Gorrak partaide izan daitezen

Eskolara joandakoan, herrian Mari Domingirekin harrera egitean edo etxean idatzitako eskutitzak bidaltzean eskatzen dizkiote haurrek Olentzerori opariak. Baina badira bestelako bideez baliatzen direnak ere: horren adibide dira haur gorrak, eta, GPGE Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkarteak antolatuta, hainbat haur keinu hizkuntzan komunikatu ziren Olentzerorekin duela aste batzuk.

Gorrek muga ugari gainditu behar izaten dituzte egunero. Traba ia ikusezinak dira entzumen arazorik ez duten pertsonentzat, baina gorrentzat oztopo izugarriak dira. 2012. urteko datuen arabera, 1.832 pertsona gor daude Gipuzkoan; horien artean sartzen dira jaiotzez gorrak direnak eta gorreria gerora etorri zaienak. Gutxi gorabehera, seiehun bat lagunek dakite keinu hizkuntza. Keinu bidezko hizkuntza hori laguntza izugarria da gorrentzat, baina uste dute oraindik gizartean lan asko dagoela egiteko. Kontzientziazio lan horretan atsedenik gabe dabiltza Aransgi elkarteko kideak. Maria Asenjo da horietako bat; Aransgiko teknikaria izateaz gain, gorreria duen mutiko baten ama da, eta gertutik ezagutzen du egoera: “Gorreriarekin jaiotzen diren haurren %10ek baino ez dute guraso gorren bat; gainerako familiek ez dute egoera hori ezagutzen, eta, horren ondorioz, behartuta daude egoera berriaren aurrean beren komunikazio estrategia egokitzera”. Hain zuzen ere, familientzako zerbitzu espezializatuak ere badituzte: Aransgin gorren familientzako orientazio eta babes zerbitzua eskaintzen dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuarekin duten hitzarmenaren bitartez. Elkarteak lan asko du familia horiekin egiteko: gurasoei laguntzea seme-alabak dituen berezitasun pertsonalak onartzen eta ulertzen, informazio egokia emanez, gorreria bezalako egoera berezi bat ez ezagutzeak eragiten duen herstura murrizten laguntzeko.

Aransgi elkartea 1967an sortu zen, eta, ordutik, gorren eta haien familien beharren arabera egokituz joan da. Asenjok azaldu duenez, 47 urte daramatzate gorren eta haien senideen aldetik jasotako informazioaren arabera lanean: “Talde plurala osatzen dugu; profesional onak ditugu trebakuntzari eta jatorriari dagokionez, eta horrek gorreria dutenei eta haien inguruneari buruzko argazki orokor eta integrala egiten laguntzen digu”. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta instituzioetara bideratzen dituzte aldarrikapenak, bai modu indibidualean, bai ezgaitasunak dituztenen aldeko gainerako elkarteekin batera.

Donostian, Bergaran eta Tolosan dituzte egoitzak, eta, horrez gain, etengabeko harremana dute haur gorrak dituzten ikastetxeekin ere, guztiei arreta profesionala eskaini ahal izateko. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin sinatutako hezkuntza hitzarmena oinarri izanda, gipuzkoar gor guztiei hezkuntza aukera egokiaren inguruko orientazioa eta babesa ematen diete. Horretarako, gorrentzako irakasle eta logopeda espezialistak dituzte, arreta ibiltaria eta iraunkorra eskaintzen dutenak hainbat ikastetxetan. Gorrak ez diren herritarrei ere eskaintzen diete zerbitzua, Asenjok azaldu duenez: “Ahots, hizkuntza eta irenste patologiak dituzten herritarrei ere kalitatezko komunikazio zerbitzuak eskaintzen dizkiegu”.

Asenjoren hitzetan, gorreriak informazioaren zati bat edo informazio osoa galtzea dakar, eta horrek “pertsona gorren garapenari eragiten dio”. Kontuan izanda gorrek komunikazioaren eta informazioaren arloetan dituzten mugak, “haien parte hartze sozialerako eskubidea ez da erabatekoa”, Asenjoren arabera. Aransgiko kideak argi du horren konponbidea: “Objektuek, produktuek eta zerbitzuek legeak jasotzen duen eskuragarritasun unibertsalaren printzipioa beteko balute, leundu egingo lirateke gorrek parte hartze sozialerako dituzten zailtasunak”. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen du “beti gogoan izatea” aukera berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak.

