Krisiaren ondorioz kontsumoan izandako beherakadari aurre egitea eta herritarrei Eskoriatzan inbertitzeko abantailak eskaintzea dira axtroki monetarekin lortu beharreko helburuak. Udala izan da horren bultzatzaile nagusia, eta Beñat Herce alkateak (Eskoriatza, 1981) “epe luzerako estrategia” martxan jarri dutela azaldu du.
Nondik nora sortu zen tokiko monetaren beharra?
Eskoriatza ez da izan merkataritza indartsua duen herri bat eta genuena mantentzeko ere nahiko lan geneukan. Gainera, adinean gora doan populazioa dugu, eta ondorioz, gertukoak eta kalitatezkoak diren zerbitzuak behar ditugu herrian. Merkatal establezimenduak behar ditugu eta badauzkagu, baina orain arte ez zegoen inolako merkataritza elkarterik. Egoera ekonomikoa bera zein kontsumoaren beherakada ikusita, 2012 erdialdera, udaletik proposamena luzatu genien hainbat merkatariri euren artean biltzen hasteko. Gehienbat, bakarrik edo independenteki arituta baino elkarrekin emaitza hobeak lortuko zituztela uste genuelako. Tarteka biltzen ziren, baina ez zeuden formalki antolatuta. Lehen helburua, merkatari elkartea bera eratzea zen, eta horrekin batera, udalaren eta merkatari elkartearen artean Eskoriatzako merkataritza sustatzeko ekintzak antolatzea. Hortik sortu zen Axtroki merkatari elkartea.
Elkarlanaren ondorio da, beraz, tokiko moneta?
Foro horretan identifikatutako hainbat ekintzaren artean, udaleko ordezkarioi otu zitzaigun Eskoriatzako merkataritza indartzeko modurik egokiena herritarrak bertan erosketak egitera bultzatzea zela. Hainbat alditan hitz egin genuen kontzientziatze eta publizitate kanpainez, baina apur bat harago jo beharra zegoela uste genuen egiazko efektu bat lortzeko.
Nortzuk hartu duzue parte prozesu horretan?
Merkatari elkartea sortu ostean bertan eratutako talde motorrak, udaleko teknikari batek eta nik neuk.
Beste nonbaiteko ereduren batean oinarritu zarete?
Nik ezagutzen nituen moneta sozialen adibide batzuk, euskoaren kontua ere garai horretan martxan hasia zen… Bonu sistema bat ezartzea pentsatzen hasi ginen lehenik, baina zaila ikusten genuen bonuekin Eskoriatzan etengabe martxan egongo zen diru zirkulazioa abian jartzea. Izan ere, bonuek epe jakinerako probetxua dute, behin erabiltzen dira eta kito. Guk, ordea, epe luzerako zirkulazioa jarri nahi genuen martxan, eta horretarako sistema egokiaren bila genbiltzan, bertako txanpon edo moneta bat sortu behar genuen. Hainbat adibide aztertu genituen, baina ez genuen egokirik topatzen, ezagutzen genituenen artean udalek ez zutelako parte hartzerik izan. Gure kasuan, udala administrazio gisa partaide aktiboa izateak, hainbat prozedura jarraitzera eta hainbat lege betetzera behartzen gintuen, eta ez genuen asmatzen. Baina azkenean, lortu genuen tokiko monetaren diseinua egitea eta asmatu dugu.
Axtroki deitu diozue diruari.
VII. mendeko urrezko kaiku batzuk ziren axtrokiak, Eskoriatzan agertutakoak eta gaur egun Madrilen daudenak. Guretzako oso ezagunak dira, herritarrek garai batean trukerako baliatzen zituztelako; eta herrian bertan aipaturiko zirkulazioa martxan jartzeko guk ere trukerako elementu bat behar genuen.
Zein balio dute?
Euroaren baliokideak dira, baina zenbaki osoak soilik atera ditugu, euro bateko, bosteko eta hamarreko balioa duten billeteak. Zentimorik ez dugu atera, baina horretarako euroak baliatzea pentsatu dugu. Demagun axtroki eta erdiko erosketa bat egiten dugula eta hamar axtrokiko billetearekin ordaintzen dugula, ba dendariak zortzi axtroki eta 50 euro zentimo itzuli beharko lizkiguke.
Herritarren parte hartzea ere sustatu duzue.
Hori da, lehenik eta behin, sortu berria zen Axtroki merkatari elkartearentzako irudia behar genuen, existitzen zela irudikatu nahi genuen, eta bide batez, Axtrokiko kide diren merkatal guneak identifikatzeko irudia nahi genuen. Horretarako egin genuen logotipo lehiaketa eta Matilde Aizpuruak irabazi zuen, saria axtrokitan eman genion. Horrez gain, merkatari elkarteak Gabonetako kanpaina bat ere egin zuen eta zozketa bidez mila axtrokiko eta ehun axtrokiko sari bana ere banatu zituen.
Udalak ere hobari fiskalak axtrokitan ematea onartua du, nola funtzionatzen du horrek?
Bagenekien gure ordenantza fiskala hainbat politika aurrera eramateko tresna bat dela. Kontua da, berez, hobariek kobratu beharreko kuotaren beherapena esan nahi dutela, hau da, herritar bati hobaria aplikatu behar zaion kasuan, kuota osoa kobratu ordez zati bat kobratzen zaio. Mekanismo horrekin ez genuen axtrokirik zirkulazioan jartzen, ondorioz, sistema aldatu eta hobariak diru laguntza bihurtu ditugu, garapen soziala eta garapen jasangarria bultzatzen dituzten arloei dagokienean. Hala, garapen sozialean, familia ugariko herritarrei, ezgaitasunak dituztenei, ikasleei, erretiratuei… kobratu beharreko zergak osotasunean kobratzen zaizkie eta hobariengatik izango luketen beherapenaren kopurua diru laguntza gisa itzultzen zaie axtrokitan. Gauza bera egiten dugu ingurumenarekiko jasangarriak diren ondasun higiezin nahiz higigarriak dituzten edo jarrera jasangarria duten herritarrekin. Modu honetan, hobariak jasotzen dituzten herritarrek dirua Eskoriatzan bertan inbertituko dutela ziurtatzen dugu.
Eredu ekonomiko oso baten bueltako kontua da, beraz?
Bai, gure asmoa, modu integralean tokiko garapena sustatzea da. Bi helburu aldi berean lortzen ditugu: batetik, herritar batzuei udalak hala erabakita laguntza eskaintzen diegu; eta, bestetik, tokiko garapen ekonomikoa sustatzen dugu, ikuspegi sozialetik eta modu jasangarrian.
Zein dira axtrokiak euroarekin alderatua dituen onurak?
Alde positiboa da zirkulazioan egongo den dirua etengabe Eskoriatzan inbertituko dela. Udalak 12.000 eta 15.000 axtroki artean jarriko ditu mugimenduan diru laguntza eta sarien bitartez, eta horiei, merkatari elkarteak jarriko dituenak gehitu behar zaizkie. Horrez gain, herritarrei abantailak ere eskaini nahi dizkiegu. Udalak berak orain artekoak baino laguntza handixeagoak bideratuko dituelako, baina merkatariek ere axtrokitan erosten duten kontsumitzaileei abantailak eskaini behar dizkietelako.
Leave a Reply