Gizentasunari aurre hartzea badagoelako

Zenbait ikerketaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haurren %15 inguruk obesitatea dute; eta, haur horiez gain, beste %15ek, gehiegizko pisua. Munduko herrialde askoren datuekin alderatuta, hemengo datuak ez dira hain kezkagarriak. Espainian, esate baterako, umeen %45 inguruk dute behar baino pisu handiagoa. Hala ere, arazoa handiagoa izan aurretik gaiari heltzea erabaki dute Debagoienean. Eskualdeko hainbat eragilek egitasmo bat martxan jarri dute, haurren gizentasunari aurre egiteko. Ikastetxeetako haurrei urtarrilean egin dizkiete lehen neurketak. Uda baino lehen Debagoieneko errealitatearen argazkia atera nahi dute, ondoren horren araberako neurriak proposatzeko.

Duela urtebete hasi zen egitasmoa gorpuzten; hain zuzen ere, Debagoieneko Ospitaleak lantalde bat sortu zuenean haur loditasunaren inguruan eztabaidatzeko. Lantalde horretan, gaiari buruz zeresana duten talde eta norbanako ugari elkartu dira: Debagoieneko Ospitaleko pediatrak, Arizmendi ikastolako erizaintza ikasleak, udaletako ordezkariak, ikastetxeetako ordezkariak eta osasun eta kirol alorreko profesionalak.

Lantaldean parte hartu dutenetako bat da Iñaki Ugarteburu Bergarako Udaleko Kirol teknikaria. Haren esanetan, prozesua aurrera eramateko beharrezko pausoak ematen aritu dira azken hilabeteetan. Haurrei buruzko emaitzak jasotzeko, datu base bat sortu dute, eta neurketak egiten ari direnek trebakuntza saioak jaso dituzte, “ahalik eta azterketa sakonena” egiteko. Izan ere, egitasmoaren oinarria neurketa horiek dira. EAEko zenbaki orokorrez harago, eskualdeko datu zehatzak eskuratu nahi dituzte: “Herritarrek kontzientzia hartzeko interesgarria da eskualdeko datu zehatzak ezagutaraztea”.

Lehen neurketak egin dituzte

Neurketa metodologiak zehaztuta, urtarrilaren 14an abiarazi zuten proiektua. Urtarrilaren 20ra bitartean, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako umeen datuak bildu zituzten eskualdeko ikastetxe guztietan. Besteak beste, altuera, pisua eta gantz portzentajeak neurtu zizkieten neska-mutikoei. Horrez gain, galdera sorta bat egin zieten haien eguneroko ohituren berri izateko, eta joko batzuen bidez elikadurari buruzko irakaspenak ere eman zizkieten. Lehen fase horretan, 10 eta 12 urte arteko haurren datuak bildu dituzte, baina udaren aurretik 6 eta 10 urte artekoen errealitatearen berri ere jaso nahi dute.

Datu horiek landu egingo dituzte gero, jasotako informazio guztia ikastetxeei eta gurasoei aurkeztu aurretik. Ugarteburuk nabarmendu du ikastetxeek “oso harrera ona” egin diotela proiektuari: “Hasieratik, laguntzeko prest agertu dira”. Gurasoei, berriz, gutun bidez baimena eskatu diete haien seme alabak egitasmoan parte hartzeko. Haien aldetik ere erantzun ona jaso dute, ia denek eman baitiete oniritzia.

Egitasmoaren bidez, haurrak eta gurasoak kontzientziatu nahi dituzte gizentasunak osasunean sor ditzakeen arazoez. Zenbait ikerketaren arabera, haurtzaroan, gizentasunak ez du eragiten ondorio nabarmenik, bai, ordea, nagusitzean. Haur gizen batek hiru aldiz aukera gehiago ditu helduaroan ere gizentasuna izateko. Ondorioz, horrek eragiten dituen gaixotasunak ere lehenago agertzen zaizkie sarri: bihotzekoak eta hipertentsioa, esate baterako.

Proiektuaren arduradunek argi dute prebentziorako eta, ondorioz, haurren obesitatea gutxitzeko kontzientziazioa dela bidea. Hori alor ezberdinetan lantzea ezinbesteko jotzen du Ugarteburuk: “Beste arazo batzuk konpontzeko egin den moduan, kontzientzia sortu behar da gizartean”. Hori alde askotatik egin behar dela dio Bergarako Udaleko kirol teknikariak: “Etxean, ikastetxeetan eta erakundeetan lan egin behar da; beti plangintza orokor baten barruan”.

Ohiturak aldaraztea helburu

Haurren ohiturak aldaraztea ere bada proiektuaren helburua. Genetikak ez ezik, elikadurak eta jarduera fisikoak eragin zuzena baitute gizentasunean. Eskualdeko haurren ohiturei erreparatuta, Ugarteburuk ez du uste Debagoieneko datuak oso desberdinak izango direnik EAEko datuekin alderatuta: “Aurreikuspenak egitea zaila da, baina eskualdeko haurrek ere denbora asko ematen dute ordenagailuaren edo telebistaren aurrean. Elikadura ere behar baino gutxiago zaintzen dute batzuek”.

Hemengo datuak herrialde askotan baino hobeak izateak ez du lasaitu Ugarteburu: “Datuak leku askotan baino hobeak dira, baina horrek ez du esan nahi zer hobetu ez dugunik”. Ugarteburuk datu bat nabarmendu du egoeraz ohartarazteko: “Duela hamabost urte, haurren %5ek zuten gizentasuna; gaur egun, berriz, kopuru hori halako hiruk dute”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.