Gauero, gurutze bera pizturik

Larrialdi batean funtsezkoa da nora jo jakitea. Arazoa larria izan gabe ere, ezinbestekoa da kasu askotan; hala gertatu ohi da farmaziara joan beharra suertatzen denean. Gipuzkoan, gauean botika zerbitzua behar duenak badu hainbat erraztasun martxan dagoen sistema bateratuari esker. Urtea abiatzearekin batera hasi ziren Debabarrenean gaueko txandakako farmazien sistemarekin, eta jadanik ia lurralde osoan dago hedatuta.

Sistema horren bidez, lurraldea eremuka antolatzen da, eta hainbat herritan gaueko txandakako farmazia zerbitzua jartzen da. Herri horietan, urtero farmazia bat arduratzen da urte osoko zerbitzua emateaz. Horrela, erabiltzaileek badakite gauetan beti zein farmazia aurkituko duten zabalik. Kasu batzuetan, bi herriren artean txandaka aritzen dira urtez urte.

“Erabiltzailearentzat alde onak ditu argi eta garbi; badaki bere herriari zein farmazia dagokion, eta bermatua du larrialdi bat dagoenean botika bat izango duela”. Hala mintzo da Estibaliz Goienetxea, Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko idazkari teknikoa. Haren arabera, botikarientzat ere alde onak besterik ez du; nagusiena, zerbitzuaren antolaketari dagokiona, sistemak kudeaketan laguntzen baitu.

Goienetxearekin bat dator Lukas Arandia, Ordiziako Laurnaga botikan lan egiten duen farmazialaria. Haien kasuan, txandak ez dituzte Ordiziakoen artean soilik egiten, Ordiziako eta Beasaingo botikak txandaka aritzen baitira urtero —aurten Igor Odriozola farmazia dago, Beasainen—. “Oso ondo funtzionatzen du hemen sistemak. Herri txikientzat traba izan daiteke beharbada, baina horrela jende gutxiago mugiarazten duzu. Gure kasuan zentzua dauka gaueko zerbitzua Ordizian edo Beasainen jartzeak. Legorreta edo Alegiatik pertsona bat etortzen da agian, baina farmazia han balego Beasaindik 25 lagunek-edo joan beharko lukete hara”. Bi herri horietan, astelehenetik larunbatera botika bera dago zabalik, 22:00etatik 09:00etara; igandeetan, berriz, asteburuko txanda egin duen farmaziak lan egiten du. Jaiegunetan ere aldaketak egon ohi dira.

Goienetxeak azaldu duenez, sistema bateratuaren beste asmoetako bat da txandako farmazia txandako mediku zerbitzua dagoen lekuan egotea, dena bateratzea. Arandiaren arabera, egokia da era horretan funtzionatzeko modua. “Gehienak errezetarekin etortzen dira, medikuarenean egon eta gero. Haurrak gaixo dituztela-eta arduratuta datoz asko”.

Gau guztietako ardura botika batek hartu arren, ez dagokio farmazia horri langileak jartzea. Goienetxeak dioenez, “espresuki gaueko zerbitzu horretarako kontratatzen dira; horregatik, gauetako mediku zerbitzuekin harreman estua izaten duten botikariak dira, eta arazo askori irtenbidea ematen diete”.

Sistema bateratuan urtez urte txandakatzen doazen farmaziez gain, 24 orduko botikak ere badaude Gipuzkoan. Horiek borondatezko ordutegia delakoaren bidez funtzionatzen dute, eta ez dira sartzen gaueko zerbitzuko txandetan; euren farmaziak jarritako langile batek lan egiten du.

Sistema martxan, 1994tik

Gaueko txandakako sistema bateratua duela hainbat urte jarri zuten martxan Gipuzkoan. 1994an ezarri zuten lehenengoz Donostian; ondoren, era mailakatuan beste inguru batzuetara hedatzen joan da. Gaur egun, lurraldearen gehiengoan dago sistema; gutxi dira bateratzeko falta diren udalerriak. Gipuzkoa osoan gaueko hamabi farmazia egongo dira aurten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.