zela birziklatzen eta hori handitu beharra zegoela nabarmendu zuten, atez ateko sistemarekin %80 birzikla daitekeela nabarmenduz. Zero zabor filosofiarekiko adostasunez, hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea aipatu zituzten EH Bilduko kideek helburuen artean, eta gaitzetsi egin zuten gaia “politizatu” izana: “Gipuzkoako zenbait tokitan ez dugu lortu hondakinen kudeaketak behar duen eztabaida lasaia eta sostengatua”.

PSE-EEkoek, berriz, hondakinen kudeaketan Bildurekin akordioak lortzeko prestutasuna azaldu zuten urte hasieran; agintaldi honetan errauste plantarik ez eraikitzea onartu zuten, baina “Gipuzkoako gehiengo sozial eta politikoa” atez atekoaren aurka dagoela ohartarazi. Otsailaren hasieran, hondakinen atez ateko bilketa abian zuten herrietako —Antzuola, Hernani, Oiartzun eta Usurbil— dozenaka lagunek agerraldi batean azaldu zuten atez ateko bilketa “erosoa, garbia eta merkea” dela. “Nazkatuta gaude gezurrak entzuteaz. Batzuk errauste planta kutsakor eta garestia egiteko tematu direlako bilketa sistema bikain bati oztopoak jartzen ari dira”, adierazi zuen Axun Larburu kazetariak, bildutakoen izenean.

Sinadurak eta zabor poltsak

2012 hasieran adierazi zuten Gipuzkoako 34 herritako ordezkariek atez ateko bilketa sistema jartzeko asmoa, baina hilabeteak igaro ahala aldaketak izan dira, eta aurreikusitako epeak ez dituzte bete.

Atez atekoaren aurkako iritziek hautsak harrotu dituzte, eta hainbat mobilizazio eragin ere bai. Martxo erdialderako, esaterako, Gipuzkoako 28 herritan 75.000 sinadura batu zituzten atez ateko bilketaren aurka. EAJren arabera, datu horiek esan nahi zuten “gipuzkoarren gehiengoa” atez atekoaren aurka zegoela, eta Bilduri hori kontuan ez hartzea leporatzen zioten. Zenbait herritan, sinaduretatik harago ere jo zuten atez atekoaren aurkakoek. Bergaran, esaterako, manifestazioa egin zuten apirilaren 12an, eta herritarrei “kikildu gabe” atez atekoaren aurka segitzeko deia egin zieten.

Sinadura bilketei balkoietan zintzilikatutako zabor poltsek hartu zieten lekukoa, Zumaia, Bergara eta Villabona horren adibide. Hainbat herritan galdeketak ere egin zituzten. Legazpin, apirilaren 20an eta 21ean. Herritarren erdiek baino gehiagok eman zuen botoa, eta horietako ia %98k atez atekoaren aurka eta bosgarren edukiontziaren alde egin zuten. Baina, ezker abertzalearen iritziz, herritarren borondatea errespetatu behar den arren, “bozkatzera joan ezin zirenek botoa beste baten esku utzi ahal izan zuten”, eta hori zalantzak eragiteko modukoa zen.

Adostutako bilketa moduak

Apirilaren erdialdean, berriz, atez atekoa martxan jarri eta hiru astera birziklatze tasa bikoiztera heldu ziren herrietako datuen berri eman zuten, Legorreta, Itsasondo eta Zaldibia kasurako. Baina herritarren artean sortutako haserreak atez atekoaren ordez bestelako sistema batzuk agertzea eragin zuen. Maiatzaren hasieran jakinarazi zuten Legazpin bosgarren edukiontzia eta atez atekoa batuko zituen sistema ezarriko zutela.

Horren ostean, EH Bilduk jakinarazi zuen birziklatze xedeei eutsiz gero beste bilketa modu bat babesteko prest zegoela. Zumaian, txipa duten edukiontzien eta barra kodea duten zabor poltsen bidez biltzea adostu zuten maiatzean; Azpeitian, “edukiontzien sistemarekin jarraituta hondakinen %70 birziklatzera heltzeko apustua” egin zuten; eta Ormaiztegin ere gaikako bilketa derrigorrezkoa izango duen edukiontzien sistemaren alde egitea erabaki zuten.

Horrek ere denetariko iritziak sortu zituen. Gipuzkoa Zero Zabor elkarteak kritikatu egin zituen atez ateko bilketa alde batera utzi zuten udalak. Ekainaren erdialdean jakinarazi zutenez, “edukiontzien sistemak kasu guztietan porrota izan du, eta ez du inoiz %40ko gaikako bilketa gainditu. Atez atekoak kasu guztietan %70etik gora gaika biltzea ahalbidetu du, martxan jarri eta hilabete bakarrera”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.