Pasa den ostiralean, hilak 7, dei larri bat egin zuten Irutxuloko Hitza-ko langileek: azken urte eta erdian hiru langileren murrizketa egin dutela eta, urtarriletik aurrera, lanean geratzen diren sei langileetako bakoitzak hileko 200 euro gutxiago jasoko dituela adierazi dute. Herritarron laguntzarik jaso ezean pertsiana itxiko dutela diote. Ez luke zaila izan behar eskatutako laguntza jasotzeak, Donostiako euskaldunon euskararekiko eta Euskal Herriarekiko konpromisoa aktibatuko balitz.
Euskal Herriaren historian herritik sortu dira hainbat proiektu; herriak sustatu eta mantendu ditu bere kontzientziak horrela agintzen ziolako, guztiz kontrako ahaleginetan etengabe aritu direnei aurre egiteko asmoz.
Niretzat oso berri ona izan zen Donostian euskara hutsean egindako bertako hedabide bat sortu zela jakitea. Donostiako euskaldunok behar eta merezi dugun proiektu bat da. Denok egin beharko genuke ahalegin bat proiektu hori pikutara joan ez dadin.
Nik izan ditudan harremanetatik ondoriozta dezakedana zera da: lantalde profesional batekin egin dudala topo hasieratik. Horrelako asko ditugu gure artean; dudarik ez dut. Eta ez dira langileak kaleratu eta soldata murriztu beharrean dauden lehenengoak ezta azkenak ere izango, zoritxarrez.
Nirea Donostian euskararekiko kontzientzia aktibatzeko dei bat da, beraienarekin bat egin nahi duena. Euskal Herri osoan hedatutako proiektua da Hitza-rena, eta herren geratuko litzateke Donostiako alerik gabe.
Gaur arte harpideduna izan naiz; bihartik aurrera, sustatzaile ere izango naiz. Harpidetza egiteak 77 euro balio du urtean, eta sustatzaile izateak, 30 euro. Gure hizkuntzak merezi du. Erakundeetatik heltzen den laguntza motza bada, datorrela herritik.
Herri honek badu ohitura zoragarri bat: gure lurraldeko edozein zokotan kinka larrian daudenean, harantz bideratzea gure laguntza. Beraz, nire eskaera ez diet donostiar euskaldunei soilik egin nahi; Donostian Hitza mantentzea Euskal Herri osoarentzat izango da mesedegarri. Astindu kontzientzia, harpidetu, sustatu edo bi gauzak egin!
Azkenik, nire zorion eta animo beroenak Irutxuloko Hitza-ko lantaldeari.
Leave a Reply