‘Ataria’-ren atariko bertso saioa

Bertsolaritza

Tolosa

Azken urteetan bezala, aurten ere bete egingo da Tolosako Leidor aretoa Txolarre irratiak antolatu ohi duen bertso saioan. Punta-puntako bertsolariak bilduko dira bihar, 18:00etan: Igor Elortza, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia eta Andoni Egaña. Gaiak jartzen, berriz, Amaia Agirre ariko da. Sarrera guztiak saioa izan baino astebete lehenago bukatu ziren.

Bertso jaialdiak bosgarren aldia du aurten. Aurrekoetan, Txolarre irratia izan du antolatzaile; orain, ordea, Tolosaldeko Ataria proiektu berriak hartu du lekukoa. Hiru hedabide elkartu dira horretan: Txolarre irratia bera, Galtzaundi aldizkaria eta Tolosaldeko Hitza egunkaria.

Proposamenak Twitterren

Berezia izan ohi da Txolarreren jaialdia; neurri eta doinu jakinetan kantatu beharreko bertsoak ez ezik, ariketa bitxiak ere aurkezten zaizkie bertsolariei. Bihar, sare sozialei tarte bat egingo diete; hori horrela, Twitterren edonork du gaia proposatzeko aukera, #bertsogaia traola erabiliz. Irabazlearen proposamena jarriko die Agirrek bertsolariei, eta, gainera, saridunak jaialdirako bi sarrera eskuratuko ditu. Orain arte, askotariko gaiak proposatu dituzte sare sozialean erabiltzaileek: Eguberriak, politika, heriotza, independentzia, 2014rako asmoak…

Umoretik asko izaten du urtarrileko jaialdiak. Iaz, esaterako, zazpi filmen kartelak erakutsi zizkion Agirrek Lujanbiori, eta hernaniarrak gainerako bertsolariak non kokatuko lituzkeen erabaki behar izan zuen. Casablanca-n jarri zuen Jon Maia, filmeko esaldi ezagunari eta Maiaren Gazta zati bat lanari erreferentzia eginez: “Beti geratuko zaigu guri Idiazabal”. Alaia Martin Drakula izan zen, eta zehaztu gabe utzi zuen Lujanbiok Amets Arzallus nor izango ote zen Titanic filmean: “Leonardo DiCaprio edota izozmendia”.

Eskualdeko hainbat bertso eskolatako haurrak ere aritu izan dira bertsolariak zirikatzen, baita euskara ikasten ari diren eskualdeko atzerritarrak ere. Puntu hau jarri zion mexikar batek Maiari duela bi urteko jaialdian: “‘Mexiko lindo’ da, baina zu ere bai, alajaina”. Eta Maiak erantzun: “Ene ze ondo mugitzen duen euskaraz mingaina / hizkuntza baten ordaina / lore politen tamaina / ‘Mexiko lindo’ izango da bai, baina ez zu aina”.

Teknologiari begira

Urrian ekin zioten Tolosaldeko Ataria-ko hiru hedabideek proiektu bateratuari, nahiz eta aurretik ere elkarlanean aritu izan diren. Bihar egingo duten bezala, beren eguneroko jardunean ere teknologia berriei lekua egitea dute asmoetako bat. “Iritsi da unea beste jauzi bat egiteko, adibidez, Interneteko plataforma sendo bat egiteko”, zioen Ainhoa Oiartzabal Ataria-ko arduradunak proiektuaren aurkezpenean. Aldi berean, herritarrei zuzenean parte hartzeko aukera ere eskaini nahi diete, biharko jaialdian egingo duten bezala.

Euskalgintza du oinarri Tolosaldeko Ataria-k, eta esparru horretan ere eragin nahi dute. “Batzuetan, ahaztu egiten dugu zein esfortzu eskatzen duen euskarazko komunikabide bat kalean izateak. Hutsune asko daude, eta horretan lanean jarraitu behar dugu”. Biharko saioa bide berri horretako lehen fruituetako bat izango da.

BERTSO JAIALDIA

Non. Tolosan, Leidor aretoan.

Noiz. Bihar, 18:00etan.

Bertsolariak. Igor Elortza, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia eta Andoni Egaña ariko dira kantuan. Gai jartzailea: Amaia Agirre.

Jakingarriak. Sarrera guztiak amaitu dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.