“Datuak onak dira, baina tartea dugu hobetzeko”

Roke Akizu (Soraluze, 1966) Gipuzkoako Turismo eta Kanpo Harremanetarako zuzendariaren arabera, Gipuzkoak berezko ezaugarri asko ditu turistak erakartzeko, baina horiei zukua ateratzen asmatu behar da gero. Orain arte egindakoaz, pozik baina zuhur mintzatu da: “Oraindik bide luzea dugu egiteko”. Ikusten dituen ahuleziei konponbidea ematea du 2014rako erronka.

Ia milioi bat turista etorri ziren iaz Gipuzkoara. Zein uste duzu dela arrakastaren gakoa?

Lehenik eta behin, lehengai ona dugula. Kokapen geografiko oso onean gaude, paisaia ederrak ditugu, gastronomia, kultura, hizkuntza. Lehen baldintza garrantzitsua hori da. Etortzen diren turistek ezaugarri horiek guztiak baloratzen dituzte. Gu saiatu gara ezaugarri horiek uztartzen, eta, batez ere, natura turismoa deitzen dena indartzen. Lehen sektorearekiko harremana areagotu dugu. Pentsatu izan da Asturiasek eta Kantabriak indar handiagoa dutela horretan, baina guk ere baliabide asko dauzkagu.

Datuek diote Espainiako Estatutik datozen bisitariak gutxitu egin direla, eta beste lekuetakoak ugaritu. Ahalegin bereziren bat egin duzue beste turista mota bat erakartzeko?

Eginahal handienak Frantzian egin ditugu. Bordelen eta Tolosan (Okzitania), esaterako, lanketa berezia egin da, eta egiten ari gara. Horrek emaitza onak eman ditu. Eusko Jaurlaritzarekin kanpo promozio bateratu bat adostu nahian ere bagabiltza. Sekulako erronka dugu horretan. Sinetsarazi nahi dugu Gipuzkoan turismoa igo bada guztientzat dela ona, ez guretzat bakarrik. Elkarrengandik oso hurbil gaude, eta ikuspuntu orokorragoa behar da.

Lehengo astean ohar batean esan zenuten gipuzkoar guztiek ulertu dutela turismoak duen garrantzia.

Bai, eta hori ere oso faktore garrantzitsua da turistak erakartzeko. Gipuzkoara datorren turista ez da sentitzen martetarra balitz bezala. Hainbat inkestaren arabera, hemengoen jarrera ona da arrazoi nagusienetako bat bisitariak berriro bueltan etortzeko. Jarrera horri eutsi egin behar diogu, beraz. Herritarrek jarduera hori baloratu behar dute. Turismo jasangarriak onurak ekartzen dizkio lehen sektoreari, paisaiari nahiz herritarrei.

Urtebete falta da legegintzaldia amaitzeko. Tarte horretan zeintzuk dira zuen helburuak?

Orain arteko bidetik jarraitzea eta natura turismoan gehiago sakontzea. Lortutako datuak onak dira, baina uste dut oraindik tartea dugula gauza politak egiteko. Hori dela eta, diru laguntza sail berezi bat aterako dugu natura turismoa sustatzeko. Produktu berriak atera nahi ditugu, eta eskualdeak bultzatu natura turismoan aurrerapausoak ematera.

Turista gehienentzat erreferentzia Donostia da oraindik. Zer-nolako harremana duzue sektoreko eskualdeetako eragileekin?

Eskualdeekin sarea osatua dugu. Une oro harremanetan gaude turismo agentziekin zein garapen agentziekin. Bi hilean behin elkartzen gara Gipuzkoa osoko eragile turistikoak. Hor adosten ditugu plan estrategikoaren nondik norakoak. Etengabe ari gara bisitariei eskaintzeko proiektu berriak sortzen.

Indarguneak aipatu dituzu, baina zer ahulezia ikusten duzu sektorean?

Oraindik gauza asko daude hobetzeko. Trenbideen sarea, adibidez. Azpiegitura aldetik hutsuneak daude, Ipar Euskal Herriarekin lotzeko. Ez du zertan tren lasterra izan, ezta gutxiago ere. Baina hutsune bat badago. Bestalde, Gipuzkoa ez da helmuga turistiko merkeena. Landetxeetako datuak ere ez dira onak izan. Horregatik, natura turismoa indartu nahi dugu. Turistek jakin behar dute Donostiatik aterata toki eder asko daudela bisitatzeko modukoak. Oso hurbil, gainera. Eta, amaitzeko, gabezia nabarmenak daude erakundeen arteko koordinazioan. Baita sektore publikoaren eta pribatuaren arteko harremanetan ere. Alor horretan lan asko dago egiteko. Orain dela astebete, adibidez, ostalaritza elkartearekin eskaintza berezi bat aurkeztu genuen. Uste dugu hori dela jarraitu beharreko bidea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.