Dozena bat kontzertu

Musika

Zarautz

Bihar arratsaldetik gauera arte musika etenik gabe entzungo da Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Dozena bat talde eta bakarlarik parte hartuko dute Defenestre Fest jaialdian, 18:00etatik aurrera; luzea da oholtzara igoko direnen zerrenda: Adrenalized, Bataalla, Gaitze, Gasmask Terror, Managaitz, Mass Burial, Morse, Nashgul, Perras Salvajes, Redneck Surfers, We Love Dolce Vita DJ, Rufus DJ eta El Naturista DJ.

Estilo nahasketa

Askotariko estiloak nahastuko dira emanaldian: hardcorea, punka, metala… Estilo ezberdinekin batera, hainbat jatorritako taldeak ere elkartuko dira, Euskal Herriko taldeak nahiz atzerrikoak. Euskal Herrikoen artean daude Adrenalized eta El Naturista DJ (Donostia), Gaitze (Azpeitia), Managaitz (Zarautz), eta We Love Dolce Vita DJ eta Rufus DJ (Bilbo). Atzerriko taldeen artean, Espainiakoak dira denak, Gasmask Terror izan ezik —Okzitaniakoa da hori, Bordelekoa—.

Laugarren aldiz egingo dute aurten Defenestre Fest jaialdia. Amurrion (Araba) egin zuten lehenengoz, 2011n, La Kuadra eraikina hustu zutela-eta protesta egiteko, baita proiektu hura aurrera ateratzeko oinarrian jarri zituzten balioak gogoratzeko ere. “Jarrera sexista, homofobo, espezista edota arrazoirik gabeko bortizkeria era ireki batean gaitzesten dituen ekitaldia” dela iragarri dute jaialdiaren webgunean.

Kontzertuetarako sarrerak hamar euroko salneurria izango du, eta, jaialdiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, “onura ekonomiko posible guztiak gertuko proiektu politikoetarako” izango dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.