Eskutik helduta, bizkorrago

Emakumeak kirola kalean egitera bultzatzea eta beldurrak eta lotsak uxatzea. Emakume talde batek helburu horiekin antolatu zuen lehen aldiz Lilatoia 1990ean. Geroztik, urtez urte haziz joan da Donostiako lasterketa. Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan egiten da, eta gero eta emakume gehiago animatzen da korrika egitera. Aurten, martxoaren 9an egingo dute. Berezia izango da, gainera, 25.a baita. Astearteaz geroztik, izena emateko epea zabalik dago, otsailaren 28ra arte.

1988an Irlandara egindako bidaia batean du jatorria Lilatoiak. Dublinen emakumeek soilik parte hartzen zuten lasterketa bat ikusi zuen Nati Rufo antolatzaile taldeko kideak. 13.000 emakume korrika, Dublingo hirigunean. Rufori gustatu egin zitzaion ideia hura, eta Donostian antzeko lasterketa bat egitea proposatu zuen Martxoaren 8ko egunaren harira. Lilatoia jarri zioten izena, eta 1990eko martxoaren 2an egin zuten lehen aldiz. 140 emakume inguruk hartu zuten parte. Geroztik, urtez urte ugaritu egin dira parte hartzaileak. Iaz, 3.000 lagun inguruk egin zuten lasterka.

Gero eta emakume gehiagok hartzen dute parte Lilatoian, eta herrietan ere igarri da goranzko joera hori. 1990ean ez bezala, gaur egun ohikoa da bide bazterretan emakumeak taldean entrenatzen ikustea. Lilatoiaren aurreko asteetan, bereziki.

Oiartzunen, esaterako, astelehenean egin zuten lehen korrika saioa. Antiju Morik talde feministak iaz antolatu zituen lehen aldiz entrenamenduak, eta jendeak erantzun zuela ikusirik, aurten berriro antolatu dituzte: astelehen eta ostegunetan. Alazne Inziarte antolatzailearen arabera, Oiartzunen aspalditik izan da Lilatoian parte hartzeko ohitura “handia”. Taldeko entrenamenduak antolatuta, hala ere, are emakume gehiago animatu da korrika egitera. “Askorentzat errazagoa da kirola taldean egitea, bakarrik egitea baino”.

Inziartek nabarmendu du edozeinek parte har dezakeela entrenamenduetan. Izan ere, bi talde dituzte: talde azkarra eta talde motela. Denei egiten diete lekua Oiartzunen: urte osoan korrika ibiltzen direnei, eta ezer egiten ez dutenei. 18 urtekoetatik hasi, eta 60 urte artekoak batzen dira. Belaunaldien artean sortzen den harremana “berezia” dela dio Inziartek. Azken finean, Lilatoia “aitzakia bat” da herriko emakumeak bildu eta elkarrekin kirola egiteko: “Helburu alai bat da, eta giro ona sortzen da gure artean”.

Lilatoia, bitarteko

Azpeitian ere aste honetan jarri dute martxan, zortzigarren urtez, Zuk ere ahal duzu! Zatoz lasterka egitera programa. Hainbat emakumek dozena bat saio egingo dituzte martxoaren 9aren aurretik. Nerea Lopetegi Azpeitiko Udaleko kirol teknikariaren esanetan, ordea, Lilatoia ez da helburua, “bitarteko bat” baizik. Batzuk Donostiara joango dira lasterka egitera, baina beste batzuk ez. Saioen helburua baita emakumeek kalean kirola egiteko dituzten “trabak eta beldurrak” gainditzea. Eta, bide batez, korrika egitearen “onurak eta abantailak” zein diren ezagutaraztea.

Lopetegik “betidanik” egin izan du korrika, eta bere esperientzian oinarritu da programa ezaugarritzeko, emakumeak korrika egitera animatzeko eta zailtasunak gainditzeko “beharrezko” ikusten zituenak txertatzeko. 2007an jarri zuten martxan Zuk ere ahal duzu! egitasmoa. Geroztik, ehundik gora emakumek hartu dute parte. Aurten, esaterako, hamabostek eman dute izena. Bi taldetan banatuta, astelehen eta ostegunetan elkartuko dira.

Monitore batek gidatzen ditu ordu eta laurdeneko saioak, eta lasterka egiteko gomendioak ematen dizkie parte hartzaileei: luzatze ariketak nola egin, taupadak nola neurtu, norbere erritmoa zein den nola jakin.

“Osasun egoera egokian” dauden emakume guztientzat da programa. Kirola egiteko ohitura dutenentzat baino gehiago, ariketa fisikorik egiten ez dutenentzat. Ezer ez egitetik, pixkana-pixkana bost kilometro egin ahal izatea da helburua. Lopetegik azaldu duenez, orain arteko guztiek lortu dute distantzia hori egitea. “Guk nahi duguna da emakumeek beste ekintza bat probatzea. Gero bakoitzak erabakitzen du Lilatoia egin, distantzia luzeago bat probatu, edo besterik gabe, herriko korrikalari bat gehiago bihurtu”. Saioetan parte hartzen dutenen soslaia aldatzen ari dela dio Lopetegik. Egun, “oso zaila” da topatzea ariketa fisikorik egiten ez duen jendea.

2007ko Lilatoian sari berezi bat eman zioten Azpeitiko Udalari, parte hartzaile gehien bertatik joan zirelako. Ordutik, “mugimendu handia” sortu da Azpeitian. Horregatik behin baino gehiagotan pentsatu dute saio gidatuen programa azken urtez antolatzea. Urteak pasatu ahala, ordea, emakumeek parte hartzen jarraitzen dute. “Beti dago norbait bultzada bat behar duena kalean kirola egiten hasteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.