Hernaniko kultur ondarea modu atseginean ezagutarazteko helburuz prestatu du GPS Gipuzkoako Parketxeen Sarea fundazioak Gozatua Hernanin deituriko eskaintza, Ereñozu auzoko Larre Gain sagardotegiarekin elkarlanean. Hiru orduko bisita gidatuan, trikuharriak, saroiak eta antzekoak ikusteaz gain, sagardotegiko otorduaz gozatzeko aukera dago.
Bisita gidatua Aiako Harria parke naturaleko eremuan egiten denez, bertarako sarreretako bat den Arditurri parketxeko ingurumen hezitzaileak arduratzen dira gidari lanaz. Miren Oliva da horietako bat, eta Gozatua Hernanin eskaintzak natura eta sagardoaren arteko uztarketa egiten duela azaldu du: “Aukera polita iruditu zitzaigun natura zein kultur paisaia sagardoarekin lotzea”. Hala, txotx garaiak azken urteetan hartu duen indarra sagardoaren ingurura ez mugatzea lortu dute, goiz edo arratsalde pasa bat egiteko aukera eskainiz.
Iazko urrian eskaini zuten lehen aldiz, larunbatetan, goizez zein arratsaldez, eta aurten, txotx garaiarekin batera ekin diote berriz. Sagardo garaia amaitu arren, aurrera jarraituko du, baita sagardotegietako otorduak ere. “Izan ere, eskaintza banaezina da, ibilaldia eta sagardotegia elkarrekin doaz”, azaldu du Olivak.
Ereñozuko Larre Gain sagardotegia da Gozatua Hernanin jardueraren abiapuntua. Bertatik, zailtasun txikiko mendi ibilaldi gidatua egiten dute bisitariek, Aiako Harrian dagoen Saratsetako leporantz. Olivak nabarmendu du ibilaldiak ez duela “zailtasun berezirik” eta edonork egiteko modukoa dela. Egiten den bideak inguruko kultur paisaia ezagutzeko aukera ematen du, saroiak eta trikuharriak ikustekoa, bereziki. Inguru horietan baitaude 5.000-6.000 urteetako datazioa duten trikuharriak eta Euskal Herrian soilik topatu diren Erdi Aroko saroiak, bisitaren lehen zatian ikus daitezkeenak.
Bigarrenean, sagardogintza da gai nagusia. Ibilaldian sagardogintzari lotutako arloak lantzen badira ere, esparru hori gertutik ezagutzeko aukera Larre Gainen egiten den bisitak ematen du. Sagardoaren historia, egiteko prozesua zein ezaugarriak ezagutu daitezke hala. Gainera, urte garaiak ere badu zeresana: “Garai bakoitzak eskaintzen dituen aukerak baliatuko ditugu sagardogintzaren lanak ezagutzeko; sagar jotzea, botilaratzea…”. Behin bisitak amaituta, Larre Gainen bertan sagardotegiko menuaz gozatzeko aukera dute bisitariek.
Taldeei egokituta
Azaroan, abenduan eta urtarrilean, asteartetik igandera bitartean eskaini dira bisitak, goizez. Olivaren hitzetan, ordutegia gutxi gorabeherakoa da, eta taldearen arabera egokitzen dituzte: “Goizez den kasuetan, 10:00 aldera hasiko lirateke, hiru orduko bisita egin eta 13:00 alderako bazkaltzeko prest izateko”. Otsailetik irailera bitartean, ordea, asteko egun berberetan arratsaldeetan ere —igandeetan izan ezik— egongo da jardueraz gozatzeko aukera: “17:00 aldera has daiteke bisita, eta 20:00etarako afaltzeko moduan izango lirateke”.
Gutxienez hogei laguneko taldea eskatzen dute bisita egin ahal izateko. Hala ere, badituzte bestelako asmoak buruan: “Data zehaztu ez badugu ere, lau larunbatetan deialdi ireki bat egiteko asmoa dugu, gutxieneko kopururik ezarri gabe bisita gidatua egiteko aukera emanez”. Jardueraz gozatu nahi dutenek hainbat bide dituzte arduradunekin kontaktuan jartzeko. Arditurri parketxera deitu dezakete, baita Larre Gain sagardotegira bertara ere. Horrez gain, Arditurrira eskaera posta elektronikoz bidaliz gero, interesatuekin harremanetan jartzen dira parketxeko hezitzaileak.
Prezioei dagokienez, helduentzako eta haurrentzako egokitutakoak dituzte. Helduentzako eskaintzak 33 euro balio du; horietatik 28 euro sagardotegiko otorduarenak lirateke, eta gainerako 5 euroak, bisitari dagozkionak. 12 eta 15 urte arteko haurren kasuan, 15 euro dira ordaindu beharrekoak; otorduak 12 euro balio du, eta bisita gidatuak, 3 euro.
Leave a Reply