Debabarrena eskualdeko mankomunitateak etxean konposta egiteko kanpaina bat abiatu berri du. Lorategi eremu bat duten herritarrentzako egitasmoa da, eta, hasteko, berrehun konpostagailu banatuko ditu kanpainarekin bat egiten dutenen artean, doan.
Zortzi udalerritara zabalduko da egitasmoa: Deba, Eibar, Elgoibar, Ermu, Mallabi, Mendaro, Mutriku eta Soraluzera. Mankomunitatearen eta udalen elkarlanaren bidez, heziketa ikastaroak eskaintzen hasi dira aste honetan herriz herri; herenegun egin zuten lehena, Soraluzen; Eibarren, berriz, atzo elkartu ziren. Ikastaroak bukatutakoan banatzen dute materiala izena eman eta ikastarora joan direnen artean.
Konpostagailuak banatzearekin batera, konposta egiteko beharrezkoak diren gainerako baliabideak ere herritarren eskura jartzea da mankomunitatearen asmoa: eskuliburua, konpost-aireztagailua, laguntza zerbitzua, prozesuaren jarraipena… Hori horrela, erabiltzaileek telefono bidezko arreta zerbitzua izango dute (902-10 28 85), baita edozein kontsulta edo iradokizun egiteko webgune bat ere: www.debabarrenakonpostatzen.com.
Mankomunitateak birziklatzea sustatzeko eta hondakinak murrizteko hartu dituen neurrien artean dago etxean konposta egiteko azken kanpaina. Arcadio Benitez mankomunitateko presidenteak azaldu duenez, “materia organikoa birziklatzea funtsezkoa da birziklatze zifrak hobetzeko, zabor poltsaren ehuneko oso handia delako”.
Haren ustetan, etxean konposta egitea “alternatiba bat” da, bereziki dentsitate txikiko eremuentzat. Ezarpenerako eremu egokitzat jo dituzte zelaigunea duten banakako etxebizitzak, baserriak eta, oro har, konpostagailuak ezartzeko egitura egokia duten auzoak —baratzeak dituzten inguruak, adibidez—.
Emaitzatik haratago, Benitezek gogorarazi du kanpainak berak baduela “eragin pedagogiko garrantzitsua”. Mankomunitatearen arabera, konpostatzea kontuan hartzekoa da “iraunkortasunaren aldetik”, eta “garrantzi handikoa” da ekonomiari dagokionez.
Lehiaketa Urolan
Urola erdialdeko Zerbitzu Mankomunitateak Birziklatu izeneko kanpaina jarri du martxan, Ecoembes eta Ecovidrio erakundeen laguntzarekin. Horren bitartez, Azkoitiko, Azpeitiko, Aizarnazabalgo, Beizamako, Bidegoiango, Errezilgo eta Zestoako herritarrek lehiaketa berezi batean parte hartzeko aukera izango dute hilaren 31 arte.
Herritarrek postontzietan jasoko dituzte lehiaketaren ezaugarriak azaltzen dituzten afixak; zenbait jardueraren bidez, birziklatzeari lotutako hainbat iradokizun edo proposamen bildu nahi dituzte. Onenen artean, hiru sari banatuko dituzte; epaimahaia, berriz, mankomunitateko eta udal bakoitzeko ingurumen teknikariek osatuko dute.
Leave a Reply