“Tximiniak udan edo udazken hasieran garbitzea da egokiena”

Tximinia aurrean nahiz teilatuetara igota lan egiten du Joxe Mari Albisu tximinia garbitzaileak (Zaldibia, 1966). Lazkaon jaioa bada ere, Zaldibian bizi da duela hainbat urte. Urte guztian izaten du zeregina; gehiena, dena den, udazken aldera. “Tximinia piztu eta arazoak ematen hasten denean oroitzen da jendea tximiniak garbitu behar direla”, azaldu du.

Duela lau urte inguru hasi zen ofizio horretan; egun Kelanak enpresan egiten du lan. Bartzelonan egin zituen ofizio horrekin hasteko lehen urratsak. Katalunian ikasi zuen lanbidea, tximinia garbitzaile moduan aritu baitzen Bartzelonako enpresa batean. “Egun batean Jakan [Aragoi] ikusi nuen lanbide hau, eta hortik abiatuta hasi nintzen. Lanbidearen inguruan informazioa biltzen hasi nintzen, eta Katalunian eta Frantzian tximinia garbitzaileak zeudela ikusi nuen. Horrela erabaki nuen lanbidearekin hastea”.

Hotza iristearekin batera, tximiniak eta berogailuak pizten dira Euskal Herriko hainbat etxetan, eta, horrekin batera, areagotu egiten dira istripuak izateko arriskuak ere. Ahalik eta ezbehar gutxien gertatzeko, tximinien mantentze egokia egin beharra dago: “Tximiniak udan edo udazken hasieran garbitzea da egokiena”.

Tximiniari emandako erabileraren arabera gehiago edo gutxiago garbitu behar dela azaldu du: “Erabilpenaren araberakoa izaten da garbiketa. Batzuek urtean bi aldiz bakarrik erabiltzen dute tximinia, eta beste batzuek, aldiz, urte guztian”. Tximinia eraikita dagoen moduak ere eragina izaten du garbiketan. Tximinia batzuk zuzenak dira; beste batzuek, berriz, kurbak dituzte. Azken horiek gehiago zikintzen dira, eta sarriagotan garbitzea komeni dela esan du tximinia garbitzaileak.

Euskal Herriko hainbat baserri eta etxetako tximiniak garbitzen ditu Albisuk, gehienbat Gipuzkoa eta Nafarroako etxeetakoak.

Garbitzeko prozedurari dagokionez, lehendabizi gida batekin eskuila bat sartzen da tximiniaren beheko aldetik: “Normalean, behetik gora pasatzen dut gida nik”. Eskuilarekin hormak karraskatzen dira. Horma motaren arabera, eskuila bat edo bestea erabiltzen da. “Oso ezberdina da hodia altzairuzkoa edo betoizkoa izatea, eta eskuila desberdina erabili behar da hodi bakoitzerako”. Hodi mota bakoitzarentzat eskuila desegokia erabiltzeak tximinia urratzen duela ohartarazi du Albisuk. Eskuilarekin tximiniaren barreneko hormak karraskatu ondoren, behera erortzen den zikinkeria garbitzen da xurgagailu baten bidez.

Tximiniatik sartzeko gidak eta xurgatzailea erabiltzeaz gain, kamera bat ere erabiltzen du zaldibiarrak tximiniaren barrualdea ikusteko. Baita hodi moduko tresna batzuk ere, tximiniako hormek pitzadurarik ote duten ikusteko.

Ordubeteko lana

Normalean, tximinia bat garbitzeko ordubete inguru pasatu behar izaten du. “Baina tximinia bat urte askoan garbitu gabe egon bada, askoz denbora gehiago behar da garbitzeko”.

Lanbide berezia da, eta baditu hainbat zailtasun: “Kamerak izan arren, askotan ez da ongi ikusten barruan zer dagoen. Horrez gain, tximinia batzuek kurbak izaten dituzte, eta horiek garbitzeko asko okertu behar da gida. Horrelakoetan, askotan teilatutik lan egin behar izaten da, eta horrek ere hainbat zailtasun dakartza; lotu egin beharra, esaterako”.

Gainera, askotan tximiniak zaharkituta eta hondatuta egoten direla esan du, eta horrekin ere kontuz ibili beharra dagoela. Tximinietako kebidearen hormei pilatuta, erretxina geratzen da, eta horrek areagotu egiten ditu suteak sortzeko arriskuak: “Askotan, tximinietan zikinkeriak pilatzen dira, eta, horren ondorioz, su hartzen dute tximiniek”.

Azkenaldian tximiniak garbitzeko produktu kimikoak asko zabaldu diren arren, horiek ez dute urteroko garbiketa baztertzen, Albisuren arabera; hau da, tximinia barrutik eta osorik garbitzea komeni da makineria egokia erabiliz: “Produktu kimikoek mantentzerako balio dute, eta betiere altzairuzko hodietan bakarrik erabil daitezke. Gainera, tximiniak zuzena izan behar du; bihurguneren bat baldin badu, produktu horiek ez dute balio”.

Horregatik komeni da urtean behin behintzat tximiniak garbitzea. “Esaten dutenez, betoizko tximinietarako kaltegarriak dira produktu horiek. Tximiniaren poroetatik sartzen da produktua, eta betoiari kalte egiten dio”.

Tximiniak, oro har, seguruak direla esan ohi dute, baina, horretarako, erabiltzaileek hainbat ardura hartu behar dituzte kontuan. Garbitzeak ez ezik, sua pizteko erabiltzen den egur motak ere garrantzi handia dauka: “Garrantzitsuena egurra lehorra egotea da”.

Tximiniak pizteko estiloak ere eragin handia dauka ondoren etorriko den garbiketan. Tximinia garbitzaileak azaldu duenez, batzuek oso ongi erretzen dute egurra, eta horrek ere lan gutxiago ekartzen du ondoren tximiniak garbitzeko orduan. Beste batzuekin, aldiz, lan gehiago egin behar izaten da.

Erabilera igotzen

Lanbidea ezohikoa den arren tximinien erabilera igotzen ari dela dio Albisuk. “Gasaren prezioa ikusita, jendea geroz eta gehiago animatzen ari da tximiniak erabiltzera”. Garai batean, tximinia gehiago izaten zen etxeetan. Baina, ohiturak aldatu egin diren arren, egurraren erabilera handitzen ari da azken urteotan gasaren prezioak izan duen igoeragatik.

Tximinia garbitzailearen ofizioa ez da guztiz ezaguna, eta inguruko tximinia garbitzaile bakarrenetarikoa da Albisu. “Jende askok ez daki ofizio hau dagoenik ere”. Horrez gain, Albisuk azaldu duenez, Frantzian eta Katalunian ohitura handiagoa dago tximiniak garbitzeko Euskal Herrian baino.

Leave a Reply

Your email address will not be published.