Kamerari klik egin eta argazkia ateratzea baino konplexuagoa da argazkigintza mundua. Argazkilarien lanak kamerako botoia kliskatzeko segundo bakar hori baino askoz gehiago eskatzen du, aurretik eta ondoren lan handia egin behar baitu profesional batek. Gainera, askoren ustez, argazkilariek edozein motatako argazkiak egin ditzakete argazkilari izateagatik soilik, baina ofizio horrek hainbat azpiatal edo espezializazio ditu. Idoia Unzurrunzaga (Donostia, 1968) arkitektura argazkilaritzan espezializatutako argazkilari profesionala da.
Hogei urte inguru igaro dira mundu horretan sartu zenetik, eta, besteak beste, enpresentzat, erakundeentzat eta partikularrentzat argazkiak ateratzen ditu. Arkitektura argazkiez gain, erreportari lanak, erretratuak, erakusketak eta argazki klaseak egin ditu: “Bartzelonako eskola batean ikasi nuen argazkilaritza; eskola hartan, argazkigintzaren historia, kimika, konposizioa, laborategia, argiztapena eta beste hainbat gauza landu nituen”, adierazi du Unzurrunzagak. Gerora, Arte Ederrak ere ikasi zituen.
Ingurua ikertu, argi egokiena aukeratu, distantziak aztertu eta beste zenbait teknika kontuan izan behar ditu argazkilari batek. Irudimena izatea ere dohain garrantzitsua da: “Batzuek berezko sormen handiagoa izan dezakete besteek baino; hala ere, esperientzia eta ikasketarekin hobetzen dugu guztiok”.
Argazkilariek ateratako argazkiak aurrez pentsatuak ala naturalki momentuan sortuak diren azaltzean, hau dio donostiarrak: “Bezeroarentzat lan egiten dugunean, irudiaren erabilpena nahiko finkatuta egoten da, eta horrelakoetan bezeroen beharrei erantzun behar diegu; gaia, irudikapena, prozesua, teknika, lan baldintzak, epeak… norberak ipintzen ditu. Baina serie pertsonalak egiten ditugunean, askatasun handiagoz ateratzen dira argazkiak”. Argazkilarien lana ez da argazkiak ateratakoan amaitzen; elaborazio lana egin behar dute, irudiaren tratamendua edo postprodukzioa, alegia.
Ofizioaren espezializazioan sartuz gero, hainbat atal aurki daitezke, eta espezializazio bakoitzean dabilenak kontuan izan behar ditu arlo horretako arauak. Prentsarako lan egiten duenak, esaterako, azkar atera behar ditu argazkiak. Publizitatean dabilenak, ordea, estudio bat behar du, eta denbora mordoa ematen du aurrelana egiten. Gauzak nola kokatu pentsatu behar dute, bisualki zer azaldu nahi duten adierazi behar baitute.
Ezkontza argazkiak ateratzen dituzten argazkilariek ere beste zenbait kontzeptu aintzat hartu behar dituzte. Maitasuna, poza, momentu bereziak irudikatu behar dituzte, eta adi adi-egon behar dute. “Nik, arkitektura sailean, obra baten prozesuari, ondare baten irudiari, dorretxeei, eraikin baten fatxadari… ateratzen dizkiet argazkiak”.
Lanbideari dagokionez, argazkilari guztiak multzo berean sartzeko joera dagoela uste du Unzurrunzagak: “Enkargu eta bezeroen arabera, lan dinamikak ez du zerikusirik batak bestearekin; nire egunerokoak ez du zerikusirik prentsako argazkilari baten egunerokoarekin”. Gaineratu du gaur egun kamera automatikoekin argazki ederrak atera daitezkeela, eta “argazkilarien zerbitzua aurrezteko joera” sumatzen dutela, “arlo batzuetan besteetan baino gehiago, noski”.
Irudia zaintzea
Gipuzkoako arkitektura arloko webgune askotako irudiak web horren enpresek edo instituzioek egiten dituzte, eta, donostiarrak azaldu duenez, irudia ez da horrenbeste zaintzen. “Instituzionalki, begi bistakoa da askotan ondarearen argazkiak ez dituela profesional batek egin. Ez da hainbeste zaintzen irudia, hau da, erakutsi nahi dutenaren edukia azaltzen dute, baina, ez dute zaintzen nola erakusten duten”, esan du. “Argazkilarien artean askotan komentatzen dugu hemen kultura bisual gutxi dagoela dirudiela”.
Sukaldaritzako argazkien kasuan, aldiz, aurkakoa gertatzen da: gainontzeko argazkigintza eremuetan baino gehiago zaintzen da irudia. “Sukaldarien atzean beti egon da argazkilari profesional bat. Plater horien argazkiak egiteko aldez aurreko lana oso luzea da”. Argazkiak ateratzen hasi aurretik, bi edo hiru ordu eman ditzakete aurreko lana edo prestakuntza egiten. “Sukaldariek asko baloratzen dute argazki onak egitea; argazkilarien emaitza bikaina da”, gaineratu du”.
Irudi ederrak eta kalitatezkoak lortzeko, Unzurrunzagak esan du argazkilariek inbertsio handia egiten dutela, eta hori balioan jarri behar dela: “Hainbat argazkilarik ekipo oso garestiak dituzte; batzuek 50.000 eurotik gorako inbertsioa egiten dute. Beraz, jendeak ez dezala pentsa argazkilaritza klik bat egitea bezain sinplea denik”.
Inbertsio handia
Aurre inbertsio handia eskatzen duen ofizioa izaki, hori amortizatu beharra izaten da. “Amortizatu beharreko inbertsio horiek ez dira gustukoak, baina, kontziente gara bezeroarekin dugun konpromisoak eta merkatuak eskatzen dituen aldaketekin bat egon behar dugula”. Argazkilari askok ekipoa erosi behar izaten dute, eta, teknologiak aldatzen diren heinean, lan tresnak ere aldatu egin behar izaten dituzte: “Kamera 4-5 urtero aldatzen dugula komentatu zidan behin komertzial batek, eta nire kasuan, hala izan da, orain erabiltzen dudana bosgarren kamera baita”.
Baina Unzurrunzagak gogoratu du etxe batean argazkiak ateratzean jendeari asko iruditzen zaiola argazki baten truke 50-80 euro ordaintzea. “Etxe horretara eramaten den ekipoak 18.000 euro balio dezake, eta hori ulertu behar du jendeak”.
Argazkilari autonomoek bezeroen eskariaren arabera lan egiten dute. “Bezeroei zerbitzu bat ematen diegu, eta zerbitzu horrengatik ordaintzen digute. Batzuetan, zerbitzu horrek egun bat irauten du; besteetan, astebete, hilabete… Lana amaitu, eta hurrengo bezeroen bila hasi behar duzu; batzuetan nekagarria da”.
Leave a Reply