Agurtzeko moduak

Ez da batere erraza gaur agurrarekin asmatzen. Lehen, aski izaten zen “aupa!” edo “kaixo” bat, edo buruarekin keinu bat eginez agurtzen genuen elkar, “baserritarren erara”. Esamoldea ez da nirea, Beckettena baizik. Parisen 1960ko hamarkadan Falstaff edaritegian elkartzen ziren gauean Godard, Ionesco bera tarteka, Sartre ikasle edo jarraitzaile gazteren batekin eta Beckett bera irlandar adiskideekin askotan. Eta elkar modu horretara agurtzen zutela dio, hitzik esan gabe, buruarekin keinua eginez.

Orain berrogei urte, egia da, bazegoen “baserritar erara” diosala egiteko beste era bat, askoz ere basatiagoa, batez ere erromerietan trago batzuk gainean zituzten mutilen artean erabiltzen zena: mutil batek beste bati ongietorria egiteko zangoetatik bi besoekin heldu eta gora altxatzen zuen, airean botatzen ez zuenean. Ongietorria jasotzen zuen mutila lurrera erortzen zen, noski, hezurren bat hausteko arriskuarekin gehienetan. Ikusgarria bezain arriskugarria zen agurtzeko modu hori erabat desagertu da, zorionez.

Orain dozena bat urte hasi ziren besarkadak. Nik hasieran telebistaren eragina izango zela pentsatzen nuen, eta hala izango da gehienetan, programa batzuek negar egin eta besarkadak emateko ikastaroak baitirudite. Baina ez da hala beti. Lanagatik ikastolaz ikastola elkarrizketak egiten ibili nintzen urteetan ohartu nintzen adimen emozionala lantzen zuten zentroetan emanagoak direla besarkada luze horietara. Ohikoa zen idazkaritzara joan, zuzendariagatik galdetu eta hark agertu orduko besarkada estu bat ematea eta ondoren hitz egin behar zenuen irakasle emakume bakoitzeko estualdiak hartu beharra. Ez naiz kexatzen ari, alderantziz. Etxera emakume lurrinez kutsatuta itzultzen zinen, ohe arrotz batean lo egin izan bazenu bezala.

Ez dut esan nahi besarkaden kontu honekin musuak desagertu direnik. 1960ko hamarkadan ohitura exotikoa zen, paristarra esango nuke, inoiz bi edo hiru eman behar ziren, nondik hasi behar genuen (ezker masailetik ala eskuinekotik) ikasi ez bagenuen ere. Oraindik ere ematen dira, eta asko. Hirietako giroan aurkezpen eta agur protokoloaren parte bihurtu dira bi musuak.

Orain modan jarri dena, hala ere, gizonen arteko musuak dira, artista jendearen artean batik bat. Ez dakit ohitura hori generoen arteko berdintasunak ekarri duen ala desertuko haizeak. Badago gizonen artean agurra egiteko modu informalago eta zabalduago bat, eskua jaso eta topa egitea. Badu agurtzeko modu amerikar horrek halako kiroltasun ukitu bat ere, gustagarria egiten dena.

Bakoitzak bere agurtzeko modua du. Argiñanok, esate baterako, ezkerreko eskua gora altxatuz egiten du urrundik diosala. Ezkertiarren ukabil jasoaren eta pilotari baten bolearen arteko keinua da. Eskuarekin egiten diren keinu horiek izaeraren araberakoak dira. Beraz, pertsona adina agur daude. Hori nabarmena da Zinemaldira etortzen diren aktoreen artean. Baina ideologia adina agur ere badaude. Hor daude agur militarrak. Hor daude oraindik Madrilen ikusten diren agur faxistak ere. Hor dago Dieudonne komiko frantziarraren agur polemikoa. Nik neuk, Becketten erara, buruarekin keinu laburra eginez agurtzen jarraitzen dut.

Besarkada guztiak ez dira, noski, agurrak. Asko maitasunezkoak dira. Gizonezko batek emakumea atzetik, bi besoak bularren parean gurutzatuz, besarkatzen badu, maite duen seinale. Emakume hori lasai egon daiteke, zaintzeko eta defendatzeko asmoa adierazten du; izan ere, zer dago bizkarra baino gorputzeko atal babesgabeagorik, mendeetan labankadak eta erasoak hortik etorri baitzaizkigu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.