Gros Xake Taldeko Gros A taldean aritzen da Iñigo Argandoña (Donostia, 1981), Euskal Ligako Ohorezko Mailan. Gustura dago klubak Gipuzkoako taldekako txapelketako lehen jardunaldian lortutako emaitzarekin.
Zer moduz hasi duzue txapelketa?
Guretzat, txapelketa oso ondo hasi da, Orvina iruindarrari 4-0 irabazi eta gero. Gros B taldeak binako berdinketa lortu zuen Arrasateko taldearen kontra. Emaitza ona haientzat, helburua mailari eustea baitute. Aurten, zortzi talde atera ditugu Gros Xake Taldean, hainbat kategoriatan.
Nola ikusten duzu, oro har, Gipuzkoako jokalarien maila?
Gipuzkoako jokalariek maila oso onean jarraitzen dute; hala ere, jokalari gazteei kosta egiten zaie beteranoen mailara iristea.
Zer behar da xake jokalari on bat izateko?
Xakean dibertitzeko, ilusioa besterik ez da behar. Jokalari on bat izateko, talentu handia eta diziplina zorrotza behar dira.
Noiz hasi zinen xakean jokatzen? Zergatik aukeratu zenuen?
Aitak erakutsita hasi nintzen jokatzen. Kirol askotan lehiatu eta gero —eskubaloia, saskibaloia, atletismoa eta abar—, azkenean xakean jarri ditut indar guztiak.
Zer emaitza espero duzue Gipuzkoako txapelketan?
Helburu hauek jarri ditu klubak: jendeak ondo pasa dezala eta jokalari gazteek aurrerapauso handiak eman ditzatela. Tituluren bat irabazten badugu, ongi etorria izango da, noski.
Leave a Reply