Tolosako gazteak pozik daude prozesu parte hartzailearekin

Beste lokal batean kide izan zuten lagun batek eman zien Sara Costelli eta Aloña Lertxundiri Tolosako Udalak bultzatutako partaidetza prozesuaren berri, eta ez zaie damutu parte hartu izana, edozein arazo dutenean udaletxera jo dezaketela badakite-eta orain.

Costellek eta Lertxundik 16 urte dituzte, eta Tolosako Beotibar kalean dute lokala. Udalak bultzatutako partaidetza prozesua hasieran errezeloz hartu bazuten ere, beste lagun bati esker parte hartzea erabaki zuten: “Gure lokal zaharreko kide batek esan zigun, eta, nahiz eta hasieran dudak izan genituen, beste lagun batek konbentzitu gintuen joateko”. Behin prozesua amaituta balorazio ona egiten dute biek, egoera hobera aldatu delakoan daude: “Oso ondo iruditu zitzaigun udalak bilerak antolatzea. Hasieran lokalak ez ziren legezkoak, eta edozer gertatuta ere babesik gabe geunden. Gainera, denak gure aurka zeudela iruditzen zitzaigun”.

Gazteez gain, lokalen inguruko bizilagunek, lokalen jabeek eta adingabekoen gurasoek ere parte hartu dute prozesuan, eta gorabeherak izan dituzte elkar ulertzerakoan: “Egia esan, ez zen oso erraza bizilagunei gure tokian jartzeko eta gure arazoak ulertzeko eskatzea”. Baina pixkanaka denen artean ados jartzea lortu zutela adierazi dute, eta “giro atsegina” egon zela. Lokaletan egoteko ohitura duten gazteen arteko saretzea beharrezkoa jo dute Costellek eta Lertxundik ere, eta partaidetza prozesuak horretarako balio izan duelakoan daude: “Lokal batean sartutakoan, ez zara handik irteten eta kanpoko jendearekin egoteari uzten diozu. Bilerei esker, denon arteko harremanak hobetu dira”.

Gazteen arteko harremanez gain, udalarekikoak ere estutu dira, Costellen eta Lertxundiren ustez; “gertuago” ikusten dute orain: “Edozein arazo dugunean, badakigu udalera jo dezakegula”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.