Pil-pileko gaiak landuz informazio eguneratua eskaintzeko helburuz abiatu da Poliklinika Gipuzkoaren Osasun Ikasgelak ziklo berria. Minbiziari, lesioei, bihotzeko gaixotasunei eta beste hainbat osasun arazori buruzko hamar hitzaldi antolatu dituzte otsailetik azarora bitartean. Horietatik sei Donostiako Kutxa aretoan izango dira, eta gainerako laurak, berriz, Eibarko Portalea kultur etxean.
Duela hamabost urte hasi zen Poliklinika Osasun Ikasgelak zikloa antolatzen, baina, Arantza Atienza Poliklinikako zuzendari medikoaren arabera, orain bost urte formatua aldatu zuten: “Dibulgazio gisa eskaintzea pentsatu genuen, eta hiru urte dira zikloko hitzaldi batzuk Eibarren antolatzeari ekin genionetik”. Hitzaldi sortaren bidez, “osasunaren zainketa eta prebentziorako ohitura” sustatu nahi dute herritarren artean, eta, horregatik, “gaur-gaurko gaiak eta nagusi diren patologiak lantzeko ahalegina” egin dute aurten.
Atienzaren hitzetan, “adin orotako jendearentzat” da aurtengo zikloa, baina gazteei begirako bi saio antolatu dituzte: “Eibarren, azalaren zainketari eta ikusmen arazoei buruzko bi saio antolatu ditugu, eta horietara jende gazteagoa ager daitekeela uste dugu”.
Bihotza zaintzeko keinuak
Aurtengo zikloari hasiera ematea Poliklinika Gipuzkoako Laura Quintas kardiologoari egokitu zaio. Asteazkenean Infartuzko bizitzak hitzaldia eman zuen Eibarren Quintasek, eta bihotz hodientzako bizitza osasungarrirako aholkuez aritu zen. Bost keinu txiki aski dira bihotza zaintzeko: “Kirola egitea, egunean gutxienez ordubete ibilita; otorduak zaintzea, batik bat fruta, barazkiak eta ortuariak janda; ez erretzea; estresa saihestea, gauzak lasaitasunez eta optimismoz hartuz; eta ahalik eta alkohol gutxiena kontsumitzea”.
Quintasen arabera, gaixotasun kardiobaskularretan sarritan ez da sintomarik antzematen, eta “bularrean, lepoan, bizkarrean, masailezurrean, ezkerreko sorbaldan eta besoan zein sabelaren goialdean edo ezkerrean” mina sentituz gero, medikuarengana joatea komeni da. Horrez gain, gaixotasun kardiobaskularrak saihesteko “arrisku faktore aldagarriei” aurrea hartu behar zaiela uste du Quintasek: “Kolesterol maila altuak, hipertentsio arterialak, diabetesak… gaixotasun kardiobaskularretarako aukera areagotzen dute”. Edonola ere, badira alda ezin daitezkeen beste faktore batzuk, Poliklinikako kardiologoaren hitzetan: “Adina eta familiako aurrekariak”.
Horrez gain, bihotzeko osasunarekin zerikusia duten ekintza gehiago egingo dituzte ekain amaieran, Bihotz Bizi elkartearekin batera antolatu duten Bihotzaren Astearen barnean. Oraingoz, ekainaren 26an Donostiako Kutxa aretoan eskainiko duten Bihotz hodietako lesioaren hiru faseak hitzaldia baino ez daukate finkatuta, hala azaldu du Atienzak: “Gauza gehiago izango dira, baina oraindik ez dugu egitaraua itxi”.
Leave a Reply