Zaborra zena sormen bihurtuta

Paloma San Basilio etxeko sukaldean sartuta ikustea ez da hain arraroa, edo tronboi eta tronpetak diru-zorroan sartuta eramatea. Ez behintzat Emaus Gizarte Fundazioaren Corte Verde markak sortutako Sindesperdicio egitasmoa martxan denetik.

Proiektuaren izenak dioen moduan, ongi aprobetxatzea da asmoa, hondakinak ez sortzea. Hain justu, hondakintzat hartzen ez diren horiei, errefusa direnei, bizi berri bat ematen diete; are gehiago, artelan ere bihurtzen dituztela esan daiteke. Baina nola, zer… egiten duten galdetuko du batek baino gehiagok. Horren berri Oihana Agirre Emauseko Ekonomia solidario saileko zuzendariak eman dio Gipuzkoako Hitza-ri: “Sindesperdicio-koak bihotzez egindako poltsak eta osagarriak dira”.

Poltsa eta osagarri horien lehengaiak edo oinarria faroletan, eraikinetan eta beste hainbat tokitan jartzen dituzten PVC materialez egindako oihal moduko horiek dira. “Olana horietan normalean publizitatea joaten da, baina kamioiek ere izaten dute, eta hauteskunde kanpainan ere asko erabiltzen dira”, azaldu du Agirrek.

Euren publizitate funtzioa bukatzean, lur azpira joan beharrean, hartu eta produktu berriak egiten dituzte Emausekoek. Lehenik eta behin, ondo dauden olanak —gaizki daudenak ezin baitira aprobetxatu— garbitu eta patroi batzuk hartuta, olan horiek mozteari ekiten diote. Ahalik eta zati gehienak aprobetxatzen ahalegintzen dira: “Diseinu esklusiboak direla esaten dugu, sekula ez baitira bi igualak ateratzen”.

Alternatiba soziala

“Hautabide ekologiko bat izateaz gain, gizarte hautabide bat ere bada”, kontatu du Ekonomia saileko zuzendariak: “Izan ere, lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei, batik bat emakumeei, lana ematen diete, eta diru sarrera guztiak horretara bideratzen dira”.

Oraintxe, bi emakume daude Sindesperdicio egitasmoan, eta haiekin batera, Jone Barkero. Gai horretan prestakuntza duen pertsona da Barkero, eta diseinuak eta patroiak ateratzeaz arduratzen da. Gizonak aritu izan badira ere, gehienak emakumeak dira, emakume jostunak. “Dena den, jostunak izan arren, gauza berri bat ikasten dute, honek ez duelako arropa jostearekin zerikusirik. Makinak desberdinak dira, eta baita teknika ere”, esan du Agirrek.

Gutxienez urtebete eta gehienez hiru urtez egoten dira pertsona horiek Sindesperdicio programan, enpresen gizarteratze legearen arabera. “Hori da txarrena, jendea prestatu egiten duzu, ikasi egiten dute, eta gero joan egin behar dute”, azaldu du Agirrek. Prestakuntza hori Arrasaten egiten dute, han tailer bat baitute Emauseko dendarekin batera.

Hasiera zaila izan zela aitortu du Agirrek: “Konkurrentzia Bartzelonan dugu, baina, eurekin alderatuta gurea merkeagoa den arren, Euskal Herrian kosta egin zaigu produktu hauek sartzea, baina pixkanaka lortu dugu. Esperientziarekin ikasi egin dugu, eta orain produktu hobeak egiten ditugu”.

Iaz hausnarketa saio batzuk egin zituzten, eta, horien ondorioz, produktuen katalogoa murriztu egin dute, eta “kalitateari leku gehiago eman diote”. Web orria ere berritu egin dute, eta handik eros daitezke produktuak. Katalogoan dauden poltsa, diru zorro eta bestelakoez aparte, erosleek euren diseinua erabaki dezakete. Diseinua ere proposa dezake erosleak, kasu horretan Barkero arduratuko litzateke patroia ateratzeaz.

Web orriaren bidez erosteaz gain, Arrasateko Emausen ere salgai dituzte Sindesperdicioko produktuak. “Baina aparte doaz. Gipuzkoako beste Emausetan, esaterako, ez ditugu saltzen. Jendea nahastu egiten da, bigarren eskuko gauzak saltzen ditugu Emauseko dendetan, merkeak, eta Sindesperdicio produktuak leku berean saltzea ez zaigu egokia iruditzen. Erosle desberdinak dira batekoak eta bestekoak”, azaldu du Agirrek.

Materiala lortzea

Olanak lortzeko zenbaitetan zailtasunak dituztela kontatu du, erosleak eduki bai baina materialik ez zuteneko garaiak ere izan dituzte. Donostiako Udalarekin hitzarmena dute, eta komertziala hara eta hona deika ibiltzen da. Hauteskunde garaietan horrelako olanak ugariak badira ere, esan du horiek ezin dituztela erabili kasu jakin batzuetan ez bada.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.sindesperdicio.es

Leave a Reply

Your email address will not be published.