“Denek euskaraz ateratzen dute gida baimena gure autoeskolan”

Dagoeneko 37 urte pasatu dira Maite Agirrezabalak (Azpeitia, 1954) autoeskolako lanbidea barrutik ezagutu zuenetik. Ordutik, ofizio eta ogibide bihurtu du, eta, gaur egun, Azpeitiko Loiola etorbidean dauka eskola, Azpeiti autoeskola. Iazko apirilean ireki zuen, eta, ordutik, bertan ari da lanean Miren Etxaniz (Azpeitia, 1983) lankidearekin batera. Teoriako nahiz praktiketako irakasle lanak egiten dituzte biek: “Bata zein bestea gustura egiten ditugu”.

Lantegi bateko bulegoan lan egiten zuen Agirrezabalak, baina 1975. urtean lanik gabe geratu zen, eta orduan, urtebete hala egon ondoren, okindegi batean hasi zen lanean. Goizean goiz ogia egin eta inguruko herrietan banatzen zuela azaldu du azpeitiarrak. Baina anaiak autoeskola bat dauka Zumaian, eta, hark animatuta, autoeskolako irakasle izateko titulua atera zuen.

“Titulua eskuratu ondoren, Azkoitiko Etxaniz autoeskolan hasi nintzen lanean; bertan hiru urte egin nituen, eta, ondoren, anaiaren gidari eskolan 28 urtez lan egin dut. Gero beste autoeskola batzuetan ere aritu naiz ordezkapen batzuk egiten, baina lanik gabe geratu nintzen, eta, langabezia saria ere amaitzen ari zitzaidanez, iazko apirilean Azpeitian autoeskola bat zabaltzea erabaki nuen”, azaldu du. Autoeskolak urtebete soilik izan arren, hainbat urtetako esperientzia dute bertako langileek.

Gaur egun, irakasle eta zuzendari izateko tituluak ditu autoeskolaren jabeak: “Aurretik azterketa bat egin behar da, bai teorikoa eta baita praktikoa ere. Eta hori gainditzen baduzu, kurtso bat egiten da etxetik azterketak eginez. Ondoren, aurrez aurreko eskolak ere egiten dira irakasle izateko”.

A1, B eta BTP gidabaimena eskura daitezke Azpeiti autoeskolan. Teorikoari dagokionez, hiru modutara atera daiteke. Lehenengoa autoeskolan bertan ordenagailu bidez egiten dena da; zalantzak argitzeko irakaslearen laguntza izaten da gainera. Bigarrena autoikasgela deiturikoa da, eta Internet bidez etxetik egiteko aukera ematen du. Eta, azkenik, lau eguneko ikastaro trinkoa egiteko aukera ere ematen dute autoeskolan; hau da, lau egunez irakaslearen gidaritzapean gai denak sakon jorratzeko aukera dago, azterketara aurkeztu eta gainditzeko aukera ematen duena. Ikastaro horiek azterketa teorikoaren aurreko lau egunetan ematen dituzte. Horrez gain, testak edozein lekutatik egin ahal izateko ikasle bakoitzari erabiltzaile izen eta pasahitz bana ematen diote Azpeiti autoeskolan.

Gidabaimena euskaraz

Badira urte batzuk inguruetako autoeskolak gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera ematen hasi zirenetik, eta hainbat pertsona automobil kontuetan gazteleraz ikasten ohitu badira ere, Agirrezabalak azaldu duenez, “orain arte, kanpotik etorritako bi atzerritarrek izan ezik, gainontzeko guztiek euskaraz atera dute gidabaimena; hau da, %100ek euskaraz ateratzen dute gidabaimena gurean”. Baina, batzuetan, “zeharbidea”, “bazterbidea”, “geratu”, eta horrelako hitzek ikasle batzuk nahasten dituztela azaldu du.

Teknologia berriez hornitutako autoeskola da, eta azterketa teorikorako ariketa guztiak ordenagailu bidez egiten dituztela azaldu dute; nahiz eta gero azterketak eskuz egin behar diren. Horrek ere denbora aurrezteko aukera ematen du. “Gehienbat ordenagailuz prestatzen ditugu azterketak, baina gero, azterketara joan aurreko bi edo hiru egunetan, papereko azterketa batzuk eginarazten dizkiegu ikasleei, ohitzen joateko”, azaldu du Agirrezabalak. Enbragea maneiatzen ikastea eta herri barruan autoarekin ibiltzea da jendeari ikastea gehien kostatzen zaiona. “Gehienbat, egoerara egokitzea kostatzen zaio jendeari”, azaldu du Etxanizek.

Autoeskolako ikasleekin gertuko harremana dutela azaldu dute bertako bi langileek. Irakasleak ere herrikoak izanik, harreman estua lortzen dute ikasleekin. Hala azaldu du Etxanizek: “Teorikoan denak batera daudenez, agian ez da horrenbesteko harremana egiten ikasleekin”. Baina, ondoren, praktiketan hasten direnean, harremana zuzenagoa da: “Gertutasun handiagoa lortzen dugu”. Agirrezabala ere iritzi bertsukoa da: “Nik neure seme-alabak izango balira bezala hartzen ditut autoeskolako ikasleak, eta neure familiakoak izango balira bezala irakasten diet”.

Lan gehiena udan egiten dutela nabarmendu du Agirrezabalak, maiatzean eta ekainean gehienbat. “Gazte asko maiatz bukaerarako oporretan daudenez, orduan aprobetxatzen dute gidabaimena ateratzeko. Askok 17 urterekin ateratzen dute teorikoa, eta hurrengo urtean, 18 urte betetakoan, praktikoa ateratzen dute”.

Egoera ekonomikoak eta merkatuaren gorabeherak ogibidean eraginik izan ote duen galdetuta, baietz dio Agirrezabalak: “Gainontzeko sektoreetan bezala, gurean ere eragin du krisiak. Gainera, lau edo bost urte dira hemen inguruetako autoeskoletako preziorik igo ez dela”.

Deskarga lanak azterketan

Autoeskolako langileek hainbat egoera xelebre izaten dituzte bertako ikasleekin. Horietako bat azaldu du Agirrezabalak: “Azterketa praktiko bat egiten ari ginela, deskarga lanak egiten ari zen kamioi bat egokitu zitzaigun aurrean. Errepidean lerro jarraitua zegoenez, ikasleak ezin zuen kamioia aurreratu, eta bertan geratu zen zain eta zain. Azkenean, aztertzaileak ironiaz esan zion ea zergatik ez zen kanpora irteten kamioilariari deskarga lanak egiten laguntzera. Esan eta egin. Ikaslea, autotik jaitsi, eta kamioilariari laguntzen hasi zen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.