Dozena bat urte baino gutxiago izango nituen lehenengo aldiz zapaldu nuenean. Bizitza osoa aurretik, eta etorkizunaren orriak idazteko oraindik. Zirrara berezi bat sentitu nuen oinak gainean jarri orduko, sentsazio berria zen hura gorputz heldugabe hartan, gustuko nuen barrenak astintzen zizkidan urduritasun ezezagun hura. Eta hantxe, nire jaioterriko antzoki txikian ziztatu ninduen lehenengoz bokazioaren harrak. Nerbioek sabela korapilatzen zidatela sentitzean, hasiberriaren urduritasun soila zela sinetsi nahi izan nuen, urteekin lausotzen joango zen zerbait. “Pasako zait”, pentsatu nuen egun hartan, “ohituko naiz”, esan nion neure buruari. Gaur, hogei urte geroago, sentsazio berberarekin esnatu naiz; antzerki emanaldi bat dugu, eta Zaldibiako antzokira noa berriz ere. Korapilo bera sabelean, barrenak astintzen dizkidan urduritasun berbera; jada ez da ezezaguna niretzat, ez zait arrotza suertatzen, eta, hala ere, berdin-berdin astintzen nau. Gorputza zahartu da; arima ez, bere horretan dago. Kirioak, ahotsa eta esku dardartiak kontrolatzen irakatsi didate hogei urte luze hauek, baina ez dut ikasi bihotz hunkituaren taupadak lasaitzen.
Jadanik ulertu dut beti horrela izango dela, etsi dut. Arrazionaltasunaren eta emozionaltasunaren arteko lehian amore eman du lehenak. Inoiz eta inon ez naiz jarriko Zaldibiako antzokia zapaltzen dudanean bezain urduri.
Zer ote dute jaioterriek halako pisua hartzeko? Herritarrek hazten ikusi gaituztelako izango da? Nire kasuan, ez dute lan handirik izan, hazte kontuetan ez diet ikusmira handirik eman behintzat; metro eta erdiko “emakume puska” nola egiten ari nintzen begira ez ziren denbora askoan egongo. Badakit zerbait badela sentsazio berezi hau sorrarazten didana, baina ez dakit zer den. Eta ez dut jakin ere egin nahi, gainera; bizirik sentitzen naiz, haurtzaroko ilusioa oroitzapen huts bat baino gehiago da niretzat, berriz ere sentitzeko gaitasuna dut, eta ez nuke ezergatik aldatuko.
Donostiako Antzoki Zaharra eta Viktoria Eugenia, Bilboko Arriaga eta Campos Eliseos antzokiak, Madrilgo Bellas Artes antzokia eta Espainia osoko ehunka antzoki zapaldu ditut. 800 pertsonaren aurrean antzoki erraldoietan aritu naiz. Inongo zalantzarik gabe, guztietan inpresiorik handiena, korapilorik estuena, emoziorik sakonena, urduritasunik jasangaitzena eta ilusiorik biziena sorrarazten didana jaioterriko antzoki txikia da; lehenengo ziztada jaso nuen oholtza hura. Egurrezko aulki tolesgarri horietako bakoitzean niri begira dagoenak sortzen didan zirrara ez dut mundu osoko beste antzoki batean biziko.
Leave a Reply