Lurrari loturiko bizimodu bila

Gomiztegi baserriko artzain eskolan (Arantzazu, Oñati) artzain izateko ikastaroa egiten ari dira Zaira Gomez Gil (Madril), Albert Maso Coll (Girona, Herrialde Katalanak) eta Kiko Bardagi (Madril); “gaztelarra naiz, ez espainola”, dio Bardagik. Beste bizimodu bat hasteko asmoarekin hartu zuten artzain eskolan hasteko erabakia. Hirurak oso pozik daude izaten ari diren esperientziarekin. Bizi proiektu berria lantzen ari dira, “ilusioz”.

Artzain izateko ikastaroa beste ikasle batzuekin batera egiten ari dira. Lurrari lotutako bizimodu bat hasteko itxaropenaz ari dira hirurak. Gomezek kontatu duenez, “orain arte egin ditudan ikasketek ez dute zerikusirik nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin; bulego lanetan jardun dut. Baina munduarekin haserre sentitzen nintzen, eta naturan edota nekazaritzan jarduteko gero eta gogo handiagoa nuen. Halako batean, gehiago ezin nuela eta bizitza aldatu beharra neukala sentitu nuen. Orduan, informazio bila hasi, eta Gomiztegiko artzain eskolara etortzea erabaki nuen”.

Arantzazura ikastera etortzeko Masoren arrazoiak ere Gomezenen antzekoak dira. “Hamar urtez lorezaintzan jardun dut lanean, baina abeltzaintzarekin zerikusirik ez duten ikasketak nituen eginak. Ordea, nire aitonak, birraitonak… landa eremuan lan egin dute, eta nik ere lurrari lotutako bizimodu berri bati ekin nahi izan diot”. Maso familiarekin etorri da Euskal Herrira: emaztearekin eta semearekin. “Pixka bat irten eta aire berria, arnasa hartu nahi genuen. Esperientzia desberdin bat izan nahi genuen”. Katalunian ere bada beste artzain eskola bat, baina Arantzazukora etortzea erabaki zuen Masok: “Ez dakit besteak baino hobea edo okerragoa den, baina beste artzain eskola batzuen aurretik sortu zen, eta erreferentzia da haientzat”.

Bardagik artzain eskolara etortzeko arrazoiak bestelakoak ditu; “ideia batzuengatik” etorri da. “Gaztelako herria nekazari mundutik indarrez kanporatua izan da: aurrena iraultza liberalak, gero frankismoak, eta ondoren parlamentarismoak. Landa eremuak hutsarazi dituzte, gero eutsiezinak diren guneak masifikatzeko”, dio. Hirietako bizimodua “txarra” dela uste du. “Jendea bizitzaren zentzua galduz doa hirietan”. Abeltzaintza estensiboa oinarrizko ikusten du, eta “ahal duen guztia” ikasi eta lanean hasteko asmotan etorri da Gomiztegira.

Praktikak artzainekin

Artzain eskolako ikastaroa sei hilabetekoa da, eta hasiera-hasieratik bakoitza bere proiektua egiten ari da. Martxoan bukatuko dute ikastaroa. Saio teorikoak Gomiztegin izaten dituzte, eta praktikoak artzain profesionalen baserrietan. Bardagi Aizkorriren hegoaldeko baserri batean ari da praktikak egiten, eta Gomez, Leongo baserri ekologiko batean. Saio teorikoak dituzten egunetan, berriz, Arantzazun ostatu hartzen dute biek. Masoren kasua desberdina da: hura familiarekin etorri da, eta, ikastaroak iraun artean, Antzuolako Pikunieta baserrian bizi da familiarekin, praktikak ere bertan eginez. “Familiarentzat tokia izango zuen baserri bat bilatu nuen. Ni gustura nago ikasten ari naizenarekin, baina familia ere gustura egotea funtsezkoa da niretzat, eta hala izaten ari da”.

Ikastaroak aurrera egin ahala ilusioan “gorabehera asko” izaten dutela diote. “Jakin-nahia eta gogoa haziz doaz, baina lan eta bizi proiektua aurrera ateratzeko egon daitezkeen zailtasunak ere azaleratzen dira. Oraintxe goian zaude, eta hurrengoan behea jota”, dio Masok. Gomez ere bat dator: “Etorri aurretik ez neukan garbi zer aurkituko nuen, baina esperientzia oso positiboa izaten ari da. Egia da gorabehera handiak izaten direla, baina pozik eta zorteko sentitzen naiz”.

Bizitzan oro har artzaintzak duen garrantziaz jabetu da Bardagi, eta pozik dago. “Progresismo liberalak animaliekiko tratua eta landareen eta basoen inguruko ezagutza galarazi ditu. Tradizioko gauza onei eusteko garrantziaz ohartu naiz ikastaroan, baita artzaintzak landa eremuaren aberastasunean duen garrantziaz ere”.

Eta gero, zer?

Ikastaroa bukatzean, Bardagik garbi du bere proiektuari helduko diola: “Aukera asko ditut, eta horri ekingo diot. Gomiztegiko jendeari eskerrak eman nahi dizkiot, ardiekin nola jardun jakiteko erremintak eman dizkidatelako”. Baserriaren eta tradizioko gauza onen alde lan egiteko gogoz dago.

Gomezek, berriz, ikastaroa bukatu ondoren, egun praktikak egiten ari den baserrian jarraitu nahi du: “Horregatik, lasaiago hartuko dut proiektu propioa”. Proiektua aurrera ateratzeko “finantzaketa handiagoa” beharko duela dio Masok: “Beraz, proiektuarekin hasi baino lehen, dirua lortzeko beste lan batzuk egin beharko ditut. Eta ea gero zer gertatzen den; ikusiko dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.