Joan da 2013. urtea. Une egokia balantzea egiteko. Hondakinen kudeaketaren arloan, atzera begira jarrita, askok urte zalapartatsua izan delako irudipena izango dute. Gure osasunaren eta ingurumenaren kontura bestelako etekinak atera nahian dabilenik ez da falta, eta ezin uka hautsa harrotzea lortu dutenik. Burrunba mediatiko handia eragitea lortu dute bederen, inork gaia kezkaz eta larritasunez ikusteko moduko zalaparta.
Baina azterketa serio bat egingo badugu, harrotutako hautsa bere lekura itzultzen utzi, eguneroko aztoramendutik aldendu, eta aldaketa zehatz eta neurgarriei erreparatu beharko diegu. Horrela, 2013. urtea, Gipuzkoan, zero zabor bidean urrats handiak egin diren urtea izan dela ikus dezakegu. Hona hemen esandakoa berresteko zenbait datu.
2013. urtea hasi zenean, hondakinen %70etik gora gaika biltzen zuten bost udalerri besterik ez zegoen Gipuzkoan. 2013a bukatzerako, 27 ziren, urte hasieran halako bost. Gipuzkoak 89 udalerri dituela kontuan izanda, hiru udalerritik batek hondakinen %70 baino gehiago gaika biltzen ditu honezkero, horietatik askok %80tik gorako gaikako bilketa daukatelarik. 2013. urtean, lorturiko emaitzen eraginak udalerri mailakoa izateari utzi dio, eta, jadanik, mankomunitateen datuetan ere islatzen hasi da. Sasieta mankomunitatea dugu horren adibide. Sasieta buru jarri da, hondakinen erdiak baino gehiago gaika biltzera helduz.
Ez da makala datua. Baina lorpen handiak ez dira horretara mugatzen. Urtea hasi zenean, hondakin organiko guztia herrian bertan ongarri bihurtzen zuen herri bakarra zegoen Gipuzkoan, Orendain. 2013. urtea amaitzerako zortzi udalerri ziren jada hondakin organikoa zabortegietan usteltzera bidaltzeari utzi eta den dena herrian bertan konpostatzen dutenak, gainerako hondakin birziklagarri guztiak gaika bilduz. Herri txikiek hondakinak kudeatzeko bide merke eta jasangarri hori egonkortuz doa, eta etor daitezkeen beste mordo bati bidea erakutsi dio.
Hondakin organikoa konpostatzen duten herritarren kopurua %50 hazi da urtean zehar. Lurrik ez daukaten herritarrei hondakin organikoa konpostatzeko aukera ematen dien formula, auzokonposta, zortzi herritatik 39tara zabaldu da; ia bost aldiz biderkatu da, beraz, eta auzokonpostatzaile kopurua sei aldiz handiagoa da.
Iaz erdietsitako lorpenak ez dira hondakinen bilketan lortutako emaitzetara mugatu. Zero zabor errealitatea eraikitzen doan neurrian eutsiezinak dira lehen aurrera egitea oztopatzeko erabiltzen ziren hainbat eta hainbat gezur eta sasi argudio.
Gipuzkoan, lehen ez bezala, gaur egun inor gutxik defendatzen du publikoki kutsatzeko eskubidea, hondakinekin sudur puntan jartzen zaiguna egiteko eskubidea daukagula, alegia. Hondakin birziklagarriak gaika bildu behar direla diote eragile ia guzti-guztiek.
Bestalde, atez ateko bilketa eraginkorra zeukaten herriak zikinkeriaz eta arratoiz beteta zeudela ziotenek, orain, pertzepzio hori “subjektiboa” dela esatera pasa behar izan dute. Izan ere, errealitatea handiegia egin zaie gezurrekin estaltzen segitu ahal izateko.
2013. urteko lorpenak aipatzean ezin dugu ahaztu azken 11 urteetan gipuzkoarrak mehatxatu gaituen mamutzarraren amaiera. 2013ko azaroan GHK eta errauste planta eraiki behar zuten enpresen artean akordioa lorturik, bertan behera gelditu zen proiektu toxiko eta garesti hori. Horrekin batera, errausketaren eta zaborraren aroari amaiera eman zaio Gipuzkoan, eta zero zabor aroan barneratzen hasi gara, hondakinak arazo eta kutsadura iturri bihurtu beharrean, baliabide bezala kudeatzeko aroan.
Zero zabor eredua eraikitzen hasi besterik ez gara egin. Ikaragarri aurreratu dugu, eta, hala ere, hobekuntza tarte handia dago oraindik. Asko dira zero zabor bidean lortzeko dauzkagunak. Zabortegi kutsakorrak ixtea, hondakinak tratatzeko azpiegitura berriak eraikitzea, errefusari toxikoak ez diren tratamenduak ematea, gaikako bilketa eraginkorra herri guztietara zabaltzea…
Leave a Reply