Gasa, berdea eta merkeagoa

Garai batean, baziren gasa erabiltzen zuten ibilgailuak Euskal Herrian, baina interes ekonomikoak eta segurtasun arazoak zirela medio, desagertuz joan ziren. Egun, ordea, kontzientzia handiagoa dago ingurumenarekin, eta berriro agertzen hasi dira, nahiz eta oraindik gasolina eta diesela nagusi izan. Autogasak gasolinak baino CO2 isuri gutxiago botatzen ditu, eta merkeagoa da:%40tik gora aurrez daiteke.

Ingurumenarekiko kontzientzia ere nabaria da Errenteriako Don Bosco institutuko Automozio Sailean, eta motor hibridoak lantzen ari dira. Duela hilabete batzuk, autogasaren gaineko trebakuntza jasotzeko aukera suertatu zitzaien. Pertsona bat harremanetan jarri zen Javier Oskoz Automozio Saileko irakaslearekin, jakiteko ea Gipuzkoan zein tailerretan jar zezakeen autogas kita: “Konturatu ginen ez genuela ideiarik ere, nahiz eta harreman handia izaten dugun tailerrekin. Galdezka hasi ginen, eta ohartu ginen monopolioa Repsolek duela. Haiekin jarri ginen harremanetan, eta ordezkari bati eskola erakutsi genion”.

Enpresarekin hitzarmen bat sinatu zuten, eta, duela bi aste, autogas kitak jartzen dituen Ircongas enpresako pertsona batek trebakuntza ikastaro bat eman zien hamabost irakasleri. Orain, berriz, Automozio Sailean dauden 250 ikasle ari dira halako kitak jartzen ikasten.

Don Bosco aitzindaria da horrelako ikastaro bat ematen; ez dute ezagutzen halako beste zentrorik: “Kita jartzen irakatsi digun pertsonaren enpresak 10.000 kitetik gora muntatu zituen iaz, eta tailerretan prestakuntza ematen du. Ordea, esan zigun eskola batean ez dutela inoiz eman prestakuntzarik. Repsolekoek ere esan ziguten lehen aldia dela hitzarmen bat sinatzen dutela eskola batekin”.

Hiru eguneko trebakuntza ikastaroa jaso zuten irakasleek, eta ikasleek ere galderak egiteko aukera izan zuten. “Batzuk oso harrituta geratu ziren. Ikasleei asko gustatzen zaizkie rallyak eta abiadura, eta autoak potentzia-edo gal dezakeela ikusten dutenez, zalantzak sortzen zaizkie”, adierazi du Oskozek.

Irakasleak adierazi du, ordea, autogasak edo PGL petrolio gas likidotutak abantailak baino ez dituela: “Motorrak gutxiago sufritzen du, eta, ondorioz, gehiago irauten du; olio gutxiago gastatzen du, eta, horrenbestez, gutxiagotan aldatu behar da; gutxiago kutsatzen du; kontsumitu, berriz, berdin egiten du, baina kontsumitzen duenak erdia balio du”.

Desabantailen artean, bat azaldu du: autogasaren depositua autoaren maletategiaren azpian egoten da normalean, ordezko gurpila egoten den tokian. Horrenbestez, tokia egin behar izaten zaio ordezko gurpilari.

PGLa erabili ahal izateko baldintza bakarra autoak gasolina motorra erabiltzea da: “Dieselak ez du balio, ezin baita transformatu”. Autoak, beraz, hibridoak dira: motorrak gasolinarekin eta gasarekin funtzionatzen du, eta aldatuz joaten da.

Normalean, botoi bat edukitzen dute autoari esateko gasa edo gasolina erabil dezan, “baina automatikoki egiten du”. Gasaren depositua hustuz gero, beraz, gasolina erabil daiteke. “Jendeak, ordea, nahiago izaten du gasolina gutxiago erabili eta gasa gehiago, prezioarengatik. Gasarekin 250-300 kilometro gehiago egiteko aukera dago. Beraz, gasolinarekin zazpiehun egiten dituen autoak mila bat kilometro inguru depositua bete gabe egin ahalko lituzke gasarekin”.

Gasak, gaur egun, 0,79 euro balio du, eta gasolinak, ia halako bi: 1,40 euro. Oraingoz, gasolinaren prezioaren azpitik dago gasarena, eta, irakaslearen ustez, dekretu batek arautzen du: “Hala ere, egunen batean konturatzen badira gasa erabiltzen duten autoak ugaritzen ari direla, agian igoko dituzte zergak”.

Oskozek azaldu du autoez gain enpresa handietako hainbat ibilgailu, dumperrak adibidez, gasolinazkoak direnean PGLa muntatzen dutela, “gutxiago kutsatze aldera”.

Kita jartzeak 2.000 euro inguru balio du. Oskozek jakinarazi du 500 euro inguruko laguntza ematen duela Jaurlaritzak, eta Repsolek 150 euro erregaitan. Auto berria erosiz gero, berriz, Jaurlaritzak 1.000 euro inguruko laguntza ematen du kita jartzeko.

Segurtasun aldetik, ez dauka gasolinak baino arrisku gehiago. Oskozek gogoan du duela gutxi Bartzelonan taxilari bati eztanda egin ziola autoak gasarengatik. “Hala eta guztiz ere, hainbat gertakizun kate izan zituen; azken finean, hori gertatzea oso zaila da”.

Pixkanaka, hedatuz

Euskal Herrian, pixkanaka zabalduz doa autogasaren erabilpena, baina, oraindik, munduko beste zenbait tokitako erabilera datuetatik urrun dago. Izan ere, Hego Amerika eta Europako zenbait tokitan oso zabaldua dagoela azaldu du Oskozek: “Espainiako Estatuan 20.000 auto daude, baina adituek espero dute hemendik urte batzuetara zenbaki hori 100.000ra iristea”. Munduan, berriz, 21 milioi auto daude. “Oraindik, ordea, ez zaigu buruan sartzen gasarekin funtziona dezakeela auto batek”. Oskozen arabera, gutxi egotearen arrazoietako bat da gas biltoki gutxi daudela, baina horiek ere ugarituz doaz. Egun, zortzi daude Gipuzkoan, baina gehiago irekitzekotan direla jakinarazi du irakasleak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.