Izan zitekeen abenduaren 24ko goiza, edo Errege egunaren bezpera. Baina astearte goiza da Donostian, eta jendea hara eta hona dabil saltokiz saltoki. Merkealdiaren lehen eguna da. Gabonetarako opariekin asmatu nahian izandako buruhausteak pasatu ondoren, erosteko bainoago aldaketak egiteko baliatu dute askok eguna: jertseak sorbaldetatik eutsita dabiltza batzuk, neurri egokiaren bila; beste batzuk, diru zorroetan geratzen zaienari begira; gehienak poltsak eskuan dituztela ateratzen dira dendatik. Gabonetako salmentekin pozik, merkealdia ere sasoi ona izatea espero dute saltokietako arduradunek; hala ere, bat datoz merkealdi garaia ez dela duela urte batzuk zena.
Ehunekoen dantza dabil kalean: %20 eta%30eko beherapenak dituzte saltoki ugaritan; %50era artekoak ere aurki daitezke. Dendetako batean %75era arteko beherapenak iragartzen dituzte. Bitxiak eta modako osagarriak dituzte salgai Claire’s-en, eta, beste hainbat saltzailek ez bezala, eurek ez dute aurretik eskaintza berezirik egin. Eguberriak “iazkoen antzeko” igaro dituzte; gustura daude salmentekin: “Urteko asterik onenetariko bat izaten da”. Hala dio Laura Vilariño Claire’s-eko saltzaileak, erosle bati dirua itzultzen dion bitartean. Haurrentzako osagarriak dituzte gehien saldurikoen artean, batik bat modan dauden pertsonaien irudiak dituztenak. Merkealdiari dagokionez, berriz, salmentak egon egongo direla uste du, baina fakturazioa ez da haziko, prezioak normalean baino baxuagoak direlako.
“Jendeak jada egin ditu opariak, eta orain askok erosteagatik erosten dute”. Vilariñoren uste hori baieztatzen duen adibide bat da Lucia Etxarrirena. Alboko kalean dabil, zapata denda bateko erakusleihoari begira. “Oraingoz ez dut ezer erosteko asmorik, sekulako pagotxa den zerbait topatzen ez badut, behintzat. Erosi beharrekoa erosia dut”.
Jon Larrarte gaztea ere ez da egon merkealdia noiz iritsiko zain; egin ditu erosketa gehienak, baina poltsa eskuan duela atera da arropa denda batetik. “Gutxitan” erosten du saltoki horretan, prezio altuengatik gehienbat, eta, horregatik, “merkexeago” egoteak bultzatu du hara joatera.
Gastua, iazkotik gertu
88 euro gastatuko du erabiltzaile bakoitzak merkealdian batez beste, Espainiako FUCI erabiltzaile-kontsumitzaile independenteen federazioak kalkulatu duenez. Ez dago iaz egindako aurreikuspenetik urrun, orduan 85 euroko gastua espero baitzen. 2007ra begiratuz gero, ordea, nabarmen jaitsi da kopurua —138 euro ziren—.
Merkealdiaren lehen egunak aurretik erositakoak aldatzeko aprobetxatzen dituzte askok. Arropa saltzen duen kate ezagun batean hamar bat laguneko ilara osatu da; errenkada utzi ondoren atera da dendatik Amaia Ibarbia. Ondo ezagutzen du halako egunetan egon ohi den “eromena”, erosle izateaz gain saltzaile gisa ere lan egindakoa delako. Baieztatu duenez, merkealdiko lehen egunetan joan-etorri dezente izaten da, aldaketak eta erosketak batzen direlako.
Saltoki handietan horrela dabiltza; denda txikiagoetan, ez horrenbeste. Casa Susperregui da horren erakusle. Bi saltzaile denda leihoan ari dira zeloarekin eta paperarekin merkealdia iragartzeko kartela jartzen. Linjeria eta halakoak saltzen dituzte, eta lasai dabiltza. Dena den, Eguberri garaia azken urteetan baino hobeto joan zaie. “Izan dira lauzpabost urte txarrak, baina aurtengoa hobea izan da”.
Erositakoak aldatzeko eguna izateaz gain, oparitutakoak eskuratzekoa ere bada zenbaitentzat. Azken urteetan errepikatu duten ohiturari jarraiki, Aimar Etxanizek eta haren familiak opari txartelak egin dituzte Errege egunean. “Jertse bat opari”, zioen aurten egokitu zaionak, eta gustuko baten bila ari da Donostiako erdigunean. “Askotan hobe izaten da egun batzuk itxarotea, produktu bera merkeago erosi ahal bada. Batzuetan ez da alde handirik egoten, baina gauden garaian euro gutxi batzuk asko dira”.
Hainbat gomendio
Prezioak jaitsi arren, kontsumitzaileen eskubideak ez dira gutxitzen merkealdi sasoian. Hala gogorarazi dute aurten ere kontsumitzaile elkarteek, saltzaileek dituzten hainbat betebehar azalduz. Produktuaren etiketan, esaterako, beharrezkoa da uneko prezioarekin batera beherapenaren aurreko salneurria azaltzea. Aldaketak eta itzulketak egiteko baldintzak eta produktuaren bermea ere gainerako sasoien berberak dira.
Leave a Reply