“Espaloia kudeatzeko bidea beste batzuei zabalik utziko diegu”

Elgetako Goibeko euskara elkarteak ekainean hamar urte beteko ditu Elgetako Espaloia kafe antzokia kudeatzen. Orduan, ordea, erretiroa hartuko du, “etor daitezkeenei bidea utziz”; hala esan du Goibeko elkarteko eta Espaloia kooperatibako presidente Iban Arantzabalek (Elgeta, 1975). Ekainera arte hamargarren urteurrena hainbat ekitaldirekin ospatuko dute; hala ere, azken jaiaren ondoren hartuko dute erretiroa. Kudeaketa batzordeak urtarrilaren 15ean adierazi zien erabakia Goibekoko bazkideei.

Goibekok Espaloia kafe antzokia kudeatzeari utziko dio ekainean. Zer dela eta?

Orain dela hamar urte, Elgetako Udalak lehiaketa publiko bat egin zuen, eta Goibeko euskara elkarteak Espaloia Kooperatiba proiektua aurkeztu zuen orduan. Hamar urteko epea zuen, eta ekainean beteko da. Orain, beste lehiaketa publiko batera aurkeztu edo beste batzuei lekukoa ematea erabaki behar zen. Lehiaketara aurkeztuta, irabazteko aukera izango genuke: orain arte egindako lanak balio bat badaukalako eta ez litzatekeelako zaila izango berriro horrelako eginkizun batean sartzea. Baina horri gehitu behar zaio hamar urteotan hainbeste jende boluntariok egindako lana eta horrek dakarren nekea. Kudeaketa talde trinkoan erabaki genuen beste batzuei bidea zabalik lagatzea. Gu geu ez gaude orain dela hamar urte bezalako indarrarekin.

Zuek egindako inbertsioak herrirako uztea erabaki duzue.

Espaloia Kooperatibak inbertsio guztiak eginda utziko ditu, eta zor barik. Bertan egindako inbertsio guztiak herrirako utziko ditugu, herriak berak kudeatu ahal izateko. Era horretan, hurrena datozenek inbertsiorik egin barik hartzeko aukera dute. Hartu beharreko proiektua ez da izango guk hartutako egoeran. Gu bankuekin ezkondu ginen orain hamar urte, eta orain beste egoera batean hartzeko aukera izango dute. Pentsatzen dut horrek kudeaketa erraztuko duela.

Horrelako kultur ekipamendu bat zorrik gabe uztea, gaur egun, gauza handia da, ezta?

Bai, baina ez da erraza izan. Guk zortea eduki dugu, eta gure jarduna alde horretatik doitua izan da. Bestetik, gastuak neurtuak izan dira: kooperatibako bazkideek tabernan edota sukaldean zerbitzua eman dutelako kobratu dute, baina kultura taldeek ez dute inoiz zentimorik kobratu. Horrek poltsatxo bat egin, bankuei ordaindu eta ekitaldi batzuetan zuloa egiteko ahalmena eman digu. Badakigu kulturan ekitaldi batzuk ondo joaten direla, baina beste batzuk ez. Baina kultura taldeak apustu batzuk egin ditu, eta inbertitu ahal izan dugu defizitarioak ziren kultur jardunetan ere. Defizitarioak dirutan, baina guretzat ez kultur aberastasunean eta euskal kulturari ematen zioten aberastasunean.

Nolakoa izan da Goibeko euskara elkarteak hamar urteon gainean egindako balorazioa?

Urtarrilean elkarteko batzar orokorrean bildutakoei urte hauetako Espaloia Kooperatibaren jarduna baloratzeko eskatu genien. Balorazio negatiborik ez zen irten; berba denak positiboak izan ziren. Orduan, gaizki egin dugunaz hitz egiteko ahalegin bat ere egin genuen. Guk gaizki ere egin ditugu gauzak, eta horiek aztertzeko denbora ere hartu genuen. Joseph Conradek hala zioen: “Ezer egiten ez dutenak baizik dira akatsgabeak”. Guk egiteko hautua egin dugu, eta egiteko hautuak akatsak dakartza. Baina balorazioa positiboa izan da, eta gu oso pozik irtengo gara hamar urteko jardun honetatik.

Espaloiarekin aurrenak izan zineten kafe antzokiaren formatua Gipuzkoara ekartzen.

