Erditzean

Gaur gauean jaioko da; su txikian bor-bor eginez denbora luzean egon da. Gaur ezagutuko du jendeak ilunpe gozoan pixkanaka sortzen joan den hori; bada garaia argi artera ateratzeko. Izena ere pentsatua dugu aspaldidanik, ze egunetan zein tokitara paseoan eramango dugun ere bai, soinean eramango duena ere pronto jarri genuen duela pare bat aste. Baina jaioberria ez da amaren bularrean goxatuko, oholtza gaineko argi bortitzen azpian baizik.

Gaur estreinatuko dugu, Andoaingo antzokian, antzezlan berria, Ondoko hilobiko tipoa. Antzezlan baten estreinaldia, azken finean, erditze baten antzeko zerbait dela esango nuke; seguru-seguru ere ezin esan, erditzea zer den ez dakit eta. Baina jaiotza horren aurretik —edo atzetik— zenbat lan dagoen gutxi batzuk jakingo duzue seguruenik. Egun, ordu, zalantza, lan, barre, akats, ateraldi eta ahalegin askoren artean osatutako bide luzea, laneko “familia” horrekin egunero zapaldu dudan bidea. Lehenengo eguneko irakurketan, taula gainean kontatuko dugun istorio hori ezagutzen dugu. Testuaren inguruan egin nahi diren aldaketa txikiak proposatzen dira, eta onartuak direnean arkatzez zuzenketak egiten hasten gara, liburuxka horren birjintasuna urratuz eta pixkanaka orrialde horiei geure nortasuna kutsatuz. Lehenengo irakurketa horien ostean, entseguen txanda; mahai, aulki eta arkatzaren babesa atzean utzi eta eszenaz eszena antzezlana altxatzen hasteko garaia. Eta azken fasean, eszena guztien nondik norakoa marraztuta dagoenean, pase osoak egiten hasten gara, kolore ezberdinak bilatuz, intentzioak borobilduz eta eszena sorta horri osotasuna emanez.

Bi aktore taula gainean, Iker Galartza eta biok. Komedia, oholtzaren bazter guztietatik dariola. Barre egiteko garaia eta maitasun istorio xelebreetan sinesteko aukera. Erraz egin dut orain arteko bidea; lanik zailena Ikerren ondoan egon eta barreari eustea izan da, “ez didak lan samurra jarri, Galartza!”. Hemendik aurrerakoak funtzio bakoitzean ikasiko ditugu; zuen barreekin, zuen isiltasunekin eta zuen txaloekin osatuko dugu lana. Guztiona delako, eta zuek begira ez bazeundete oholtzara alferrik igoko ginatekeelako.

Atzerriak oso ondo zaindu banau ere, deseatzen nengoen Euskal Herrira itzuli eta berriz ere antzerkian aritzeko, deseatzen etxean sentitzeko. Eskerrik asko, ekipo, Iker, Begoña, Martin; polita da lanean elkarrekin gozatzea. Eta eskerrik asko hemendik aurrera Ondoko hilobiko tipoa-ri begira besaulkian egongo zareten ikusle guztiei; eskerrik asko guztiei. Taula gainak ez luke zentzurik pareko besaulkirik gabe.

Leave a Reply

Your email address will not be published.