“Jende asko ezagutzen duzu; oso lanbide interesgarria da”

Baserriz baserri, albaitari lanean aritzen da Pello Etxebeste duela 26 urtetik (Pasaia, 1961). Jaiotzez Pasai Donibanekoa bada ere, Tolosan bizi da hainbat urtez. Bere senitarteko baten bideari jarraituz ekin zion ogibideari. “Nire koinatuarekin probatu nuen lanbidea, eta gustuko nuela ikusi nuen”, azaldu du pasaitarrak. “Jende asko ezagutzen duzu; oso lanbide interesgarria da”.

Albaitari izateko beharrezko ikasketak egin zituen Etxebestek, eta, ondoren, hainbat ikastaro ere egin ditu: intseminazioa, elikadura, erreprodukzioa, ekografia… Pasaitarrak azaldu duenez, “garai batean, inguruan lau fakultate soilik zeuden albaitari ikasketak egiteko: Zaragozan, Madrilen, Leonen eta Kordoban”. Gaur egun, ordea, “hamar edo hamabi unibertsitatetan” egin daitezke albaitari ikasketak. “Gure lanean, oso garrantzitsua da ikasketez gain esperientzia handia izatea”.

Gaur egun, baserriz baserri aritzen da animaliekin lanean. Gehienbat behiekin eta ardiekin aritzen dela azaldu du, eta normalean bi eta hamar behi artean dituzten baserrietara joaten dela.

“Albaitariak oso idealistak gara; mendian eta leku irekietan ibiltzea gustatzen zaigu”. Garai batean lanean hasteko bi aukera zituela esan du: bulego batean sartu ala lanera kalera irten. Hori horrela, lan polita iruditu zitzaion baserrietan animaliekin lanean hastea: “Bulego batean sartzea oso lan grisa iruditzen zitzaidan, eta, azken finean, mendira irtetea eta koloreak ikustea da nire nortasunarekin bat datorrena”. Horrez gain, baserritarrek besoak zabalik hartzen dutela eta lanera oso erraz joaten dela azaldu du: “Baserritarrek gure zerbitzua behar dutelako joaten gara lanera; beraz, oso garrantzitsua da gure lana ongi egitea eta bezeroak gustura geratu direla jakitea”. Gainera, Etxebestek esan duenez, asko dabiltza ofizio horretan, baina baserritarrek ez dituzte nahi izaten albaitari berriak, ezagunekin ibili nahi izaten baitute beti: “Baserritarren munduan sartzea ez da erraza; haiek ongi ezagutu behar zaituzte, eta, gainera, nahiago izaten dute ezagun bat joatea albaitari berri bat baino. Konfiantza oso garrantzitsua da, gaur egun oso garrantzizkoa baita pertsona batengandik zer espero duzun jakitea”. Dena dela, foru aldundiko kanpainak jendea ezagutzeko erraztasunak ematen dituela azaldu du.

Ohiko zereginak

Albaitariak hainbat zeregin izaten ditu bere lanean: ugalketez, antzutasunaz, eguneroko gaitzez eta beste hainbat kontuz arduratzen da bere egunerokoan. Horrez gain, haziak jartzen eta behiei susaldia eragiten ere aritzen da: “Batzuetan, behiei susaldia eragin behar izaten diegu, neguan gehiago udan baino”. Baina Etxebestek azaldu du baserritarrek gehienbat haziak jartzeko eskatzeko edo larrialdiak dituztelako deitzen diotela. Gipuzkoan, 22 albaitari aritzen dira guztira baserriz baserri lanean.

Ganaduen salerosketak aldaketak izan ditu albaitariaren arabera. Ganaduen mugimenduak jaiotzen direnetik hiltzen direnera arte kontrolatzen dituzte: “Duela urtebete inguru, ganadua saldu edo erosteko kanpaina bat egin behar izaten zen, animaliak ongi zeudela bermatzeko. Gaur egun, ordea, saltzen denean bakarrik egin behar izaten da hori”.

Ofizioak hala eskatuta, autoa hartu, eta batera eta bestera ibiltzen da Etxebeste: “Hainbat leku eta paraje ezagutzeko aukera eman dit ofizio honek”. Hala ere, gehienbat Gipuzkoako baserrietan ibiltzen da: “Inguruan ibiltzen gara gehien; izan ere, gure tarifak oso baxuak dira, eta askotan ez da errentagarria izaten urrutira joatea”. Albaitarien lana “berezia” da: “Askotariko pertsonak eta mendiak ezagutzen dituzu, eta hori luxu handia da niretzat”. Baina albaitarien lanak ere baditu hain atseginak ez diren alderdiak ere, ordu jakinik gabe lan egiten baitute: “Edozein unetan deitu dezakete larrialdi bat dutela-eta, eta, orduan, dena utzi, eta berehala joan behar duzu”. Goizeko ordu txikietan deituta ere, albaitariek prest egon behar dute baserrietara joateko: “Azken finean, gustura joaten zara; onartu egiten duzu zure lana horrelakoa dela. Gainera, baserritar batek ordu txikietan deituz gero, behar-beharrezkoa duelako izaten da, egoera oso larria delako. Gure zerbitzua beharrezkoa ez badute, ez digute ordu horietan deitzen”. Batzuetan, goizean goiz deitu eta baserrirantz abiatzeko autoan sartu izan denean, baserritarrek berriz deitu, eta arazoa konpondu dutela eta ez joateko esan izan diote Etxebesteri. Hori ere albaitarien ofizioko alderdi desatseginaren barruan sartzen da, baina gauzak horrela gertatzen direla eta ulertu egin behar direla dio albaitariak.

Oporretara joateko ere aukera gutxi izaten dute: “Oso gogorra da; iaz astebete bakarrik hartu nuen oporretara joateko, eta lanean nabilen 26 urteetan ez dut hartu hamabi egun baino gehiagoko oporrik urtean. Gainera, oporretatik itzultzen zarenean kontzientziako karga izaten duzu, baserrietako animaliak nola egongo diren pentsatzen baituzu”.

Baserria aldatu egin da garai batetik hona. Orain, animalia gutxiago izaten da baserrietan. Gutxi dira ganadutik edo esnetik bizi diren baserritarrak. Aldaketa horrek bere ofizioan eraginik izan ote duen galdetutakoan, hau dio albaitariak: “Asko nabaritu da krisia, batez ere, azken bi urteotan. Eta zein da horren faktore nagusia? Animalien hazkuntzarako kostuak ikaragarri igo direla, pentsuaren kostua, batez ere. Baina animaliak ematen duen produktuen prezioa mantendu egin da, bai esnearena eta baita haragiarena ere”. Horrek egoera larritu duela azaldu du Etxebestek: “Sektore hau krisi handian dago, eta oso zaila da hemendik irtetea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.