Hasteko ordua heldu aurretik bildu dira hitzartutako lekuan. Hamar bat dira pankarta aurrean, baina haren atzean kopurua hirukoiztu edo laukoiztu egiten da gutxienez. Donostiako Askatasunaren hiribideko 17. zenbakiaren kanpoaldea hartu dute astelehen goizean Gipuzkoako erretiratu eta pentsiodunek, Duintasuna elkarteak antolatutako protestan. “Ez gaude etxean egoteko; nahiago dugu gure haserrea adierazi”. Horretan dihardute azken hilabeteetan, erakundeek ezarri dituzten edo ezarri nahi dituzten hainbat neurriren aurka.
“Guztiei eragiten diguten gaiak dira, eta izorratzen gaituztenak ere bai”. Hala dio Xabier Etxeberriak, elkarteko kideetako batek. Aipatutako gai horien artean daude, besteak beste, botiken berrordainketa eta pentsioak; murrizketak, oro har. Botiken berrordainketaren kasuan, bi hilabetez sinadurak biltzen aritu dira neurri horren kontra, eta guztira, 43.000 pasa lortu dituzte. Eusko Legebiltzarraren esku utzi ondoren, Osasun eta Kontsumo Batzordean euren desadostasuna adierazi zuten. “Esaten dute ezetz, baina ikusten dugu Madrildik esaten dieten guztia martxan jartzen dutela”.
Berrordainketak dakartzan ezberdintasunak gaitzetsi ditu Etxeberriak. Jaurlaritzak konpentsazio neurriak iragarri zituen urtean 18.000 euro baino gutxiago jasotzen duten pentsiodunentzat, baina elkarteko ordezkaria ez dago ados horrekin: “Gure asmoa da lehen bezala izatea: unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa. Ez batzuek ordaintzea eta besteek ez”.
Bi kideko hainbat familiaren kasua ere aipatu du. “Ez gaude ados bikote modura bizi diren bi pertsonentzat bakarrik 18.000 eurotik beherako kopurua kontuan hartzearekin. Kopuru horretara iristen ez direnen artean bikotekide bakoitzaren egoera kontuan hartu beharrekoa dela deritzogu, familia unitate horretan 18.000 euro bakarrik sartzen direlako”. Horrez gain, 417 botika errezetarik gabe utzi izana ere gaitzetsi du: “Hori ez dago onartzerik; gure buruan ez da sartzen”.
“Murrizketarik ez, murrizketarik ez”. Bozgorailutik azalpenak ematen bukatu orduko hasi dira pankarta atzean bildutakoak oihuka. Bitartean, Etxeberriak ohartarazi du pixkanaka arlo gehiagotan murrizketak egin nahi dituztela; tartean aipatu du errehabilitaziora joateko anbulantzia ordaindu behar izatea.
Gipuzkoa osoan
Aurrerantzean hilabete bakoitzeko lehen astelehenean elkartuko dira Donostian. Baina, horrez gain, Gipuzkoako beste hainbat herritan ere mobilizatzeko asmoa dute: Errenterian, Zarautzen, Tolosan, Andoainen… “Pentsatzen dugu eutsi egin behar diegula gure eskubideei eta orain arte lortutakoari, edo behintzat borroka egin, hori ken ez diezaguten”. Horretarako, jendea “mugiarazteko” gogoz daude; “dena ez dadila izan bidaiatzea edo kartetan jokatzea”.
Elkartera kide gehiago erakartzeko lanean, konturatu dira “bereziki zaila” dela alargunengana iristea. Horiek dira, hain justu, pentsio baxuenak kobratzen dituztenak. Dena den, erretirodunetatik haratago joatea gustatuko litzaieke Duintasuna elkartekoei, eta jada lortu dute, langabezian dauden hainbat lagun elkartu baitira haiekin aldarrikapenak egiteko.
Gazteengan jarri du begirada Etxeberriak: “Murrizten ari diren arren, guk badaukagu gure pentsioa, baina ikusten dugu gure atzetik datozenak oso lasai daudela, jende gaztea”. Jarri dituzten baldintzekin “ezinezkotzat” jotzen du gazteek pentsio osoa eduki ahal izatea: “37 urtez lan egin behar dute, hor nonbait, eta ikusten dugu zer-nolako kontratuak egiten ari zaizkien. Oso gaizki ikusten dut haien etorkizuna, baina ez ditut mugitzen ikusten. Espero dugu haiek ere borroka egitea”.
Ia bi urtez martxan
Martxoan bi urte egingo ditu Duintasuna elkarteak, eta “ahalik eta jende gehiena” elkartzea da haien helburua. Laster egingo duten batzarraren ostean jende gehiago batu nahi dute. “Ez da alderdi edo sindikatu jakin batekoa izan behar gurekin lan egiteko; gutun bat daukagu gutxieneko batzuekin, eta hori onartzen dutenak elkartean ari daitezke”. Gutun horretan zenbait ardatz agertzen dira; horien artean daude bizitza duin bat lortzeko eskubidea, emakumeen eta gizonen arteko eskubide berdintasuna, osasun babesaren eskubidea eta zerga sistema progresiboa, eta parte hartzeko eskubidea.
Elkarretaratzeak eta manifestazioak ez ezik, beste hainbat ekintza ere antolatzen dituzte; zaharren hainbat egoitzatan pentsiodunen murrizketen inguruko hitzaldiak eman dituzte, esaterako. “Jendeari zer gertatzen ari den azaltzeko egiten dugu; ez dezatela egin ezer gertatuko ez balitz bezala”. Aurrerantzean ere hala jarraitzeko asmoa dute: “Gauza asko dauzkagu egiteko; buruan bai behintzat”.
Leave a Reply