Inoizko turismo daturik onenak lortu zituen Gipuzkoak, 2013an. Eustatek emandako datuen arabera, 943.773 turista etorri ziren iaz. Duela bi urte baino 20.000 lagun gehiago (%1). Datu orokorrak baikorrak dira, baina sektoreak zuhurtziaz jaso ditu. Ez dute itsutu nahi errekorrarekin.
Lurraldeko hotel edo landa ostaturen batean gaua igarotako bisitariak zenbatzen ditu Eustatek. Ez ditu kontuan hartzen, besteak beste, kanpinetatik pasatako turistak. Emaitza onenak hotelek lortu dituzte. %1,8 hazi da hoteletako bezero kopurua; eta, batez beste, gau gehiago igarodituzte — 1,97 gau bakoitzak—. Landa ostatuetan emaitza kaskarragoak lortu dituzte. Horietan %4,5 bezero gutxiagok hartu zuten ostatu. Bestalde, landetxeetan zein hoteletan azken urteetako joera baieztatu da: gero eta turista gutxiago etortzen da Herrialde Katalanetatik edo Espainiatik; gehiago, berriz, urrutiagoko herrialdeetatik.
Paul Lizeaga Gipuzkoako Hotelen Elkarteko (Aspagi) idazkari nagusiaren esanetan, 2013an hoteletan lortutako emaitzak “nahiko onak” izan dira, baina “zuhurtziaz” aztertu behar dira datuak. Izan ere, Donostiaaren eta barnealdeko hotelen artean “alde handia” dagoela azaldu du: “Gero eta gutxiago dira oporretarako barnealdea aukeratzen dutenak”.
Donostian izandako emaitzekin baikorrago da Lizeaga. Hiriburuan “ondo” egin dute lan. Hein handi batean, atzerritik gero eta bisitari gehiago etortzen delako, eta gehienek Donostia aukeratzen dutelako. Zenbait hoteletan bezeroen %80 Espainiatik kanpokoak izan dira. Europako herrialdeetatik etortzen direnez gain, gora egin du Estatu Batuetatik edo Australiatik datorren turista kopuruak.
Bisitarien soslaia aldatzen ari dela azaldu du Lizeagak. Lehen, turista gehiago etortzen ziren Madrildik eta Herrialde Katalanetatik. Azken urteetan, ordea, ohiturak aldatu egin dituzte. Opor egunak udan hartu beharrean urteko beste aldi batzuetan ere hartzen dituzte. Hala, gero eta egun gutxiago pasatzen dituzte Donostian. Eta horri gehitu behar zaio krisialdian poltsikoari gehiago begiratzen zaiola. Lizeagaren ustez, hotelen eta erakundeen erronka da “bezero berrietara egokitzea”: “Turista ondo ezagutu behar da, ahalik eta zerbitzu onena emateko”.
2014ari begira ez du aurreikuspenik egin Lizeagak. Nahiago du “zuhur” hitz egin: “Gero eta beranduago egiten dituzte erreserbak. Hori dela eta, gero eta zailagoa da aurreikuspen fidagarriak egitea”. Egun jakin batzuetan, bai. Horietan badaki hotelak beteko direla. Behobia eta Donostia arteko lasterketan eta Donostiako Asten Nagusian, esaterako. Hortik aurrera, ordea, Lizeagari “ezinezko” zaio ezer aurreratzea. Turistek “asko” pentsatzen dute noiz eta nora joan. Hala ere, iazkoa ikusita pentsatu nahi du urte ona izango dela aurtengoa.
Landetxeak, kezkatuta
Gipuzkoan turista kopurua hazi egin da. Igoera hori igarri dute hoteletan, baina ez landetxeetan. Udan, logela gehienak beteta eduki dituzte. Baina udako denboraldiak bi hilabete soilik irauten du, eta urtea “luze” egin zaie.
Maria Luisa Martinek Zegaman du Arrieta Haundi landetxea. Martinek azaldu duenez, 2013an “poliki” lan egin zuen: “Urte hobeak” izan ditu, baina eutsi egin zion behintzat. Jaitsiera igartzekotan, irailean igarri zuen. Duela bi urte hil horretan ere bisitari ugari hartu zituen; iaz, berriz, “lasaiago” ibili zen.
2013a aspaldiko urterik euritsuena izan zen Euskal Herrian, baina, Arrieta Haundiko jabearen ustez, eguraldiak gehiago eragiten die kostaldeko ostatuei: “Barnealdera etortzen direnek beste zerbait bilatzen dute. Badakite hemen zer dagoen. Ez datoz eguzkia hartzera”. Eguraldiagatik ez dizkiote erreserbak bertan behera utzi. Hori bai, nabarmendu du jendeak azken ordura arte itxaroten duela eskaerak egiteko.
Arrieta Haundiko bezero gehienak Euskal Herrikoak edo ingurukoak dira oraindik —Aragoikoak, Kantabriakoak, Herrialde Katalanetakoak…—. Hoteletan bezala, aldaketa nabaritu dute, ordea. Europa aldetik ohi baino turista gehiago etorri ziren iaz, udan batez ere: Frantziatik, Belgikatik, Herbehereetatik…
Martinek 2013ari baino kezkatuago begiratzen dio erreserben aurtengo liburuari: “Oso lasai dago kontua. Orain esango nizuke jaitsiera beldurgarria izango dugula”. Aurreko urteetan, sagardotegi garaia hastearekin batera mugimendu apur bat hasten zen urtarril eta otsail aldean. Aurten, oraingoz, oso talde gutxik hartu dute lo egiteko tokia Zegamako landetxean.
Maite Manzisidorren arabera, urte “arraroa” izan zen iazkoa. Haren familiak Zumaiako Santa Klara landetxea kudeatzen du. Haienean ere uda ondo joan zen, baina negua “oso lasai” doa. Manzisidorrek azaldu duenez, bezeroen soslaia aldatu egin da: “Lehen hoteletara joaten zen jendea etortzen da orain gurera”. Gero eta “zorrotzagoak” dira bezeroak.
Eguraldia saltzen jakin behar
Manzisidorrek ez dio egozten eguraldiari landetxeetan jaitsiera egon izana. Haren ustez, Euskal Herriko eguraldia erakargarri egiten asmatu behar da: “Garai batean ez zekiten elurra saltzen; orain begira ze turismo dagoen eskiaren inguruan. Guk gure ingurunearen freskotasuna eta berdetasuna saldu behar dugu”.
Barnealdeko landetxeei eguraldiak eragiten diela uste du Maite Lardizabalek: “Kostaldea bete arte hau ez da betetzen”. Ataungo Aldarreta baserrian du landetxea Lardizabalek. 2013a ez da “hain txarra” izan haientzat. Udan martxa hartzea kostatu zitzaien arren —ekainean euri asko egin zuen—, gainontzean ez dute jaitsiera handirik nabaritu. Deigarriena, abenduko zubian: hogei urtean lehen aldiz, ez zituzten logela guztiak bete.
Lardizabalek ere bat egin du Manzisidorren gogoetarekin. Aldarretara beste era bateko turistak joaten dira orain: “Duela urte batzuk baserri giroa ezagutzera etortzen zen jendea; egun hotel merkeago batetara datoz”.
Leave a Reply