Birziklatze tasa handitzeko asmoz, batzorde bat osatuko dute Urnietan

“Materia organikoaren birziklatze tasa handitzea”. Asmo hori zuten Urnietan EAJk, Bilduk eta PSE-EEk 2012ko urrian. Urtebete pasa igaro ondoren, jarritako helburuetatik “urrun” daude emaitzak, eta, hori horrela, hondakinen gaia espresuki lantzeko batzorde bat sortzea erabaki dute.

Udaleko ordezkarien helburua birziklatze tasa %65era iristea zen, baina, eman berri dituzten datuen arabera, %43 ingurura heldu dira bosgarren edukiontziarekin. Materia organikoa biltzeko edukiontzietarako giltza, berriz, familien %66k dute herrian. Mikel Pagola alkateak (EAJ) urte amaierako osoko bilkuran azaldu zuenez, baliteke hainbat familiak giltza hartu izana soilik zaborren tasan %20ko hobaria jasotzeko. Beste aukeretako bat materia organiko guztia edukiontzi marroian bota ez izana dela gaineratu zuen.

Hilabetez hilabeteko joera aztertuz gero, ez dago aldaketa handirik batetik bestera. Tasa altuenera ekainean heldu ziren (%46,5); jarraian, urtarrilean %46,3kora heldu ziren. Gainerako hilabeteetan ez dira %45era iritsi. Hondakinak biltzen dituen kamioiaren inguruan sor zitezkeen zalantzak argitze aldera, Pagolak azaldu zuen egunero kamioi bera izan arren hondakinak gaika eta bananduta biltzen dituela: “Asteko sei egunetan kamioi bera da, baina astearte eta ostiraletan soilik organikoa jasotzen du, eta beste egunetan errefusa. Ez ditu batzuk eta besteak nahasten”.

Hasieran ezarritako kopuruetara iristeko, beraz, batzorde bat osatuko dute, udaletxean ordezkaritza duten hiru alderdietako ordezkariekin —alegia, EAJ, Bildu eta PSE-EEkoekin —. Lantaldearen lehen egitekoa hondakinen bilketaren inguruan udal arautegi bat sortzea izango da. Gainera, funtsezkoa deritzote herritarrek birziklatzearen gainean kontzientzia hartzeari, eta, horregatik, adin tarte eta sektore guztiengana heltzeko egitasmoak bultzatuko dituzte.

Hiru alderdiak bilketa sistemaren gainean ados egon ez arren, bat egin zuten hasieratik Urnietarrok birziklapenaren alde kanpainan, birziklatze tasak handitzeko asmoz. Orduan, %32ko birziklatze tasa zuen herriak. Bilduk orduko hartan esan zuen atez ateko sistemaren aldeko hautua egin zuela baina, aurreko agintaldiko udalbatzak bosgarren edukiontzia jartzeko erabakia hartu zuenez —EAJ eta PSE-EEren aldeko bozekin—, errespetatu egingo zuela. Gipuzkoan hiru alderdiok gisa horretako akordio bat egiten zuten lehen aldia izan zen.

Ikaztegietan, atez atekoa

Aste honetan hasi dira Ikaztegietan hondakinak atez ateko sistemaren bitartez biltzen. Herenegun jarri zuten martxan, eta, lehen egunean, paper eta kartoiarekin hasi ziren bilketa sistema berriarekin. 20:00etatik 22:00etara atera beharko dituzte kuboak. 469 biztanle ditu herriak, eta bi eremutan banatu dute. Landa eremukoek giltzaz ireki ahal izango dituzten bilketa guneetan utziko dituzte hondakinak gaika sailkaturik, eta gainerakoei, atez ate bilduko zaie. Ikaztegietako etxeak zintzilikario bidez eta ontziak lurrean utzita ariko dira.

Atez ateko sistema ezarri aurreko faseetan herritarrek izandako jarrera goraipatu du Tolosaldeko Mankomunitateak; gizarteratze prozesuan zein ontzien banaketetan herritarren parte hartzea “handia” izan dela gaineratu du. Urrian jarri zuten abian Ikaztegietan atez atekoaren berri emateko gizarteratze prozesua. Orain, informazio bulegoa martxan dute udaletxean, edozein arazo edo zalantza argitzeko. Asteartetan, goizez egongo da zerbitzua, eta asteazkenetan, arratsaldez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.