Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15 eta 29 urte bitarteko gazteen bostetik batek lokala du egun, Gazteen Euskal Behatokiak lokalen fenomenoari buruz egindako ikerketaren arabera. Horrek herriz herri lokal asko daudela esan nahi du, eta Gipuzkoa ez da salbuespena. Aisialdia lokaletan pasatzen duten gazteen eta lokalen inguruko bizilagunen artean sortu izan diren arazoak direla medio, egoera arautzeko erabakia hartu dute hainbat udalek. Tolosa da horietako bat: partaidetza prozesua egin ostean, udal ordenantza amaitu dute bertan. Elgoibarren, 2010ean egin zuten; Azpeitian eta Hernanin ere ekin diote egoera adostu batera heltzeko prozesuari, gazteen eta bizilagunen arteko elkarbizitza errazteko helburuz.
Nerea Cereceda Tolosako gazte arloko teknikariaren arabera, “gazte lokalen historiak urte asko dituen arren, ordenantza sortzeko erabakia 2013an hartu zuen udal gobernuak, elkarbizitza araudi bat martxan jarri beharra ikusi zuelako”. Gazte lokalen egoera arautzen zuen ezer ez zegoen, eta horri erantzun nahi zitzaion; batik bat, asteburuetan lokalen inguruetako bizilagunen kexak jasotzen zituztelako: “Lokal inguruak zikinak zeudela, gazteek zarata egiten zutela eta halakoak”. Horrez gain, Tolosan izan zuten “kasu gatazkatsu bat ere”. Lokal bat hartu nahi zuten gazte batzuek, eta bizilagun bat lehen egunetik oinarririk gabeko kexak jartzen hasi zen, ez zuelako gazteek lokala hartzerik nahi, eta kasua auzitaraino iritsi zen. “Ondorioz, egoera zehaztu gabe zegoela ikusita, beharrezkotzat jo genuen udal ordenantza baterako partaidetza prozesua martxan jartzea”, azaldu du Cerecedak.
Udaltzaingoaren laguntzarekin, eta zinegotziek eta teknikariek ezagutzen zituzten gazteei esker, gazte lokalak identifikatu zituzten, eta banan-banan guztietara jo zuten, udalaren asmoak azalduz. “Erantzun nahiko ona izan genuen. Prozesuan 50 gazte inguruk parte hartu zuten, lokaletan egin genituen bilerak alkatea bertara joanda. Eurek ere beharrak ikusten zituzten; prozesua gazteentzat nahiz bizilagunentzat ona izateko helburuarekin egin da”, kontatu du Cerecedak. Prozesuaren lehen helburua gazteei entzutea zen, arratsalde oso bat haiekin pasatzea eta kontatzeko zutenari kasu egitea, eta hori asko baloratu zuten. Gainera, punturen batzuetan adostasuna ere bazen udal ordezkarien eta gazteen artean: “Bitxia izan zen lokaletan dauden gazteen artean saretu beharra ikusten zutela eurek ere. Jakitun daude lokaletan sartzen direnean ghetto modukoetan geratzen direla eta gainerako gazteekin harremanak izateari uzten diotela”. Partaidetza prozesuak lagundu die sare hori eraikitzen, eta zenbait ekintza egin dituzte elkarlanean. Orain gutxi, tailer bat antolatu zuten Lokalak txukunduz izenarekin, eta “paletak erabiliz lokaletarako altzariak nola egin ikasi zuten”, gazte arloko teknikariak azaldu duenez.
Adostasuna posible da
Guztira, 70 lagunek baino gehiagok parte hartu dute partaidetza prozesuan egindako hiru bileretan. Gazteria zinegotzia, Tolosako gazte arloko teknikaria, Aztikerreko teknikaria, gazte lokaletako kideak, bizilagunak, lokalen jabeak eta adingabeen gurasoak, tartean. “Denetariko jendeak” parte hartu du prozesuan: “15 urte bueltatik hasi eta 30 urtera arteko gazteak egon dira. Bizilagunek, lokaletako gazteek eta adingabekoen gurasoek ere parte hartu dute. Nahi zuten guztiei eman zaie parte hartzeko aukera”. Hasieran, bizilagunen eta gazteen artean oso jarrera kontrajarriak zeuden, baina poliki-poliki elkar ulertzea lortu dute. “Epaituak izaten ari ziren gazte horietako baten gurasoa etorri zen bilera batera, eta tentsioa sortu zen une batean, bere semeak bizi izandakoa kontatu zuen, eta, horri esker, posible izan zen bi aldeek elkar ulertuz eztabaidatzea”.
