Beasaingo Udalak aurkeztu du urteotan herrian zeresana eman duen Igartza auzorako proiektua. Azken hilabeteetan, herritarren iritziak eta ekarpenak jaso ditu udalak, parte hartzeko prozesu baten bidez —150 herritar inguruk parte hartu dute—. Prozesuaren hasieran bi balizko proiektu aurkeztu zituen udalak. Ondoren, hirugarrena proposatu zuen; azkenik, lehengo astean aurkeztu zuen laugarren eta azken proiektua, herritarren proposamenak kontuan hartuta. Herritarrekin adostutako proiektu hori astelehenean ezagutarazi zuten udaleko hirigintza batzordean.
Aurreko agintaldiko udalak aurkeztutako proiektuarekin alderatuta, azken proiektuan aldaketa ugari egin dituzte. Errekarte eta Telleri baserriak botatzea aurreikusten zuen aurreko proposamenak. Oraingoak, berriz, bi eraikinei eusten die. Aukeren artean jaso dute, gainera, etorkizunean Errekarteri bestelako erabilera bat ematea. Beste aldaketa nabarmena etxebizitza kopuruarena da. Lehen planak 183 etxebizitza egitea aurreikusten zuen —horietatik 65 babes ofizialekoak ziren—. Azkenean, ordea, 62 etxebizitza egitea da asmoa. Horietatik 25 izango dira babes ofizialekoak.
Espazio publikoari buruzko herritarren eskaerei ere jaramon egin diete. Hala, etxebizitza berrien goialdean berdegune bat egingo dute. Errekaren bidea errespetatuko dute, eta, bizilagunek eskatu bezala, oinezkoentzako bide bat egingo dute. Horretarako, orain dagoen errepidea bere horretan utziko dute, eta AHTaren obretarako erabili duten bidea egokituko da. Bide hori Loinazko San Martin baselizara joateko bidearekin lotuko dute orain.
2010eko proiektua
Urteotan zeresan handia sortu du aurreko legegintzaldian Beasaingo Udalak Igartza auzorako aurkeztutako proiektuak. 2010ean, udalak beharrezko jo zuen Errekarte eta Telleri botatzea 183 etxebizitza eraikitzeko. Hasieratik, ordea, lanen aurka agertu ziren Beasaingo hainbat herritar. Herriko arkitekto batek alegazio txosten bat aurkeztu zuen udalean, baserriak eraistea eragozteko. Txostenean azaldu zuenez, bi eraikinen egitura arkitektonikoak eta urbanistikoak “oso garrantzitsuak” dira. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eskatu zion ingurua Monumentu Multzo izendatzeko. Jaurlaritzak erantzun zion ezin zuela hala izendatu, baina ingurua babestera deitu zuen udala.
Leave a Reply