Lagun aurrerakoi ateoak, agur

Urte berria lagun gehiegirekin hasi dudan susmoa daukat, eta batzuk haserretuko ditut, nire etsai bihur daitezen eta horrela garbiketa egiteko. Galbahea zein taldetatik pasa deliberatzen jardun naiz, eta ustezko ezkertiar aurrerakoi ateoei tokatu zaie, kromo hori askotan errepikatuta baitaukat.

Kromo horiek guztiak amorratu ziren abortuaren lege beldurgarria aurkeztu zutenean, ustezko entitate jainkotiar batek bidalitako ustezko profetak ustez esandakoen arabera eraikitako Eliza katolikoaren eragina nabaria zelako. Jatorri esoterikoa duten sinesmenen arabera gobernatzea astakeriatzat dute, baina paradoxa da egunerokoan ohitura esoteriko askoak dituztela horietako askok ere. Homeopatiaren zale ez denak Reiki egiten du. Ayurveda dieta jarraitzen ez duenak fitoterapiaren onuren inguruan matraka ematen du.

Gutxi batzuk, gainera, erakunde publikoek haien eszentrikotasunak diruz lagundu beharko lituzketelakoan daude. Ministro balira, osasun etxeen alboan baratzeak pilatuko lituzkete, enplastuak egiteko hain baliagarriak zaizkien pasmo belarra, berbena belarra eta intsusa bertatik bertara edukitzeko. Gallardonen bertsio new-age horiek agintea balute, aurrerantzean kaleko iturriek ur beroa emango lukete, edozein izkinatan infusio sendagarri bat egin ahal izateko.

“Osaba makrobiotiko bihurtu zen, eta minbizia sendatu zitzaion”, “Eneritzi landare batzuk hartu ondoren buruko minak arindu zaizkio” edota “San Antoni errezatzearekin mutil zahar izateari utzi eta andregaia topatu zuen” esaldiek antzeko helduleku zientifikoak dauzkate. Baina medizina alternatiboek eta ekialdetik iritsitako beste hainbat bitxikeriak badute sistemaz kanpotikoaren halako prestigio bat. Nik, ordea, ez dut sentitzen ama lurrak, munduko izaki bizidun guztiek eta oinarrizko lau elementuek kosmosarekin bat egitean sortzen den energia mistiko bortitz hori. Eta existitzen ez delakoan nago, izatez eszeptiko samarra bainaiz.

Nire arerio berriek pentsatuko dute abortuaren legea eta kiropraktika bezalakoak alderatzea nire tamainako kirten bati bakarrik bururatzen zaiola. Txarrenera, terapia horiek guztiek mesederik ez baina inongo kalterik ere ez diote egiten norbanakoari, erantsiko gero. Azkenean, katolikoentzat eskatzen duten berberarekin konformatuko omen dira: bere fedea modu pribatuan bizitzearekin, alegia.

Behin lagun ustezko ezkertiar aurrerakoi ateo gehienak galduta, nire agendak zein itxura hartu duen ez zait askorik gustatzen, dedio. Lagun ezkertiar aurrerakoi ateo berriak topatu beharko ditut. Benetakoak, ilustratuak, erlijio bakartzat metodo zientifikoa dutenak, kontraesanik gabekoak. Ea nola esplikatzen diedan Pedro Mari Goikoetxearen jatorri estralurtarrean irmoki sinesten dudala…

Leave a Reply

Your email address will not be published.