Abenduaren 18an Deusto Gizarte Barometroa (Deustobarometroa) aurkeztu zen. Deusto Gizarte Barometroa sei hilean behin egingo den inkesta bat da, Euskal Autonomia Erkidegoko egoera sozial, ekonomiko eta politikoari buruz gizartearen iritzia neurtzeko. Berri pozgarria da, horrelako tresnek (badira beste batzuk ere) euskal gizarteari buruzko eztabaida publikoa datu zehatzetan oinarritzeko aukera ematen digutelako. Deustobarometro honek badu gainera beste inkestekin alderatuta berezitasun bat. Arduradunek esan zutenez, Deustobarometroak garrantzi berezia emango die desberdintasunekin eta gizarte ongizatearekin zerikusia duten gaiei, eta genero ikuspegia ere oso presente edukiko du.
Tresnaren aurkezpenarekin batera, aurreneko emaitzak iritsi ziren, eta beti gertatu ohi den bezala, komunikabideek titulu bat edo beste aukeratu zuten, eta hainbat datu mamitsuk ez zuten merezitako oihartzun eta gogoetarik jaso. Datu batzuk hona ekarri nahi nituzke gaurkoan, lehen aipaturiko inkestaren ongizatearekiko bokazioari helduz.
Krisi egoerak ongizate estatua kolokan jarri duen garai hauetan, deigarria da honek gure artean jasotzen duen babes zabala. Euskal gizartearen %60k defenditzen du ongizate estatua mantentzea, hau da, botere publikoak herritarren ongizatea bermatzeaz arduratuko diren gizarte mota mantentzea. Aldiz, %12k bakarrik babesten dute gizarte eredu liberala, hau da, pertsona bakoitza bere ongizatearen arduradun den eredua. Are gehiago, krisi eta zailtasun garai hauetan, gizartearen %70ak dio zerga gehiago ordaintzeko prest legokeela, horrela zerbitzu publikoak hobetuko balira, eta, aldiz, %10ak soilik nahi luke zerga gutxiago ordaindu, nahiz eta horrela zerbitzu publikoak murriztu.
Babes honek isla zuzena du erakunde publikoek jasotzen duten balorazioan. Osakidetzaren batez besteko nota 6,7 da, eta hezkuntza publikoarena, 6,3. Irudi lezake ez direla oso nota altuak, baina beste erakundeek jasotzen dituztenekin alderatuta, bikainak dira. Monarkia, eliza eta gobernu zentrala puntu bakarraren inguruan dabiltza; Eusko Jaurlaritzari euskaldunok ez diogu gainditua ere ematen (4,5), eta Ertzaintzak doi-doi lortzen du gainditua. Erakunde guztiak gogor baloratzeko joera dugun arren, gure ongizate estatuaren oinarri diren zerbitzuekiko atxikimendu eta esker ona adierazten dugu.
Krisi egoera honetan gobernua murrizketak egitera behartuta dagoela jakitun, inkestak jendeari galdetzen dio ea zeintzuk diren inola ere ukitu behar ez liratekeen atalak. Eta orain arte esan dugunari jarraituz, osasuna (%85), hezkuntza (%79) eta pentsioak (%68) dira jendearen iritziz bereziki babestu beharrekoak.
Gauzak horrela, interesgarria da txanponaren beste aldea begiratzea ere, murrizketak egin behar badira, babes gutxiena zein atalek jasotzen duten ikustea, alegia. Zerrenda horren amaieran, bi atal aurkitzen ditugu: garapenerako laguntza eta atzerriko euskaldunentzako laguntza. Gizartearen %5ak bakarrik dio ez liratekeela atal horiek inola ere ukitu behar. Azpimarratzekoa iruditzen zait garapenerako laguntzena. Atzerriko euskaldunek ez baitute gure artean haiei zuzendutako diruen alde hitz egingo duenik, baina garapenerako laguntzek bai. Argi eta garbi ikus daiteke gobernuz kanpoko erakundeek atal horiek ez murrizteko egin dituzten deialdiek ez dutela arrakastarik izan euskal gizartean.
Azpimarratzekoa da, era berean, genero indarkeria guztion ahotan dagoen garai hauetan, berdintasunaren aldeko politikek jasotzen duten babes eskasa: soilik %6k dio atal hori ez litzatekeela ukitu behar, armadaren diruari ematen diogun babes berdina. Eta ez pentsa euskara oso ondo geratzen denik ere: gure hizkuntza sustatzeko diruak %10eko babesa du bakarrik, ingurumenari zuzendutako atalak jasotzen duen adina.
Horra, gogoetarako datu ugari. Beste asko ere badira inkestan, baina hona ekarritakoak gaur egun bizi ditugun hainbat eztabaidatan lagungarri izan daitezke. Deustobarometroaren gabezia bat aipatzekotan, herrialde bakoitzaren daturik ez eskaintzea azpimarratuko nuke. Jakina da hainbat gaietan desberdintasun handiak daudela Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako biztanleen artean, eta mamitsuak dira beti datu horien arteko konparaketak. Hala eta guztiz ere, ongietorria eman diezaiogun ikerketarako eta analisirako tresna berri honi.
Leave a Reply