Zu hor eta ni hemen!” gure atsotitz famatuena da, eta gauzak nola dauden ikusita, kasu gehien egin behar geniokeena. Gero “Akuna Matata!” eta bestelako esamolde arraroez apaindu zuten arren, esanahia berbera da: bizi hadi eta utzi ezak bizitzen. Baina gure Gipuzkoa zahar eta inbidiaz jositako honetan, bereak eta bi kostatzen zaigu bizi eta besteari bizitzen uztea. Ezin egon albokoa gustura ikusita. “Zorionak, hi!” aurretik, eta “nahigo nike lepa-hezurre hautsiko bahuke…” atzetik. Oso geurea da bizilagunari begiratu eta haren lurren, ganaduaren edo emaztearen inbidia izatea.
Besteen zoriona ez da inoiz izan geure zoriona, ez horixe. Loteria tokatzen denean, geure etxeko sofatik xanpainez blai dauden haiek ikusten ditugunean, ez gara ez pozez betetzen, “neronek edukiko baniake… horrek zertako dik horrenbeste diru?”. Inbidia, nik uste, gizaki guztiena dela eta horren aurka ezer gutxi egin ahal dugula. Hala ere, bi inbidia mota daude, inbidia sanoa eta inbidia txarra. Albokoa baino aberatsagoa, ederragoa edo artistagoa izatea ez da txarra, inbidia sanoa da. Baina bada beste inbidia bat, ez gaituena geurea hobetzera bultzatzen, albokoa izorratzera baizik; horri inbidia txarra deritzo, eta hori da gure gizarteko gaitza.
Badugu gurea, inbidia txarraren adibide bikain bat, zaborren kudeaketa. Porrot mugagabera zihoazen zaborra biltzeko sistema berriak funtzionatzen ari diren garai honetan, berriro diot, funtzionatzen ari diren garai honetan, zail da inbidia txar hori ahoko zulotik barrena sartu eta urdailaren zokoren batean gordetzea. Sistema berriek funtzionatzen dutela ikusi eta horiek zoriontzea ez da, nonbait, politikoki egokia. Hobea da inbidia txarraren ikurrina hartu eta sistema berri hau ahal dugun heinean kritikatzea eta izorratzea, nahiz eta kritikatze horretan geure teilatura harriak bota eta esandakoak mila aldiz kontraesan. Hasiera batean atez atekoak herri guztia poltsa zintzilikatuez betetzea ekarriko zuela esaten zutenek ederki ikusten dute nola zabor guztia kubo koloretsu eta politetan ateratzen den. Ikusi dute nola zabor edukiontzi erraldoi batek baino leku gutxiago betetzen duten eta ez dagoela usain txarren arazorik.
Zergatik jarraitzen dute orduan protesta modura beren zabor poltsak kaleko zoruetan uzten edo edozein lekutan zintzilikatzen? Ez al genuen, ba, gure herria zabor poltsa zintzilikatuz betetzea ekidin nahi? Zertan ari gara orduan, gure hasierako amets gaiztoa egia bihurtzen ala? Konpostatzea zerrikeria zela esan zuten haiek zergatik ari dira besteen auzokonpostagailuak arropaz betetzen? Agian arropa ere, jatorri organikoa izanik, konpostatu egin al dute? Eta konpostatzeak arratoiak erakarriko zituela aho betez esan zutenek ikusi dute ez dagoela arratoirik konpostagailu inguruan; beraz, zergatik hartu horrenbeste ardura errekatik hildako arratoi bat hartu eta auzokonposta gunera botatzen?
Bai, noski, arratoi bat ere material organikoa da nonbait eta. Konpostagailuaren tapa irekitzeak gas toxikoak ekoizten dituela esaten zutenak zergatik ari dira bereak ez diren banakako konpostagailuak giltzaz ixten? Denon airearen osasunagatik ote? Egunean hamar bat konpostagailutako airea arnasten dut, eta azken medikuaren errebisioetan ez da nire biriketan ezer arrarorik agertu. Bosgarren edukiontziaren fan leialentzat, non dago edukiontzi horren erabilera? Kontuan hartu organikoaren bilketaren arrakasta ez dela soilik pisuan kalkulatu behar, bilketaren kalitateari ere kasu egin behar zaiola. Zertarako ehun kilo organiko bildu, tartean bost kilo plastiko baditu? Konpostatzeko ez behintzat!
Organiko izenean bildu arren, hori errefusa da, eta zabortegira doa. Askok diotenez, zabor politikan aldaketak egiten hasi aurretik, birziklatzen erakutsi behar omen zaio gizarteari; hori egia da; arazoa da lehenengo paper eta ontzi arinen edukiontziak orain 25 urte inguru ipini zituztela. Beraz, 25 urte daramatzagu birziklatzen ikasten. Ez al da asko samar? Arrainek hiru segundoko memoria omen dute, ba gipuzkoarrok justu 25 urteko memoria izango dugu! 25 urte birziklatzen ikasten eta 26.ean dena ahaztu!
Zorionez, birziklatzen ikastea ez da EHUko master berria; eskuliburu bat, zabor-hiztegi bat eta lau irudi ikastean datza. Eta ez da adin kontua ere, makina bat adineko jende ikusi dut ederki asko birziklatzen eta konpostatzen dakiena. Beraz, 2014rako proposamen polita da: funtzionatzen duena bakean utzi, eta hobekuntzarik bada, proposatu, gurdi honetan denok batera goaz eta!
Leave a Reply