Bazkideak lortzeko kanpainarekin ari da Tolosaldeko taldea

Gipuzkoan 11 informaziogune ditu Fiarek, eta horietako bat da Tolosakoa, Tolosaldeko taldeko kideen ekimenez iazko urrian martxan jarri zutena. Udala bera Fiareko kide da, eta taldeak Plaza Berriko Abastos eraikinean du bulegoa; astelehen arratsaldez eskaintzen dute informazioa bertan.

Fiarek Tolosaldean duen taldeko kideetako bat da Joxe Ramon Apalategi, eta pozik dago eskualdean lortzen ari diren bazkide kopuruarekin. “Eskualdeko herri guztietara iritsi nahian” dabiltzala azaldu du. Horrez gain, elkarte batzuengana ere jo dute: “Gizarte ekintzan diharduten taldeekin harremanak izaten ahalegintzen gara, horiek izan ditzaketen kreditu beharrei erantzun ahal izateko”.

Enpresa Zientzietan lizentziaduna, kezkagatik jo zuen banku etikora: “Beti izan dut zalantza ekonomia eta finantza arloaren kudeaketari buruz; kezka sortu izan didate ekonomiak gizarteari eragindako ondorioek, eta, horregatik, Fiareko bazkide egin nintzen 2008an”. 2013ko Gipuzkoako lehen batzarrean, ohartu zen Tolosaldeak ez zuela ordezkaritzarik Fiaren, eta, lagun batzuekin, lanari ekin zion. Hala, iazko apirilean egin zuten Tolosaldeko taldearen aurkezpena.

Geroztik, kontzientziatze eta hedatze lanetan murgilduta dabiltza. “Fiareren filosofia, lan egiteko modua eta helburuak jendaurrean aurkeztu genizkien herritarrei, eta Tolosako Udalarekin harremanetan jarri ginen, egoitza bat eskatzeko. Urri aldera lortu genuen bulegoa, erabilera anitzeko eraikin batean”. Eskualdean, hiruzpalau ekitaldi egin dituzte, Fiareren egitasmoa ezagutarazteko.

Astelehenetan, 18.00etatik 20:00etara edukitzen dute zabalik Tolosako informaziogunea, eta, Apalategiren arabera, “herritarrek badute etortzeko ohitura”. Tolosaldeko taldeko ordezkariak azaldu du joaten direnek badutela Fiare banku etikoaren berri, eta normalean “Fiareren barnean dauden produktuei buruzko informazio bila” joaten direla hara.

Leave a Reply

Your email address will not be published.