Piezak taldean mugitzeko, erlojua martxan

Peoiak eta erreginak mugimenduan jarri dira Gipuzkoa osoan; zaldiak ere saltoka dabiltza. Erlojuak martxan dira, abian baita Gipuzkoako taldekako xake txapelketa. Joan den asteburutik, lurraldeko hainbat herritako lokalak txapelketaren egoitza bilakatu dira. Bihar jokatuko dute bigarren jardunaldia; lehiak bizi-bizirik jarraituko du martxora arte.

Guztira, 54 talde ariko dira nor baino nor gehiago, bakoitzean lau jokalari direla. Lau dira kideak, baita txapelketak dituen kategoriak ere: maila gorena, lehen maila, bigarrena eta hirugarrena. Klubei dagokienez, “oso banatuta” dago taldeen jatorria, Mikel Larreategi Gipuzkoako Xake Federazioko presidenteordeak azaldu duenez. Donostian hiru talde daude —Gros, Fortuna eta Añorga—, eta gainerakoan lurralde osoko eskualdeak daude ordezkatuta: Hondarribia, Beasain, Eibar, Arrasate, Tolosa, Zarautz… Horietatik guztietatik, lehiara azkena batu dena Legazpiko taldea da; sortze prozesuan dagoenetako bat, berriz, Azpeitikoa. Dena den, aldaketa gutxi batzuk kenduta, “azken lauzpabost urteetan” antzekoa izan da parte hartzea, jokalari kopuruari dagokionez.

Markak hobetzea

Lehen jardunaldian bezala, bihar arratsaldean ere herri askotara helduko da norgehiagoka, eta lehen jardunaldian lortutako emaitza hobetzeko edo berdintzeko ahaleginetan ariko dira denak. Oraingoz, maila gorenean, Eibar A eta Anaitasuna berdinduta daude lehen postuan; lehen mailan, Andoain da nagusi; bigarrenean, Gros G taldea, eta hirugarren mailan, Gros H eta Hondarribia-Marlaxka berdinduta daude.

Gipuzkoako taldekako lehiaketa horretatik haratago, “badago mugimendua” urte osoan xakearen inguruan. Larreategik dioenez, eskoletan xakean jokatzen irakasten da, eta, horrez gain, herri askotan dituzte xake klubak. Bostehun bat federatu kalkulatzen dituzte gutxi gorabehera, “Bizkaian duten kopuruaren antzekoa”.

Aisirako aukerak handitzeak izan du zerikusia parte hartzearekin: “Aukera aniztasuna dela-eta, murriztu egin da parte hartzea gazteenen artean; horri buelta eman ezinda gabiltza”. Larreategiren ustetan, dena den, ziurrenik ez da soilik xakean gertatu; beste hainbat kirol edo jardueretara ere zabal daiteke kasua.

Hala eta guztiz ere, Larreategik izandako esperientziaren arabera, haur asko ari zaizkie gerturatzen xakean ikasteko interesarekin. “Agian ez dira gero txapelketaren mundura sartzen, baina ikastera etortzen dira”.

Lehiaketak urte osoan

Lehiaketei dagokienez, federazioak antolatzen ditu gehienak. Hiru dira esanguratsuenak, horietatik bi, ofizialak: orain jokatzen ari diren taldekako txapelketa eta banakako txapelketa —urritik abendura izaten dena—. Bestea Aste Santuan egiten dute, eta, ofiziala ez izan arren, garrantzi handikotzat dute, nazioarteko jokalariak etortzen baitira Gipuzkoara; azken urteetan, “150-175 lagun”. Horiez gain, klubek ere hartu ohi dute hainbat lehiaketa antolatzeko ardura; herriko jaietan ere izaten da halakorik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.