Zuberoaren erakusleiho

‘Hebentik…Zubiak’

Azpeitia

Mugak haustea. Horixe du helburu Azpeitiko Sanagustin kulturguneak eta Zuberoako Hebentik elkarteak elkarlanean antolatutako Hebentik…Zubiak topaketak. Gaur hasi eta igandera bitartean, Zuberoako kultura adierazpideen erakusleiho izango da Azpeitia. Filmak, dantza, kirola, musika. Hiru egunez, askotariko emanaldiak eskainiko dituzte herriko kaleetan nahiz aretoetan: “Helburua da Euskal Herriaren beste txoko batean kultura nola bizi duten ezagutaraztea”.

Asteburua hasteko, Peio Cachenaut zuzendariaren Xora filma emango dute gaur, 21:30ean, Soreasu antzokian. Ipar Euskal Herrian euskaraz —zubereraz—egindako lehen filma da Xora. Proiekzioaren ondoren, mahai inguru bat egingo dute.

Bihar, 19:00etan, kantu jira bat egingo dute Azpeitiko kaleetan zehar. Parte hartuko dute Azpeitiko Bagera elkarteko erretiratu taldeak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Hebentik elkarteko kideek. Topaketak afalondoan izango du jarraipena, Sanagustin kulturgunean. 23:00etan hasita, kontzertua emango dute Sendaezinak eta Joxe Replay taldeek.

Iganderako ere ez dute prestatu egitarau makala. Goizean bi tailer egingo dituzte. Lehenik, frontoi txikian, Ipar Euskal Herriko pilota jokamoldeak erakutsiko dituzte, 10:00etatik 12:00etara. Ilunpe pilota elkarteak eta Mixel Iturria Zuberoako zesta puntalari ohiak parte hartuko dute. Eguerdirako, berriz, Zuberoako dantzen tailerra antolatu dute. Eguraldi ona egiten badu, Plaza Nagusian egingo dute; bestela, Sanagustin elkargunean.

Taldeko argazkia atera ondoren, guztiek elkarrekin bazkalduko dute. Amaitzeko, Pilotarhitza ikuskizuna eskainiko dute Sanagustin kulturgunean, 19:00etan. Pilota, dantza, musika eta bertsoa uztartzen ditu ikuskizun horrek. Besteak beste, oholtzara igoko dira Mizel Theret euskal dantzari koreografoa, Jean Christian Irigoien eskusoinu jolea eta Mixel Etxekopar musikaria.

Azpeitiko Kultur Mahaiak Zuberoako zenbait sortzailerekin abiatutako harremanetik sortu da proiektua. Sustatzaileek nahi dutena da bi kultur mugimenduen arteko “zubiaren lehen harria” izatea lehen topaketa hau.

Leave a Reply

Your email address will not be published.