Gurpila guk ez genuen asmatu, hori egia da. Gainera, zergatik asmatu, onak baldin badaude merkatuan. Gu Bilboko kafe antzokiko kontsumitzaile izan ginen. Bilbora joaten ginen bakoitzean gustuz egoten ginen hango kulturgunean, eta miresmenez begiratzen genuen hango lana. Gerora, Ondarroakoa etorri zen, eta pista bat eman zigun: Bilbon egin ahal da, baina herri txiki batean zergatik ez? Gure moduko herri baterako formula egokitu beharra ikusi genuen. Elgetak orduan mila biztanle zituen, eta horrelako egitura bat ez zela posible ikusten genuen, baina gure inguruan herri handiagoak zeudela kontutan hartuta aukera bazegoela ikusi genuen. Orduan, egituraz ere desberdina izango zen eskualdeko proiektu bat landu genuen. Espaloia eraikina ez da gurea, udalarena da. Udalak hor zine bat egiteko asmoa zuen garai hartan; asmo hori jakinda, guk propio proiektu bat landu eta sortu genuen: gure moduko herri batean ekitaldi aniztunagoak egiteko aukera ematen zuen areto bat egiteko proiektua. Euskarari lotua eta kultura kudeaketa independentea edukiko zuena; udaletik pixka bat aldendua, hala kulturak irabazi egingo zuelako. Hasieran beldur batzuk sortu ziren, ezagutzen ez zen zerbait planteatzen genuelako. Beldur horiek azaltzen jakin genuen, baina orduan ere jende asko ez genuen konbentzitu. Hasierak gogorrak izan ziren; minusetik hasi ginen puntuatzen, ez zerotik. Baina, poliki-poliki, ikusi da herrirako proiektu polit bat izan dela. Gainera, euskara eta kultura ardatz izan dituena.

Elgetari eta eskualdeari zer eskaini dio Espaloia kafe antzokiak?

Beste gune bat gehiago edukitzea. Horrelako edo antzerako beste gune batzuk badaude, eta jende asko dago eskualdean kultura oso duin egiten dabilena, baita euskara elkarte batzuk lanean oso duin ari direnak ere. Inondik ere ez dugu egin besteek baino gehiago. Egin duguna gure modura egin dugu. Besteak beste, euskararentzat ere beroki on bat izan da. Inguruko areto batzuetara ekartzen ez zituzten ekitaldiak antolatzen saiatu gara. Lehen esanda bezala, kale egin dugu batzuekin; zenbaitetan sentitu dugu ekitaldi bategatik ordaintzen ari ginena ez ordaintzekoa zela. Baina oso gutxitan pasatu da. Kultur diziplina askotako ekitaldiak izan ditugu. Batetik, kontsumora bideratutako kultura eskaintza egon da, eta, bestetik, sorkuntzako kultura. Beti egon da herriko taldeei zabalik: eskolako jaiak, musika eskolako kontzertuak, erretiratuen antzerki obrak eta beste egin dira. Bi osagai horiek eduki ditu: herrira begirakoa landu da, batetik, eta horrek balio handia dauka, seguruenik handiena; eta kultura espektakulua, bestetik. Ez da iguala eskola batek ikasturte bukaerako jaia soinu onarekin, teknikari batekin eta agertoki landu batekin egitea edo eskolako atarian egitea. Kultura duintzeko bide bat ere eduki dugu, eta hori denontzat da ona.

Hamar urteotako jardunari festa batekin eman nahi diozue bukaera. Hasi al zarete prestatzen?

Bai, ari gara azken jai horrekin pentsatzen. Batzar orokorrean ekarpenak egiteko eskatu genien bazkideei. Hasieran, Espaloiatik pasatutakoekin esketx batzuk egitea pentsatu genuen, baina hainbeste pasatu dira bertatik… Ikusiko dugu nola egingo dugun. Baina azkenengo jai hori ere ospatzeko izango da, eta Espaloiak izandako bi osagaiak jasoko ditu: espektakulu kultura eta herriko kultura. Gurekin hamar urte hauetan kide izan diren horiek denak eskertu nahiko genituzke. Esan behar da Elgetako herritarren %25 bazkide direla.

Elgetako Udalari emango zenioten erabakiaren berri; zer komunikatu diozue?

Udalari esan diogu ekainean hamargarren urteurreneko ospakizunarekin gure jarduna bukatu egingo dugula. Oraindik hilabete batzuk gelditzen dira, eta ondo legoke udalak pentsatzea nondik jo. Lehiaketa publiko bat aterako dute seguruenik, eta lehiaketara kulturaz kezka pixka bat duen jendea animatu nahi dugu, denontzat onena hori izango litzateke eta.

Goibeko euskara elkarteak zer egiteko asmoa dauka ekainetik aurrera?

Goibeko euskara elkarteak 250 bazkide ditu. Azken bazkideen batzar orokorrean horretaz ere aritu ginen, eta zertzelada batzuk atera ziren. Euskara gaia bera gure herrian lantzeko zeregina badaukagu: erabilera eta kalitate aldetik. Euskara elkarte batek dituen funtzio batzuk hartzea da gure asmoa. Horrez gain, beste kontu batzuk lantzeko asmoa ere badugu: komunitate egintza edota historiako ataletako bazkideek nahi eta daukaten indarraren arabera egingo da. Poliki-poliki joango gara marrazten, presarik gabe. Aurrena, hitza emandako proiektu potolo hau ondo ixtea nahi genuke, eta horretan daukagu indarra jarrita. Zorionez, geldi egoteko jende gutxi egon da Espaloia kafe antzokiaren inguruan, eta nekeza izango da horiek gerora ere geldi egotea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.