Ondarea, zahar ala berri izan

Luzuriagako bulegoak, Coca-Cola eta Farmazialarien Batasuna. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gipuzkoako ordezkaritzak uste du Donostiako industria ondarearen ikur gisa gorde beharko liratekeela aipaturiko hiru eraikinak. Hala adierazi diote Donostiako Udalari, Eraikitako Hiri Ondarearen Plan Bereziaren harira.

Hasierako onarpena eman berri dio Donostiak planari, gorde beharreko hiri ondarea babesteko irizpide berriak ezarriz, eta bertako elementu bakoitzaren babes maila zehaztuz.

Industria ondarearekin nahiko “zabar” jokatu izan da gaur arte; hala iritzi diote arkitektoen elkargoan. Uste dute interes handia zuten eraikin asko desagertuz joan direla, “gehienetan hiriaren hazkundeak” eraginda. Horregatik, geratzen direnen artean hiru eraikin “esanguratsuenak” txertatu dituzte arkitektoek Donostiako Udalaren planari aurkeztutako alegazioetan, eta garai baten azken aztarna gisa gorde ditzaten eskatu diote.

Juan Martin Garcia arkitektoen elkargoko Gipuzkoako ordezkaritzako Kultura batzordeko kidearen aburuz, Luzuriagako bulegoen eraikina “Donostiak izan dituen intereseko industria eraikin guztien artetik azkena izan daiteke”. 1950eko hamarkadako post-arrazionalismoaren garaikoa da, eta planak jasotzen du, baina, arkitektoen ustez, “marjinalki”, eraikinaren inguruan egin den planeamendu berriak ez duelako kontuan hartu eraikina.

Iraunkortasun irizpideak

Martinek uste du iraunkortasun irizpideak kontuan hartu beharko liratekeela hirigintza eta ondare kontuetan, “baina ez bakarrik arlo teknikotik begiratuta”. Eraikinak berrerabiltzea aurrezteko modu gisa ikusten du: “Irtenbideak ez du zertan beti izan eraikitakoa botatzea berriro eraikitzeko”.

Arkitektoek gordetzeko eskatu duten hiru eraikin industrialetatik bi erabiltzen dira gaur egun —Coca Cola eta Farmazialarien Batasuna, hain zuzen ere—, baina Luzuriagakoa hutsik dago aspalditik, eta, horregatik, “arriskuan”.

Izan ere, Luzuriagakoa kasu bitxia da. Pasaia eta Donostia arteko mugan dago, Molinao auzoan, eta kokapena, kasu honetan, eraikinaren kalterako izan da. “Donostian egon arren, zerbitzua eman diezaioke Pasaiari. Ondareak interes partikularren gainetik egon beharko luke”, dio arkitektoak.

Errealitatea, baina, bestelakoa da. Martinek salatu du eraikinaren inguruan egin dituzten lanak “eraikinari bizkar emanda” egin dituztela, “fatxada baten zati handi bat lurperatuz”. “Horrek erakusten du, printzipioz, ez dela egon Luzuriaga gordetzeko interesik, ezta inguruko garapen urbanistikoan txertatzekorik ere”.

Eskaera gehiago

Luzuriagako eraikina babesteko eskaera ez da berria; Antxotarrok Historia Mintegiko kideek aspalditik ekin zioten eraikina gordetzeko eskatzeari. Eusko Jaurlaritzaren industria ondarearen inbentarioan txertaturik dago, baita Ingeba Euskal Geografia Elkargoan ere.

Antxoko Historia Mintegiaren ustez, eraikinak “balio historiko, estetiko eta funtzionala du”, eta zerbitzu sozial eta kulturaletarako ekipamendu gisa erabilgarria izan daitekeela uste dute.

Coca-Cola eta Farmazialarien Batasunaren eraikinen kasuak bestelakoak dira. Martinen ustez, “eraikin oso esanguratsuak dira biak, Donostiako hiriaren memoria kolektiboaren adierazgarri garrantzitsuak”. Mugimendu modernoaren adierazgarri dira, “nazioarteko estiloan ohikoagoak”.

Martinek azaldu duenez, Peña Gantxegik proiektatutako eraikina “oso berritzailea” da industria barne eraikuntzari dagokionez, Farmazialarien Batasunaren beharren arabera eraikitakoa; “sendagaiak jasotzeko behar zituzten tenperatura eta argiztapen baldintzak kontuan hartuta”.

Eraikina, baina, ez dute jaso Eraikitako Hiri Ondarearen Plan Berezian, planak 1950. urtea baino lehen eraikitakoak baino ez dituelako kontuan hartzen, eta hori da, hain zuzen, arkitektoei gutxien gustatu zaien irizpidea. “Ez gaude ados irizpide horrekin”. Arkitektoen ustez, “ondareak ez du zerikusirik adinarekin”.

“Kontua ez da zaharra den guztia gordetzea”, dio, eta galdera bat plazaratu du: “Norbaitek jarriko luke ezbaian Kursaala gure ondarearen parte denik?”. Arkitektoak azaldu duenez, Moneoren hiru eraikin daude Donostian —Iesu eliza, Kursaala eta Urumeako etxebizitzen eraikina—, eta planak ez du bakar bat ere jasotzen.

Egoera berean daude arkitektoek txertatu nahi zituzten bestelako etxebizitza multzoak —Benta Berriko Lizarrituri eta Rezolako langileen etxebizitzak, Karmelo ikastetxea eta Egiako Korea taldea, kasurako—, baita Ondarretako Teniseko plazaren hirigunea ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.