Urte bakar batean ere ez du huts egin Lurdes Alonsok (Donostia, 1959). 1990ean sortu zen Lilatoia, eta geroztik egindako 24 lasterketetan hartu du parte. Aurten ere Donostian korrika egiteko asmoa du martxoaren 9an. Lehen hiru Lilatoiak irabazi zituen Alonsok, eta proba antolatzen duen Lilaton taldeko kideetako bat da.
1990ean zerk bultzatu zintuzten emakumeentzako soilik izango zen lasterketa bat antolatzera?
Donostian baginen emakume talde bat kalean korrika egiten genuena, baina oso gutxi ginen. Emakumeek soilik parte hartzen zuten Dublingo lasterketa baten berri izan genuen, eta hemen antzeko zerbait antolatzea pentsatu genuen. Emakumeek kalea hartzea nahi genuen, emakume kirolariak ikusaraztea. Emakumeen Asanbladaren bitartez egin genuen. Batzorde bat sortu genuen proba antolatzeko, eta 1990ean antolatu genuen lehenengoa. Lehen aldi hartan 140 lasterkarik hartu genuen parte. Bost kilometro egin genituen hirigunean.
Nola gogoratzen duzu lehen lasterketa? Nolako harrera izan zenuten?
Martetarrak bagina bezala begiratzen zigun jendeak. ‘Nora doaz hauek?’, ‘Nondik atera dira?’. Hala ere, pozik geunden. Ez genekien zer garrantzi izango zuen egiten ari ginenak, baina lorpena zen lasterketa antolatze hutsa. Gerora ikusi dugu urtetik urtera jende gehiago animatu dela. Oso pozik gaude bilakaerarekin.
Norbaitek oztoporik jarri al zizueten lehen Lilatoia egiteko?
Ez. Oztopoak ez, baina egia da jendeak harrituta begiratzen zigula: ‘Nora doaz emakume hauek?’. Lehen urte haietan harrigarria zen. Baina apurka-apurka normalizatuz joan da, gaur egungo egoerara iritsi arte.
Zein zen lehen Lilatoiaren helburua?
Emakumeak kalera atera eta kirola egitera bultzatzea zen helburu nagusia. Guk beste herri lasterketa batzuetan parte hartzen genuen, baina oso gutxi ginen. Lilatoiaren bidez, egoera horri buelta ematea nahi genuen. Kirol jarduera bat kalean egiteko aukera eskaini nahi genien emakumeei, eta ahal bazen, beste proba batzuetan ere parte hartzera bultzatu.
24 urte geroago, aldatu al dira hasierako helburu haiek?
Bistan denez, gauzak asko aldatu dira 1990etik. Lilatoiak 3.000 parte hartzaile izan zituen iaz. Herrietan ere emakume asko antolatzen dira taldean, elkarrekin entrenatzeko. Gure helburua hori zen, eta hein handi batean bete da. Oinarria jarria dago, baina lanean segitu behar da oraindik
Erakundeekin zer-nolako harremana izan duzue antolatzaileek?
Erakundeak ondoan izan ditugu une oro. Udala, diputazioa, Emakunde, azken urtean kirol patronatua ere bai… beti egon dira Lilatoiari laguntzeko prest. Guretzat ateak irekita izan dituzte beti. Inoiz ez dugu arazorik izan.
Donostian hasi zen ekinaldia, baina lurralde osora ari da zabaltzen.
Lilatoiaren izaera lurralde osora zabaltzeak asko pozten gaitu. Herri askotatik talde handiak etortzen dira: Azpeititik, Legazpitik, Zarauztik. Urtero saritzen dugu Lilatoira jende gehien ekartzen duen herria. Bestalde, gero eta gazte gehiago etortzen da. Institutuetan-eta mugimendua sortu da. Irakasleek ikasleak bultzatzen dituzte taldean parte hartzeko.
Lasterketa handitzen ari da. Horrek antolaketa zaildu egingo du?
Bai. Gero eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta lan gehiago. Duela bi urte ibilbidea aldatu behar izan genuen, lasterkariak sartzen ez zirelako. Lau edo bost urtetan asko aldatu da antolaketa.
1990az geroztik talde bera ari zarete antolaketa lanetan. Erreleborako deia egin izan duzue behin baino gehiagotan. Zertan da kontua?
Uste dugu gure aroa amaitu dela. Urte asko daramatzagu lanean, eta hasierako helburuak bete ditugu. Beste batzuen garaia da orain. Emakumeen artean saiatu gara erreleboa bilatzen, baina ez dugu lortu. Azkenean, Atletico San Sebastian klubarekin sinatu dugu akordioa. Datorren urtetik aurrera haren esku geldituko da antolaketa. Profesionaltasun handiko kluba da, eta esperientzia badu antzeko probak antolatzen. Ziur gaude Lilatoiak bide beretik segituko duela.
Zer esango zenioke Lilatoian inoiz parte hartu ez duen emakume bati?
Bada, probatzeko. Probatzen badu, badakit gustatuko zaiola. Izan ere, bi alde garrantzitsu ditu Lilatoiak. Batetik, festa bat da. Hainbeste emakumeren artean giro bikaina sortzen da. Egun zoragarria da. Eta, bestetik, kirol arloari soilik begiratuz gero, gero eta maila hobea dago.
Leave a Reply