‘Deal-breaker’

Hizkuntza bat behar bezala ikasteko prozesuan, hark ezkutatzen dituen ñabardurak eta zehaztasun bereziak maitatzea eta mimatzea oso lagungarria da. Ingelesaren kasuan, kontzeptu konplexu bat esamolde bakar batekin hiztegiratzeko gaitasuna inbidiagarria iruditzen zait. Horietako bat baino gehiago inguruko gertaerak azaltzeko erabili ohi ditut. Eusnobismotik oso urrun eta modu original eta bakanean, noski. Nire joskera kuttunena, beharbada, deal-breaker izenekoa da.

Errealitate edo egoera konplexu bat zapuzten duten xehetasun ziztrinak dira deal-breaker-ak. Itxuraz inongo garrantzirik gabeak, arinak, baina balantzaren beste aldean dauden mila argudio astunek baino pisu handiagoa izaten dutenak azkenean. Harreman batean, deal-breaker-a izan daiteke gure bikotekideak erretzeari ekitea; taberna batean gertatutako ika-mikan, manera txarrekin ahotsa goratzea; edo, nik zer dakit ba, egun batetik bestera EAJko militante txartela ateratzea. Irrazional samarrak eta apetatsuak dira deal-breaker-ak. Horrek egiten ditu hain erakargarri.

Artikulu edo liburu bat edo blogen bateko sarrera irakurtzen hasitakoan, adibidez, interes guztia galdu ohi dut datu oker bat topatu bezain pronto. Euskal nobelagile ezagun baten azken alea bukatu ezinik nabil, lehen ehun orrialdeetan bi hanka sartze koskor topatu eta gero. Haiekin estropezu egin arte bizi-bizi nindoan, benetan gozatzen ari nintzen. Deal-breaker-aren ondoren, ez dut uste sekula berak publikatutakoei sekula berriz kasu egingo diedanik. Alergia baten oso antzekoa baita azaldu nahian ari naizen errealitate hau. Saihetsezina, eta gehienetan, sendatu ezinezkoa.

Antzemanda eta sailkatuta dauzkadan deal-breaker guztien artean, bada bereziki ezordukoa suertatu izan zaidan bat. Erreakzio guztiz matxista bada ere, zakar hitz egiten duten neskengan interes guztia galtzen dut, automatikoki, nik neuk kamioilari mexikar batek baino birao gehiago erabiltzen baditut ere. Lehengo batean, taberna kuttunean —aupa Laidak!— saioan ari nintzen piercing-dun sudur baten jabearekin, eta guztia nahiko ondo bideratuta zihoala iruditzen ari zitzaidan. Ez dakit zer egitea “alutik” ez zitzaiola irteten bota zuen halako batean, eta nire berotasunak pare bat segundo hamarren behar izan zituen itzaltzeko. Bere begi berdeak eta gorputz estu eta sexia ikusezin bihurtu ziren, eta ez dakit zein aitzakia baldar baliatuta, hanka egin nuen handik.

Deal-breaker-ak printzipioak baino askoz interesgarriagoak dira. Haien mantenuak ez du koherentziarik eskatzen, eta izan daitezke zentzugabeak eta iraingarriak. Ni oso gustura nago, oro har, nireekin, mila jarrera onartezin zuritu ditzakedalako “badakit huskeria dela, baina bulkada geldiezina eragiten dit betitik, nahi banuke ere ezingo nuke saihestu, pikutara dena” esanda. Nazkante konpletoa izateko beste modu berri eta moderno bat erakutsi dizudalakoan, agur, irakurle.

Leave a Reply

Your email address will not be published.