Krisiak kalte egin die elkarteei

Ekonomia krisiak, gizarteko gainerako sektoreei bezalaxe, asko eragiten die gorreria duten pertsonei ere. Asenjok azaldu duenez, “laugarren sektorea deiturikoari —ezintasunen bat duten herritarrekin lotura duena— bereziki kalte egiten dio egungo egoera ekonomikoak, diru arazoek bulegoak ixtera behartu baitituzte pertsona horien alde lan egiten duten elkarte asko”. Osasunari, hezkuntzari eta gizarte zerbitzuei eragin die krisiak, eta Asenjok “hamarkadatan atzera egiteko arriskua” ikusten du. Edonola ere, Aransgik lanean jarraitzeko asmoa duela ziurtatu du: “Urteotan guztiotan lan gogorrari esker lortu dugunari eutsi nahi diogu; gure seme-alaben eta gerora etor daitezkeenen ongizatea bermatzen ahaleginduko gara”.

Hain justu, EH Bildu koalizioko Eva Blanco de Angulo legebiltzarkideak Zeinu-Hizkuntzako Interprete eta Pertsona Gor-Itsuen Gidari-Interprete Zerbitzuari buruz legez besteko proposamena aurkeztu zuen urri amaieran Eusko Legebiltzarrean. Proposamenaren arabera, “administrazio publikoek bermatu beharreko eskubidea da pertsona gorrek bizitzaren eremu guztietan aukera berdintasuna izatea”, eta, horretarako, keinu hizkuntzako interprete zerbitzua ezinbestekotzat jo zuen EH Bilduko ordezkariak. Euskal Gorrak elkarteak, ordea, astelehenetik ostiralera eta goizeko zortzietatik arratsaldeko zortzietara eskaintzen du zerbitzu hori. Blanco de Angulok kezka agertu zuen legez besteko proposamenean “gauetan eta asteburuetan zerbitzurik ez dagoelako”, eta egoera hori osasun zerbitzuei dagokienez “bereziki larria” dela zioen. Hargatik, bi eskaera egin zizkion Eusko Jaurlaritzari: pertsona gorrei eta gor-itsuei eguneko 24 orduetarako Zeinu-Hizkuntzako Interprete eta Pertsona Gor-Itsuen Gidari-Interprete Zerbitzua bermatzea; eta, egungo egoerari erantzuteko, zerbitzu hori bermatzea arratsaldeko zortzietatik goizeko zortzietara eta asteburuetan, SOS Deiekin koordinatuta.

Asenjok bat egin du gorreria dutenen beharrak asetzeko aldarriarekin: “Bizitzan ustekabeko egoerak etor daitezke, eta posible da interprete baten beharra planteatzeko aukerarik ere ez izatea. Kasu horietarako, Osakidetzak bermatu egin behar ditu bestelako zerbitzuak, ordutegi eta lanegunekin baino gehiago, beharrei erantzutearekin zerikusia dutenak, alegia”. Eusko Legebiltzarreko mahaiak azaroaren 26ko bilkuran erabaki zuen EH Bilduren proposamena eta gainerako alderdiek eginiko zuzenketak tramitatzeko onartzea, eta Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordeari bidali zizkion, Aldizkari Ofizialean argitara ditzan.

Informaziorako eskubidea

2014rako erronken artean, orain artekoei eutsiko die Aransgi elkarteak. “Gorreria dutenentzako egitasmo globalak aurrera ateratzen ahaleginduko gara, eta gorrei zein haien senideei diziplina askotako arreta eskainiko diegu”, azaldu du Asenjok. Lanean jarraituko dute gorrak gizartean integratzeko, gaitasunak garatu eta egiazko burujabetza lor dezaten.

Aransgiko teknikariaren hitzetan, “informazioa pertsona guztien eskubidea den neurrian, gizartearen betebeharra ere bada”. Edonola ere, gizarte partaidetzarako informatuta egotea ezinbestekoa dela uste du Asenjok, eta azaldu du hori elementu garrantzitsua izango dela aurten: “Informazioa eskuratzeko aukera eta gizarteak informazioa emateko egin beharreko ahalegina sustatuko ditugu, uste dugulako gorreria dutenek nahi gabe informazio asko galtzen dutela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.