Adostasun horri esker lortu dute udal ordenantzako puntuak osatzea. Lokala duten eta nahi duten gazteak udalean erregistratzen dira orain, eta horretarako erregistro fitxa bat prestatu dute: kide kopurua, lokalaren metroak, komunik badagoen, su itzalgailuak… “Behin fitxa hori beteta, udaleko hirigintza teknikaria lokalera joango litzateke, gazteen lokalak ordenantzan ezarritako baldintzak betetzen dituen ikustera”, azaldu du Cerecedak. Betetzen baditu, aurrera egiteko baimena ematen du udalak; baldintzaren bat betetzen ez denean, hiru hilabeteko epea ematen da horretarako. Protokolo mahai bat ere osatu dute; gazteek, udal zinegotzi eta teknikariek, eta bizilagunek parte hartzen dute bertan, eta lokalen batean arazoren bat bada, irtenbidea denen artean topatuko dute.
Bizilagunen aldetik jasotako kexengatik ekin zioten Azpeitian ere udal ordenantza osatzeko prozesuari, Imanol Amenabar Gazteria zinegotziaren hitzetan, baina baita lokaletako baldintzak hobetzearren ere: “Astero jasotzen zituzten bizilagunen kexak udaltzaingoan. Udalari dagokionez, berriz, lokalen segurtasun baldintzak bermatzeagatik nahi genuen ordenantza egitea”. 2012. urte amaieran aurretik hasi ziren lanean: “Udaletik parte hartze prozesuak Denon artean dinamikaren barnean garatzen ditugu, eta horren barnean deitu genuen batzar ireki batera, gazteei begira lokalen inguruan hitz egiteko. Hiru lokaletako gazteak baino ez ziren etorri, gutxi samar. Baina haiekin adostu genuen udalak ordenantzaren zirriborro bat egingo zuela eta hori aurkezteko bilerak antolatuko genituela berriz ere”.
Hala, behin zirriborroa osatuta, lokaletara bidali zuten bileretarako deia eginez, eta aurten bi batzar egin dituzte zirriborro hori aurkezteko. Batean, adingabeei eta euren gurasoei aurkeztu diete, eta bestean, 18 urtetik gorako gazteei. “Batzar horietan bai, batzar horietan jende dezentek parte hartu du”, azaldu du Amenabarrek. Oraindik ez dute gazteen aldetik ekarpen askorik jaso, baina aurtengoa “trantsizio urtea” izatea nahi dute: “Ordenantza zehaztu eta lokalak araudi horren arabera egokitzen joatea gustatuko litzaiguke”.
Elkarbizitza helburu
2010eko urtarrilean eta otsailean bideratu zuen Elgoibarko Udalak gazte lokalei buruzko parte hartze prozesua, eta udal araudi bat izan zen horren emaitza. Ordenantzaren xedea, batez ere, gazteek aisialdi alternatiborako erabiltzen dituzten guneen gutxieneko segurtasuna eta garbitasuna bermatzea zen; baita erabiltzaileen eta auzotarren artean sor zitezkeen arazoak saihestea ere. Hala, hainbat baldintza zehazten ditu duela lau urtetik indarrean dagoen ordenantzak, azpiegiturari lotutakoak horietako gehienak: lokal guztiek aseguru poliza bat behar dute; gutxieneko eremu erabilgarria hogei metro koadrokoa izatea; iturriko ura eta argindarra, lehen laguntzarako botika kutxa, larrialdietarako argia egotea; bi metro koadroko pertsona bat baino gehiago ez sartzea; lokal guztiek bainugela izatea beharrezkoa da, sukaldeak eta janaria prestatzeko gailuak debekatuta daude, baita edozein motatako erregaiak ere. Suteei aurre egiteko prebentzio eta babes neurriak eta su itzalgailu homologatu bat beharrezkoa da ehun metro koadroko. Lokalez gain, kanpoaldea eta ingurua garbi mantendu behar dute gazteek. Lokalak urtero ikuskatzen dituzte teknikariek, nola dauden ikusteko eta guneen zerrenda eguneratzeko.
Hernanin orain gutxi ekin diote gazte lokalen egoera erregulatzeko prozesuari. Maialen Apezetxea gazteria teknikariaren arabera, ez dute udal ordenantzarik osatzeko asmorik; “elkarbizitza protokolo bat” ezarri nahi dute, lokaletan dauden gazteen eta inguruetako bizilagunen arteko harremanak onak izan daitezen.
Leave a Reply