Parte hartze prozesu bat hasi dute Tolosaldean, bilketa sistema hobetzeko

Duela sei hilabete pasa hasi ziren hondakinak atez ate biltzen Alegia, Anoeta, Irura, Villabona eta Zizurkilgo herritarrak. Hasieran adierazi bezala, hilabete batzuk pasatu ondoren parte hartze prozesu bat abiatu du Tolosaldeko Mankomunitateak, bilketa sistema hobetzeko asmoz. Horretarako, galdetegiak banatu dituzte etxeetan, eta kaleetan jarritako paneletan ere eman daiteke iritzia.

Hondakinen bilketa sistemaren inguruan oro har galdetzeaz gain, zenbait arlo zehatz ere bildu dituzte galdetegian: zintzilikarioak, bilketa guneak, informazio guneak, ordutegiak, bilketa egunak… Gustukoena, faltan sumatutakoa eta hobetzeko dagoena azaltzeko aukera ere eman dute bertan.

Herri bakoitzaren beharretara egokitutako prozesua da, eta, beraz, fase desberdinetan daude. Anoetan eta Zizurkilen abenduan hasi ziren; gainerakoetan, berriz, urtarrilean.

Ondoren, bilerak

Herritarrek emandako iritziak aztertu eta ondorioak atera ondoren, bilketa sistema hobetzeko lanketa hasiko dute. Hori ere herritarrekin egingo dute, hainbat bileratan.

Mankomunitateko ordezkariak baikor agertu dira orain arte sistemak bost herrietan emandako emaitzekin. Haiek azaldutakoaren arabera, 2013ko maiatzean gaika biltzen zituzten hondakinen %18,5; ekainean, berriz, %78,5.

Leave a Reply

Your email address will not be published.