Milioi bateko ipurdia

Aseguru etxeek noizbait betetzen ote dute kontratu hura sinatzean agindu zizuten guztia? Politikoek ere ez dute hainbeste promes egiten hauteskunde garaiko olaturik bizienean. Egia esan, funtsean, funtzionamendu bera dute aseguru etxeek eta hauteskunde kanpainan dauden politikariek. Beraiengana lotu aurretik, direnak eta ez direnak agintzen dizkizute, eta behin zure konfiantza edo zure botoa lortu dutenean, izorrai! “Hezkuntzan eta osasun publikoan murrizketarik ez genuela egingo esan genuela? Ez naiz, ba, gogoratzen…”; “Autoa aseguratzeko garaian hori guztia agindu genizula? Tira, bai, baina berrehun eta hamazazpi salbuespen hauekin”. Horrelaxe egiten da dirua. Horrelaxe betetzen dituzte poltsikoak eta horrelaxe uzten gaituzte Infanta Elena aurpegiarekin, inozo sentsazio honekin.

Gaur egun dena asegura daiteke: etxea, autoa, bizitza, osasuna, ordenagailua, den-dena. Pentsa, Jennifer Lopezek bere ipurdia milioi bat dolarretan aseguratu omen zuen. Hori sinesteak lanak ematen dizkit oraindik! Emakume horren gastroenteritisak ez dira samurrak izango, milioi bat dolarreko ipurdia komun zulotik paseoan ibiltzeak ez baitio grazia handirik egingo; ardo onarekin kalimotxoa egitearen parekoa izango da sentsazioa.

Milioi bat euro emango balidate nire gorputzeko atal bakarra aseguratzeko, ahoa aukeratuko nuke ziurrenik, arrazoi askorengatik; ahoarekin jan eta dastatzen delako, ahoarekin ematen delako musu, ahoarekin hitz egiten delako —aktore izanda hori aseguratzea garrantzitsuagoa dela uste dut ipurdia baino, baina, tira, norberak bere lehentasunak ditu—. Beste arrazoi bat ikaragarri garrantzitsua: orain arteko inbertsiorik handiena ahoan egin dudalako. Bost urtean hortzetako aparatua eramatearen fruitua da gaur egun ikusten dena; ez pentsa hortz hauek denak ilara berean zeudenik. Ondo kostata jarri dut hortz bakoitza bata bestearen ondoan, lerro txukunean! Eta, azkenik, pisurik handiena duen arrazoia; irribarre egiteagatik, irribarre bat edonori egin diezaiokezun oparirik errazena eta politena delako, kutsakorra delako eta, Lopezen ipurdia ez bezala, bihotzeko urratu txikiak sendatzera iristen delako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.